[222 esaldi] Txillardegi

2025-01-13 222 esaldi

“Saiakeraren bidez ipuinetatik egiara igarotzen gara, nahikundetik nahira, malkoetatik ekintzara, atzotik biharrera. Urrats hori eman duen hizkuntzak bere burua salbatzeko bidean jarri du. Herri horrek bizitzea erabaki du.”

Alvarez Enparantza, JL, Txillardegi. 1970. ‘Saiakera eta hizkuntzen pizkundea‘, Jakin Sorta 2, 55-64.

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, hizkuntzalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929-2012). ’56ko berpizkundea’ dei dezakegun garaiko seme eta eragilea izan zen, eta euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan, eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan zen Euskal Herrian, politikaren nahiz kulturaren esparruan. Horretaz gain, interes-mundu zabala izan zuen Txillardegik, hasi musika klasikotik eta astronomiaraino. Haren obran ondo islatzen da donostiarrak izan zuen eragina eta egin zuen ekarpen intelektuala; eta osorik dago eskuragarri Digitalizazioa atalean.

Liburuxkako esaldia Jakin Sortaren bigarren zenbakian argitaratu zen, nahiz eta 1966an jada idatzita eduki. Aldizkariaren 1969ko debekuaren ostean argitaratutako monografiak ziren Sortak, eta bigarrenak Salbatore Mitxelenari buruzko lanak zekartzan. Txillardegik Mitxelenaren ekarpena balioetsi nahi du artikuluan, saiakeragintzak beste bide bat irekitzen diolakoan kultur komunitateari. Literatura, bereziki poemagintza, erromantikoari iraganerako ihesa ikusten dion bitartean (haren balioa eta ederra ukatu gabe, hala ere), saiakeraren bitartez hizkuntza gizartearen mintzabide eguneratu bihurtzeko bidean jartzen dela esango du. Etxera ekarrita: penak euskaraz kantatu eta auziak gaztelaniaz pentsatu beharrean, euskara eztabaidarako eta pentsamendurako ere gaitzea, alegia.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen erosi dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan