[222 esaldi] Petra Elser

2026-09-10 222 esaldi

«Hutsune handi bat dago migrazioa eta euskara ezkonduko dituen eremuan. Momentuz, euskalgintzaren argazkia zuria da eta euskara planetaren argazkia are zuriagoa».

Elser, Petra (2017): ‘Iruditeria kolektiboaren beharra’, Jakin 221-222, 135-140.

Petra Elser (Frankfurt, 1963). Alemanian jaioa, Europako hainbat herrialde eta hizkuntzatan bizi izan da. Egun, Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria da; elkarte hori 2009an sortu zen, euskararen eta migrazioaren esparruetan lan egiteko. Hasiera-hasieratik, Banaiz Bagarak ekarpen garrantzitsuak egin ditu hizkuntzari eta aniztasunari buruzko berrikuntza metodologikoan eta gizarte eztabaidan. Horrez gain, euskaratik alemanerako literatur itzultzailea da.

2017ko Jakin Jardunaldian ahoz gora pentsatutakoa biltzen du paperean Jakin aldizkariaren 221-222. zenbaki bikoitzak. Euskara, generoa, klasea eta jatorria gurutzatzen diren lekua izenburupean egin genuen jardunaldia, eta, ohi bezala, UEU eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean antolatu genuen (hitzaldi guztiak ikusgai daude gure webgunean). Hala, 221-222. zenbakian, hizkuntza, genero, klase eta jatorriaren elkar harilkatze, lotze, nahaste eta gurutzatzeak aztertzen dituzte 11 lagunek, elkarguneko feminismoaren pentsamendu eta praktika lerrotik abiatuta. Gogoeta horien artean aurkitzen da Petra Elserren ‘Iruditeria kolektiboaren beharra’ artikulua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua.

Alemaniatik Euskal Herrirako etorreraren kontakizuna egiten du Elserrek testuan: familia eta lan egoera uztartzearen zailtasunak edo euskaldunen komunitatean sartzeko zailtasunak nabarmentzen ditu, besteak beste, eta horren ondorioz sortu duen Banaiz Bagara elkarteaz hitz egiten du. Bere esperientziatik, orobat, euskaldun guztiok partekatuko dugun iruditeria kolektiboaren beharraz egiten da gogoeta.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan