2026-10-30 222 esaldi
«Euskarazko aldizkariak, Durangoko Azoka euskal kantagintza, bertsolariak, idazleak, euskaltegiak, euskararen aldeko taldeak… Horiek guztiek euskal kulturaren eta euskararen aldeko partekatutako identitatea eraiki zuten, egunkariaren aldeko ekintza kolektiboa aktibatzeko».
Juaristi, Patxi (2015): ‘Egunkaria: gizarte zibil euskaltzalearen arrakasta‘, Jakin 210, 79-92.
Patxi Juaristi Larrinaga (Markina-Xemein, 1967). Soziologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. 1993tik EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea da. Euskal kulturari buruz, euskaldunon balioei, euskarari eta orokorrean hizkuntzei buruzko hainbat ikerketa, artikulu eta liburu argitaratu ditu, baita Gerra Zibilari loturiko hainbat ere. 2000ko Euskaltzaindiaren Mikel Zarate saiakera saria irabazi zuen (Euskal Herria globalizazioaren aurrean, BBK-Euskaltzaindia, 2001), eta 2009ko Arabako Foru Aldundiaren Becerro de Bengoa saiakera saria (Maiatzeko artoaren ardura eta bost seme-alaba dauzkana ez dago musika bila, Arabako Foru Aldundia, 2010).
Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete ziren 2015ean, eta urteurren hori du oinarri Jakin aldizkariaren 210. zenbakiak. Egunkariaren historia eta ekarpena aztertzen dute bost lagunek bertan: nola sortu zen, zertarako, eta zer ekarpen egin zion hiztun komunitateari, euskararen normalizazioari, herrigintzaren ekimenari eta ordura arteko hedabideen mapari.
Artikulu horien artean dago Patxi Juaristiren ‘Egunkaria: gizarte zibil euskaltzalearen arrakasta‘ testua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua. 1960ko hamarkadatik aurrera sortuz joan zen gizarte zibil euskaltzalearen berezitasunak eta bilakaera aztertzen ditu Juaristik, Egunkariaren sorreraren testuinguruan jarri eta hobeto ulertzeko helburuarekin. Horiek horrela, soziologoak errepaso luzea egiten dio gizarte zibilaren ekimenari 60ko hamarkadan hasi eta Egunkariaren sorrera arte. Euskarazko egunkari baten aldeko lehen bilera egin eta hamahiru hilabetera kalean zegoen Egunkaria. Halako balentriaren arrazoiak hiru direla iritzi dio: aurreko hamarkadetan «euskararen aldeko partekatutako identitatea eraiki» izana, Egunkariaren egitasmoa baterakoia eta zabala eta Egunkaria Sortzen taldea anitza eta prestigioduna izatea, eta, azkenik, herritarrek egin zuten lan eskerga.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.