2025-06-13 222 esaldi

«Liburu-denda kuttuna ixten dutenean sentitzen den huts hori ez dute La Casa del Librori eta Fnaci lapurtutako liburuek betetzen.»
Arana, Oihana (2023): ‘Euskal kultura 2023’, Jakin 259, 51-56.
Oihana Arana (Eskoriatza, 2001) idazlea eta bertsolaria da. Gizarte Antropologia ikasi zuen EHUn. Bertso-munduan ibilbide goiztiarra izan du, Gipuzkoako eskolarteko txapelketa irabazi zuen birritan, eta gero ere hainbat sariketatan jarraitu izan du. Abesetu ez ezik, sariketak sortzen ere aritu izan da, Señora sariketa kasu. Horrekin batera, idazle lanetan ere aritu izan da. 2020an argitaratu zuen Portuak eleberria eta hurrengo urtean etorri zen bere lehen Lazunak azkazaletan poema liburua. Erre eta Azken oturuntza ikuskizunak ere sortu eta plazaratu izan ditu, taldean. Berezkoa Ta Naturala podcasteko hizlarietako bat ere izan zen, 2022an.
Euskal kulturaren urteroko errepasoa zekarren Jakinen 259. zenbakiak. Horren baitan, Aranaren aipua literaturatik 2023ari begira jarrita idatzi zuen testuan dator. ‘Liburuak eta loreak’ izeneko atalean Donostiaren bilakaeraz egiten du gogoeta, hiriaren paisaia aldakorrak eta kulturari eman zaion esanahiak sortzen dituen paradoxez. Zinemari, sukaldaritzari eta liburuei ere erakusleiho eta salmenta-puntu handi distiratsuak irekitzen zaizkion hirian, Lagun eta Tobacco Days liburu-denda literarioen itxieraz penatzen da. Eta gogoratzen digu literatura, eta kultura oro har, transakzio ekonomikoa baino gehiago izan daitekeela; baldin eta kulturak, diruaren joan-etorriez gain, elkarguneak sortzen dituela ikusten badugu.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.