2026-07-16 222 esaldi
«Herrigintza ez da bakarrik Euskal Herriari buruzko gai politikoak tratatzea. Herrigintza da ere Euskal Herriari gorputza ematea. Ez da herri bera lurrari eta lurraldeari lotua den laborantzak egiten duen herria edo industrializatua eta artifizializatua den laborantzak egiten duen herria».
Berrokoirigoin, Mixel (2015): ‘Laborantza, sindikalgintza, herrigintza: Iparraldeko esperientzia’, Jakin 206, 89-101.
Mixel Berrokoirigoin (Gamarte, 1952-2021). Lehen militante urratsak Euskaldun Gazterian eta frantziar nekazaritza sindikatu bakarrean egin ondoren, 1982an ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatu berriaren sorreran parte hartu zuen. ELBren bozeramaile izan zen, eta hamar bat urtez Departamenduko laborantza ganberan hautetsi. Frantziako Confédération Paysanne sindikatuko Komite Nazionaleko kide eta lau urtez idazkari nagusi izan zen. Gero, ekonomialari eta zientzialari batzuekin lan egin zuen laborantza iraunkorraren sailan eta Europako nekazaritza politiketan. 2005ean Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu zuten, eta lehendakaria izan da 2015eko otsaila arte. Hainbat artikulu idatzi ditu, batez ere prentsa sindikalean eta Enbata-n.
2015ean argitaratutako Jakin 206 zenbakitik ateratakoa da liburuxkako esaldia. Zenbaki horrek, gai nagusi gisa, Kepa Enbeitaren historia bizia dakar, eta, elkarrizketa osatzeko, Enbeitaren ibilbideko alor batzuk jorratu dituzte Manex Agirrek (Arabako euskalgintza) eta Mixel Berrokoirigoinek (laborantza, sindikalgintza eta herrigintza Iparraldean). Horiek horrela, Ipar Euskal Herriko nekazaritza sindikalgintzaren esparruan azken hamarkadetan izandako esperientzia azaltzen du Berrokoirigoinek, ibilbide horretan erreferentzia izan diren ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren nondik norakoak oinarri hartuta. Laborantza eta sindikalgintza eredu bat ez ezik, herrigintza ulertzeko berezko ildo bat ere taxutu du esperientzia horrek.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.