2025-11-03 222 esaldi
«Euskara batuari esker elkar ulertzeko gai ez bagina, batek daki zein litzatekeen egun euskararen osasun egoera erdaren presentzia basatiaren aurrean».
Narbaiza, Miren (2018). ‘Plaza aberats bat’, Jakin 225, 83-84
Miren Narbaiza (Eibar, 1986) euskal abeslaria da. 2017 arte Napoka Iria bikoteko partaide izan zen, eta ordutik bakarlari ari da Mice ezizenarekin. Emakumeen ikusgaitasuna sustatzeko sorturiko Euskal Herriko emakume musikarien sarean parte hartzen du. Horrez gain, beste sei emakume musikarirekin batera Musikari elkarteko zuzendaritzako kide da. Kazetaria da ikasketaz. Jakinen hainbat ekimenetan hartu du parte, tartean, Lokatza podcastean.
2018ko Jakin 225 zenbakitik ateratakoa da liburuxkako esaldia. Euskara batuaren 50. urteurrenaren harira ondu zen zenbakia, eta haren ekarpenak eta erronkak biltzen dira bertan, baita euskalgintza eta kulturgintzako hainbat lagunen iritzia ere. Iritzi horien artean dago Miren Narbaizaren Plaza aberats bat artikulua, eta euskara batua herriko plazarekin alderatzen du bertan: «Plazan arauak adostuak daude, kalera irtetean kode batzuen arabera bizi gara eta horien arabera egiten da posible elkarbizitza». Etorkizuneko erronkak zehazten ez dakien arren, Narbaizak argi du hizkuntza batek jakin behar duela bizi dituen garaietara egokitzen, hizkuntza bizi eta garaikidea izaten; inondik ere ez atzerakoia eta baztertzailea. «Ahal den neurrian hiztunok elkarrengandik hurbilago sentitu gaitezen eta gureago edo, are, gurea senti dezagun».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
