[222 esaldi] Mario Zubiaga

2025-03-31 222 esaldi

«Erantzunak ez dira inoiz teknologikoak, izan biomedikoak, izan ekonomikoak. Ideologikoak dira beti.»

Zubiaga Garate, Mario (2020): ‘Politika biluzik birusaren garaian‘, Jakin 239, 13-32.

Mario Zubiaga Garate (Tolosa, 1963) Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia politikoetan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakaslea da, eta ‘Subiranotasuna Europako herrietan’ masterreko zuzendaritza taldekidea. EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko eta EMAN Prestakuntza eta Ikerketa Unitateko kidea da. Hainbat argitalpen ditu, eta bere ikerketa lerro nagusiak honako hauek dira: prozesu demokratizatzaileak, herritarren parte hartzea, gizarte mugimenduak, estatugintza eta naziogintza, erabakitzeko eskubidea eta euskal lurraldetasuna. Gure Esku ekimeneko kidea da, eta EH Bilduko senataria 2023az geroztik.

COVID-19aren pandemia beteko zenbakian argitaratu zuen Zubiagak esaldia dakarren artikulua. Birusaren hedapenaren osteko salbuespen egoeran, krisi sistemikoa ageri-agerian, Zubiagak etor litezkeen erantzunak aletzen ditu; baita erantzuna zeri eman beharrean egokitu ginen zehaztu ere. Alegia, erantzuna ez zela birusari bakarrik ematekoa, ezpada bereziki hark biluztu zuen sistemaren ahultasunari baizik. Eta proposatutako erantzunek beti gordetzen zuela ideologiaren bat atzean: izan nihilista pasiboa (eremitikoa edo hedonista), izan nihilista aktiboa, ikuspegi apokaliptikoari men egin eta komunitate idealizatua berrindartu nahi duena, erlijioan, nazioan edo beste subjekturen batean absolutuki oinarrituz; edo komunitario baikorra, ‘gu’-a (t)artekotasunean sortzen dela defendatzen duena, praxi kolektibo lekutuaren bitartez mundua aldatzeko/hobetzeko ahalegin etengabea dagiena, elkarrekin ekiten duena. Zubiagak azken bide horren alde egiten du, eta bide hori zertan mamitzen duen xehetu. Ez dira gogorapen txarrak, birusaren krisitik militarrera goazen garaiotarako ere.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan