[222 esaldi] Lore Lujanbio

2025-01-20 222 esaldi

“Dominazio sistemak eta botere mekanismoak historizatzea esentzializazioaren aurkako arma eraginkorra da.”

Lujanbio Etxeberria, Lore. 2022. ‘Zaintza eta gobernamentalitate neoliberala‘, Jakin 248-249, 61-72.

Lore Lujanbio Etxeberria (Hernani, 1988). Doktorea da Gizartea, Politika, Kultura programan, EHUtik. Unibertsitate berean egin zuen Filosofian gradua eta ‘Gobernantza eta Politika Ikasketak’ masterra ere. Teoria Kritikoa Bilbo-Bartzelona taldeko partaidea da. Bere tesian gaur egun Mendebaldeko gizarteetan emakume zaintzailea(k) eraikitzeko mekanismo nagusiak aztertu zituen eta horiek transformazio makropolitikoekin erlazionatu. Horretaz guztiaz gain, transfeminismoarekin lotutako gaiak ere jorratu izan ditu, besteak beste, Medeak kolektiboan.

Liburuxkako esaldiak auzi sozialei heltzeko jarrera epistemologiko eta politiko bat dakar, Lujanbiok zaintzaren ideiari aplikatzen diona artikuluan. Azken hamarkadetan zaintzaren nozioak izan duen gorakadaren ondorioz, kontzeptuaren inguruko eztabaida feministak indarra hartu duela esango du. Eztabaida horren baitan, eta ‘zaintza’ hitzaren erabilera orokorrean, hura kontzeptu ahistoriko gisa ulertzeko joeraren arriskuak nabarmentzen ditu, eta horrekin hari atxikitako ezaugarriak esentzializatzekoa; gizarte heteropatriarkalen kasuan, hura feminizatzekoa eta dominazio mekanismoak ezkutatzekoa. Hain justu, Lujanbiok bere lanean Mendebaldeko gizarteetan mekanismo historiko konkretu horiek nola operatu duten aztertzen du, XX. mende erdi aldetik aurrera bereziki.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen erosi dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan