2026-02-24 222 esaldi
«Hizkuntza minorizatua normaliza dezakeen estatu mota bakarra hizkuntza horretan funtzionatzen duen estatua da. Euskaraz hezurmamitzen ez den estatuak ezin du euskararen nazioa eraiki».
Odriozola, Joxe Manuel (2019). ‘Formulazio politikoaren bila‘, Jakin 208, 65-76.
Joxe Manuel Odriozola (Altzo, 1948). Autodidakta da. Azken hamarkadetan Udal Euskaltegietako irakaslea izan da. Soziolinguistika lanetatik abiatuta, hizkuntzaren eta nazio-identitatearen arteko harremanak eta munduko hizkuntza minorizatuen esparrua aztertu ditu batik bat. Hainbat artikuluz gain, liburu hauek argitaratu ditu, besteak beste: Hizkuntza, kultura eta gizartea (Euskaltzaindia, 1997), Euskalgintzaren lekukoak (Elkar, 2004), Estatu etnozidaren kontra (Elkar, 2011), Bortxaren kontakizunetik, kontakizunaren bortxara (Txalaparta, 2014), Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar, 2017), Nazio euskaldunaren atarramentua (Herrima, 2022) eta Nazionalismoaren alde eta aurka (Elkar, 2024).
Liburuxkako aipua Jakin 208. zenbakitik dago aterata. Euskara da zenbakiko gai nagusia: euskarak naziogintza eta estatugintza prozesuetan duen lekua, euskalgintza eta abertzaletasuna, euskara eta independentzia, euskalgintzaren diskurtsoak… Bide horretan, nazio-identitatearen sistemaren eta hizkuntzaren arteko harremanaz ari da Odriozola ‘Formulazio politikoaren bila‘ artikuluan. Azaltzen duenez, «estatu batek hizkuntza minoritario bat normaliza dezake bere lurraldean bien arteko botere kidetasuna dagoenean, baina ez hizkuntza minorizatu bat. Eta arrazoia oso sinplea da: ez dago botere kidetasunik bien artean, ez dago elkarrekiko dialektika eraginkorrik». Horiek horrela, euskal estatu eta naziogintzaren eraikuntzan euskararen balioa gutxiesteko saioek «nazio-krisi latza» eragiten dutela argudiatzen du.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
