[222 esaldi] Josu Martinez

2026-05-26 222 esaldi

«Oraindik ere, badira tabuak, ez da xamur zenbait gai tratatzea, eta sinpleki ez da posible zenbait gai tratatzea peaje batzuk ordaindu gabe. Eta oraindik ere, eta hau da garrantzitsuena, urrun gaude euskal gizartearen gehiengoak eroso ikusi eta onartuko duen filma egitetik».

Martinez, Josu (2015). ”Ispilu hautsiaren memoria‘. Jakin 209, 69-82.

Josu Martinez (Bilbo, 1986). Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziaduna da eta Zinemaren teoria, analisi eta dokumentazioa doktorego programa egindakoa, denak Euskal Herriko Unibertsitatean. Zinemagile bezala, lau dokumentalen egilea da: Itsasoaren alaba (2009), Sagarren denbora (2010), Prohibido recordar (2010) eta Barrura begiratzeko leihoak (2012). Gaur egun, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR Ikerketa Taldeko kidea da, eta Gure Sor Lekua filmari buruzko doktorego tesia lantzen ari da. Bere ikergai nagusiak zinema dokumentala eta nortasun kolektiboak dira.

Gatazkaren errelatuari buruzko borroka islatzen duten sei eremu –artea, musika, literatura, zinema, feminismoa eta akademia– aztertzen ditu Jakin 209 zenbakiak, eta gogoeta horien artean dago Josu Martinezen ‘Ispilu hautsiaren memoria‘ artikulua; bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Zinema «sorleku duen jendartearen ispilu eta oihartzun» dela azaltzen du artikuluan, eta «errepresentatzen duen jendartearen ispilu» izateagatik, orain arte, «ispilu hautsi batek bezala» funtzionatu duela; hau da, «irudi osatugabe eta distortsionatuak» itzuli dituela. Baina argi du: «Jendarteak bere zatiketak gainditzen dituenean, gure gatazkaren isla osoa ikusiko dugu pantailan. Elkarri lotutako puskek osatutako irudi betea, baina zaurien pitzadurak agerian dituena».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan