2026-01-09 222 esaldi
«Kolonizazioak pentsamenduak markatu eta baldintzatu ditu luzerako, gogapen neo eta postkolonialak ere bideratuz. Kolonialismoaren ondorioetatik bat da subalternoek ez dutela gehiago pentsamenduak zurkaizteko eredurik, non ez den kolonizatzailearen kulturaren baitan».
Borda, Itxaro (2022): ‘Salbaia naiz eta zer?’, in Xabier Eizagirre eta Ekai Txapartegi (argk.): Moderniaren hastapenak Euskal Herrian. XVI. mendea: Elkanoren ingurune kulturala, Jakin eta EHU. Ur-jauzia bilduma 3, 165-173.
Itxaro Borda (Baiona, 1959). Idazlea da. Herria astekarian hasi zen publikatzen duela kasik mende erdia. Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu zuen, eta ordutik hona Maiatz, Susa, Elkar eta Alberdanian plazaratu ditu nobelak, olerki bildumak eta saioak. Amaia Ezpeldoi detektibe pertsonaiarekiko hainbat nobela beltz sortu ditu. Azken urteetan Euri zitalari esker eleberria (Susa, 2021) eta Itzalen tektonika poema liburua (Susa, 2024) argitaratu ditu. Ipar ala Hego Euskal Herriko kantari askorentzat letrak izkiriatu ditu, eta kronikak ere idazten ditu hainbat euskal hedabidetan. 2021ean euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2022an, oso. 2024ko azarotik euskaltzainburuordea da.
Liburuxkako aipua 2022. urtean Ur-jauzia bilduman argitaratutako Moderniaren hastapenak Euskal Herrian. XVI. mendea: Elkanoren ingurune kulturala liburutik dago aterata. Liburua Juan Sebastian Elkanok gidatutako Victoria ontziak lehen mundu bira egin zuenetik bost mende igaro zirenean argitaratu zen. Gertakari hori oinarri hartuta, XVI. mendeko Euskal Herriko giro sozial, politiko, kultural eta intelektuala aztertzen da bertan, bidaia hark Errenazimentuko mundu ikuskeran eta moderniarako jauzian izandako eragina azpimarratuz. Horrez gain, mundu biraren kontakizun historiografiko klasikoen berrikuspen dekolonialak ere mahaigaineratzen dira.
Itxaro Bordaren Salbaia naiz eta zer? testua aipatutako azken atal horretan kokatzen da; historia, kontakizuna eta transmisioa lantzen diren atalean, hain zuzen. Bostehungarren urtemugaren ospakizunaren harira sortutako polemikak ditu abiapuntu artikuluak: «Eztabaiden artean, kolonialismoarena eta duela bost mende hasi zen globoaren ustiatzearen hasierarena. Europa aberastu zen eta menderatu jendeak, herrialdeak luzerako isilarazi ziren. Hondar hamarkada hauetan isilarazi jende horietako ikerlariak ari dira subalternoei eta zapalduei ahotsa ematen». Horiek horrela, nabarmentzen du «Elkanoren balentriaz gogoratzea egoera berri hori aipatzeko aitzakia» izan daitekeela, eta horixe da Bordak testuan egiten duena. Horrez gain, Elkanoren itzalak gaur egun egiten dizkigun hainbat galdera ere planteatzen ditu.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
