2026-05-13 222 esaldi
«Kazetaritza 1980ko hamarkadan ikasi genuenok lana prentsa idatzian egin nahi genuen, baina ez zen egunkaririk. Guretzat euskarazko egunkari batean lan egitea ez zen helburua, ametsa baizik».
Murua, Imanol (2023). ‘Imanol Murua, ‘Egunero behar genuen’ liburuaz‘. Jakingunea (Jakin.eus). 2023-02-20.
Imanol Murua Uria (Zarautz, 1966). Gizarte komunikazioan doktorea da, ETAren jardun armatuaren bukaerari buruzko doktore-tesiarekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza II saileko irakaslea da. Argia, Euskaldunon Egunkaria, Jakin, Egunero eta Berria-n aritu da kazetari. Besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu: Suetena Belfasten (Susa, 1996; Humberto Unzuetarekin batera), Palestina zauritua (Susa, 1998), Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai (Euskaltzaindia, 2009; Joan Mari Torrealdairekin batera), Loiolako hegiak (Elkar, 2010), Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika (Elkar eta Berria, 2015) eta Egunero behar genuen (Berria, Elkar eta Jakin, 2023). Jakin Taldeko kidea da.
2023an argitaratu zuen Imanol Muruak Aleka bildumako 12. zenbakia: Egunero behar genuen. Egunero-ren kronika da liburua; 2003ko otsaileitik ekainera bitarte katebegi lana osatu zuen egunkariaren kronika, hain zuzen. Euskadi Irratiko kultur leihoko Jakingunean kontatu zituen liburuaren inguruko xehetasunak, eta Jakin beharreko 222 esaldi liburuxkako aipua erreportaje horretatik dago aterata (entzun osorik, hemen: Imanol Murua, ‘Egunero behar genuen’ liburuaz).
Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta Egunero-ren sorrera ditu hizpide Muruak erreportajean, eta, besteren artean, ezin izan ditu aipatu gabe utzi ziurgabetasun eta kezka guztien gainetik jaso zuten laguntza, babesa eta elkartasuna. Horrekin batera, Egunkaria-ren sorreran kazetari gisa parte hartzearen «zortea» nabarmendu du, ikasle garaiko «ametsa» errealitate bihurtu baitzuten.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.