[222 esaldi] Idurre Eskisabel

2026-11-12 222 esaldi

«Herri identitatea bestelako osagaiez bete behar dugu, gure bandera nolakoa nahi dugun marraztu. Demokrazian, eskubideetan eta justizian sakontzea da bidea, gure iruditerian herri existentziaren ikur den Amaiur emakumez, prekarioz eta euskaldunez betetzea».

Eskisabel, Idurre (2015): ‘Amaiur berri baten alde: emakumeena, prekarioena, euskaldunena’, Jakin 208, 107-119.

Idurre Eskisabel Larrañaga (Beasain, 1970). Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da. Egiten ari den doktorego tesian, nazioaren eraikuntza mediatikoa aztertzen ari da, zehazki, telebistako fikzioak eraikuntza horretan duen eragina. Halaber, sexu-genero sistema eta nazio zein hizkuntzaren arteko harremana ikertu du. Kazetaritzan ibilbide luzea du: Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia, Info7 irratia, Goierritarra aldizkaria, Goierri TB… Jakin Taldeko kidea da. 2018an Goseak janak liburua argitaratu zuen (Susa), eta 2019an, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara saiakera, Lorea Agirrerekin batera (Susa). Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia da 2022ko abendutik.

Euskarak naziogintza eta estatugintza prozesuen baitan duen eta izan beharko lukeen lekuari buruz egiten dute gogoeta hainbat adituk 2015ean argitaratutako Jakin-en 208. zenbakian. Hausnarketa horien artean dago Idurre Eskisabel Larrañagaren ‘Amaiur berri baten alde: emakumeena, prekarioena, euskaldunena’ artikulua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua.

Ziklo politiko berriaren hastapenetan, galdera zaharrak forma eta indar berriz datozela azaltzen du Eskisabelek testuan: zerk egiten gaituen gu, komunitate, zer den identitate berezitua. Galdera horiek alboratu ordez, formulazio eta esanahi berriz ekartzea proposatzen du: gu-aren orea demokrazia sakonenen parametroetan jartzea, irudikapen eta balio ireki, zabal eta harkorrez. Horrela borobiltzen du artikulua: «Horregatik da hain garrantzitsua herri identitatea bestelako osagaiez betetzea, gure bandera nolakoa nahi dugun marraztea. Demokrazian, eskubideetan eta justizian sakontzea da bidea, azken batean, gure iruditerian herri erresistentziaren ikur den Amaiur emakumez (eta ez-gizonez), prekarioz eta euskaldunez betetzea».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan