2026-11-20 222 esaldi
«Arteak eta politikak jakintzaren eta ekoizpenaren beste eremu batzuek baino gehiago egiten dute elkarren artean talka. Bataila fratrizida bat daukate bizitzak zer esan nahi duen definitzeko».
Etxarte, Hedoi (2016): ‘Bi gogoeta politikatik arteari buruz’, Jakin 215-216, 47-62.
Hedoi Etxarte Moreno (Iruñea, 1986). Biolinaren interpretazioan lizentziatu zen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Itzulpengintza eta interpretazioan Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun Katakrak Liburuak-eko liburu saltzailea, zerbitzaria eta militantea da. Suzko lilia (Susa, 2008) eta Sinplistak (Susa, 2012) poema liburuak eta Ihes ederra (Alberdania, 2009) irudi-eleberria argitaratu ditu. 2014an Wagner auziaz. Wangermée, Clément, Žižek, Badiou saiakera filosofikoa argitaratu zuen Jakin Irakurgaiak bilduman, 2021ean Sortaldekoak poema liburua kaleratu zuen (Susa), eta, 2025ean, Izen baten promesa nobela (Susa).
«Zer falta da kultura autodeterminatzeko?». Galdera horri erantzun bat eman nahian, 2016ko uztailean, Baionako Zizpa gaztetxean, ikastaroa antolatu zuen Jakinek, UEUrekin batera. Hipotesi bat planteatu zuen bertan: kultur ekosistema bizigarri bat osatzeko kultur politika beregaina egitea beharrezko da, bai herrigintzako eragileen aldetik, bai sortzaileen aldetik, bai administrazio publikoaren aldetik. Horregatik, hiru eremu horietako aditu eta arituak bildu ziren eztabaidara. Baionan aurkeztu ziren ponentzien aukeraketa bat dakar Jakin-en 215-26. zenbakiak.
Horiek horrela, kulturaren autodeterminazioa, kultur politikak eta kultur egitasmoen kudeaketa ereduak jorratu dituzte monografikoan hamabost lagunek, eta ekarpen horien artean dago Hedoi Etxarteren ‘Bi gogoeta politikatik arteari buruz’ artikulua. Artearen eta politikaren arteko eztabaida autonomiari buruzkora murriztetik harago, arte, politika eta ekonomiaren arteko tentsioa aztertzen ditu Etxartek, bi adibide historikotatik abiatuta: SESBen lehen urteak Groysen arabera, eta Grezia eta Erroma Arendten sintesietatik.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.