[222 esaldi] Gaizka Aranguren

2025-02-04 222 esaldi

“Modernitatearen hasieratik idatzizkoak bere gain hartu zituen ardurak eskuratu dituzte pantailek postmodernitatean. Pantailak dira transmisio bitarteko hegemonikoa. Pantailetara iritsiko ez den kultura edo hizkuntza galduko da.”

Aranguren Urrotz, Gaizka. 2015. ‘Zoparen teoria orokorra. Identitatearen atarietan‘, Jakin 244, 44-61

Gaizka Aranguren Urrotz (Iruñea, 1967) Informazio Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Historian doktorea honako tesiarekin: ‘Memoriatzariak. Memoria eta Ondare Immaterialaren balioaren kudeaketa’. Ondare immateriala, memoria eta komunikazioa lan ildo nagusitzat dituen Labrit enpresaren sortzaile eta lehendakaria da. Kazetaritzan munduan aritua (EITB, CANAL4-Navarra, Euskaldunon Egunkaria), enpresa kudeatzaile izan da azken 25 urteotan. Horretaz gain, 50 ikus-entzunezko etnografiko baino gehiago egin ditu.

Arangurenen artikuluak komunitateen identitate kultural partekatuak eta ondare kultural inmaterialaren (bir)sorkuntzak ulertzeko gakoak proposatzen ditu, Zoparen Teoria Orokorra deitzen dionaren baitan. Herriek ondare kulturala sortzeko eta herritarrek partekatzen dutela bermatzeko egon izan diren mekanismoei errepasoa egin ostean, gaur egun pantailek duten nagusigoa azpimarratzen da testuan; hain justu, horixe jasotzen du liburuxkako aipuak. Sakoneko aldaketa seinalatzeaz gain, ordea, euskararen (eta haren gisako hizkuntza minorizatuen) biziraupenerako ezinbestekoa den norabidea markatzen du; pantailetara egin beharreko jauzi ezinbestekoa. Horretarako, artikuluan hainbat jardunbide eta praktika eredugarri jasotzen ditu Arangurenek.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen erosi dezakezula.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan