2026-09-03 222 esaldi
«Ene marrazkiak ez du hitzik, baina badu hizkuntza, badu kultura; ene ustez, ene marrazkiak euskal marrazkiak dira».
Campistron, Dom (2022): ‘Jakin(guran): Dom Campistron’, Jakin(guran) (Jakin.eus). 2022-05-10.
Dom Campistron (Aldude, 1994). Arte ikasketak egina da Cantau lizeoan, Parisen (Frantzia) eta Glasgown (Eskozia). Marrazkilari gisa dihardu Aldudeko estudioan. Jakin aldizkariko kontrazaleko artikulu grafikoak egin ditu 245-246. zenbakitik 262. zenbakira (2021-2023). Hainbat kolaborazioz gain, 2021ean Bekatorosak liburu ilustratua argitaratu zuen (Elkar); zazpi baxenabartar gay, bisexual eta lesbianen testigantzak bildu zituen bertan. Tupust! kolektiboaren 2021eko argitalpenean ere hartu zuen parte. 2022an Aske izan koloretan ipuina argitaratu zuen (Steilas), eta, 2025ean, Etxean haurrentzako ipuin liburua kaleratu zuen Haran Ubel elkarte feministarekin. Altxa Lili kabaretean ere aritzen da.
Jakin(guran) atalak hainbat sortzailerekin egindako solasaldietatik abiatutako erreportajeak jasotzen ditu, eta atal horretako bigarren elkarrizketa Dom Campistron ilustratzaileari egin genion. Solasaldi horretatik dago aterata liburuxkako aipua. Bekatorosak liburu ilustratutik abiatuta, kulturaz, herriaz, hizkuntzaz eta sorkuntzaz aritu zen Campistron. Ilustratzailearen ustez, marrazkia «jestu politiko bat» izan daiteke, ideia asko erakutsi daitezkeelako marrazki batekin: «Ene lanen badira bide eta ideia batzuk beti hor direnak, eta horiek dira bortxaz feminismoa, ikuspuntu feminista, LGTBIQ+ ideiak, eta erakustea gizarte anitzago bat». Horrekin batera, kulturak norberaren bizitzaren inguruan galdekatzeko parada ematen duela azaltzen du, eta artistek, haien lanaren bitartez, gizarteari kritika egiteko aukera dutela: «Kritika rol bat ere baduzu artista gisa, eta horri esker gizartea aitzinarazten duzu».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.