2025-05-16 222 esaldi

«Biodibertsitatea kontserbatzea, ekonomiarentzat ona izan zein ez, gure betebehar morala da, ez baitugu eskubiderik milioika urtez eboluzionatu duen natura horrela suntsitzeko.»
Elosegi Irurtia, Elosegi (2021): ‘Euskal Herriko ingurune naturalen etorkizuna‘ in Jakin 245-246, 57-72
Arturo Elosegi Irurtia (Tolosa, 1962). Biologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko ekologia katedraduna da. Ibaien ekologia ikertzen du, giza jarduerek ekosistema horien egituran eta funtzionamenduan duten eragina aztertuz. Horrela, basogintzak eta nekazaritzak, jarduera urbano eta industrialak, kanalizazioak, zentral hidroelektrikoek eta beste hainbat jarduerek duten eragina aztertu du, mundu osoko ibaietan. Uraren eta naturaren kudeatzaileekin elkarlan estuan ari da, ibaien kalitatea neurtzeko metodoak definitzen, errestaurazio-proiektuak diseinatzen zein mehatxatutako espezieak aztertzen. 110 artikulutik gora idatzi ditu nazioarteko aldizkaritan, 15 liburu eta 45etik gora liburu atal. Zientzia-dibulgazioan aritzen da, artikuluak idazten, hitzaldiak ematen eta hedabideekin elkarlanean. Naturzaintza, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeko kide da, eta Aiako Harriko zein Valderejoko Natur Parkeetako patronatuetakoa ere.
2021eko Jakin jardunaldia krisi ekosozialari buruzkoa izan zen eta bertan hartu zuen parte Elosegik. Jardunaldi horri eskainitako zenbaki bikoitzean dator, hain justu, liburuxkako esaldia. Elosegiren hitzaldiak eta artikuluak aldarri bat bakarra dute muinean, ekonomia ekologiaren menpean mantentzeko beharra. Egun, auzi ekologikoak planteatzerakoan maiz agertu ohi den ingurumena vs ekonomia dikotomia faltsua dela salatzen du. Lehentasuna, moralki eta errealki, ekologiak duela adierazten du, eta horren gainean irudikatu behar direla helburu sozial nahiz ekonomikoak. Garapen jasangarriaren ideia eta ustez ekologiaren mesedetan sortzen diren zerbitzu ekosistemikoak, ordea, dikotomia hori oso barneratuta dutela erakusten du Elosegik testuan, eta onura ekologikoak ere monetizatzeko joera nagusi dela. Tamalez, Euskal Herria horretan ere salbuespena ez dela argi ikus daiteke testuan.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.