[222 esaldi] Arantza Etxeberria

2026-07-23 222 esaldi

«Gizakia ez da sistema isolatua; aitzitik, beste bizidunekin erlazioan ulertu behar da haren izaera. Zentzu horretan, ez dago muga ontologiko zehatzik gizakiaren eta naturaren artean».

Etxeberria, Arantza (2020): ‘Mikro-bioa, gaitza eta natura’, Jakin 239, 33-47.

Arantza Etxeberria Agiriano (Oñati, 1962). Filosofiako ikasketak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean egin zituen, Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen doktoretza eta Sussexeko Unibertsitatean, berriz, doktoretza-ondorengoa. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da, eta bertako IAS-Research Group on Life, Mind and Society taldeko ikertzailea. Besteak beste, gai hauek lantzen ditu: autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa eta, zientziaren filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza).

Liburuxkako aipua 2020an argitaratutako Jakin-en 239. zenbakitik dago aterata. 2020ko Jakin Jardunaldian landutako gaia du oinarri zenbakiak: Pandemiak, distopiak eta mundu berriak. Jardunaldian esandakoetan sakondu, eta aurrera begira sor litezkeen egoera eta bidezidorrei erreparatu zaie sei artikulugileekin: Mario Zubiaga Garate, Arantza Etxeberria Agiriano, Joseba Azkarraga Etxagibel, Irati Zubia Landa, Joseba Gabilondo eta Harkaitz Canorekin.

Gogoeta horien artean dago, beraz, Arantza Etxeberriaren ‘Mikro-bioa, gaitza eta natura’ artikulua. Gaitzaren alderdi indibidual eta orokorraren (komunitatea, gizartea, natura) arteko loturak aztertzen dira, osasun eta gaixotasun kontzeptuen eztabaida filosofikoaren harira. Tartean daude birusen izaera, gaitz infekziosoen historia, biologia eta gizartearen eragina eta gaitzaren alderdi ekologikoa. Naturarekiko dugun harremana birpentsatu behar dugula dio Etxeberriak, baita globalizazioak eta pertsonen artean sortu ditugun ezberdintasun sozialak ere. Horixe baita, hain zuzen, gaixotasunek agerian uzten dutena: gure harremanen nolakotasuna.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan