HamaikaTB

[222 esaldi] Andere Ormazabal

2026-02-05 222 esaldi

«Administrazioaren humanizazioa eta demokratizazioa erabakigarria da erakunde publikoen baliabideak komunitatearen premietara begira eta zapalkuntza eta bazterketa askotarikoei aurre egiten diharduten prozesu sozialen zerbitzura jartzeko».

Ormazabal, Andere (2019). ‘Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak. Gipuzkoako esperientzia (2011-2015)‘, Jakin 232, 31-65.

Andere Ormazabal Gaston (Donostia, 1981). Politika eta Administrazio Zientzietan, Soziologian eta Antropologian lizentziaduna eta Politika Zientzietan doktorea da, eta Partaidetza eta Komunitate Garapena (2017) eta Ikasketa Feministak eta Generokoak (2010) masterrak egin ditu, denak Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakaslea da. Parte Hartuz Ikerketa Talde Kontsolidatuaren baitan, ondorengo ikerketa lerroak jorratzen ditu: partaidetza, herri mugimenduak eta gobernantza. Honako liburu kolektibo hauetan parte hartu du: Ideologías y movimientos políticos contemporáneos (Tecnos, 2020), Formas y escalas emergentes de las democracias contemporáneas. Miradas desde la sociedad vasca (Dykinson, 2022) eta Género y política. Nuevas líneas de análisis ante la cuarta ola feminista (Tirant lo Blanch, 2022). Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea da.

Txillardegiz, herri mugimenduen parte hartzeaz, euskal rapaz eta musika eta teknologiaz dihardu Jakin 232 zenbakiak, eta gogoeta horien artean dago Andere Ormazabal Gastonen ‘Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen ezinak eta eginak. Gipuzkoako esperientzia (2011-2015)’ artikulua. Herri mugimenduen eta ezkerreko gobernuen arteko harremanak aztertzen ditu Ormazabalek testuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko (2011-2015) gobernantza sareen kasua abiapuntu hartuta.

Berdintasun eta ingurumen politiketan sortutako sare eta erlazioei erreparatu die artikuluan, «eztabaida ugari» sortu baitituzte ezkerreko gobernuen praktika instituzionalen eta herri mugimenduen arteko harremanek. Hala, ezkerreko alderdien eta mugimenduen arteko elkarlana emankorra izateko bidean, solaskidetza sakontzearen garrantzia nabarmentzen du: «Ez da itxaron behar gobernura heldu arte elkarrizketa abiatzeko». Horiek horrela, instituzioen logika berrasmatu behar dela dio Ormazabalek, «prozesu zabalagoetan bidelagun rola garatzeko eta bideratzaile gaitasunak lantzeko».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan