HamaikaTB

[222 esaldi] Aminata Diop Seck

2026-02-19 222 esaldi

«Emakumea naiz. Beltza naiz. Afrikarra naiz. Senegaldarra naiz. Wolof naiz. Ezkertiarra naiz. Borrokalaria naiz, eta feminista naiz. Euskaldun sentitzen naiz, nahiz eta oraindik ‘euskara ez dudan’… Baina horretan ari naiz».

Diop Seck, Aminata (2017). ‘Kultura berriak bizitzeko aukera‘, Jakin 221-222, 157-164

Aminata Diop Seck (Dakar, Senegal, 1976). Ekonomia eta Gizarte Zientziatan unibertsitate ikasketen diploma orokorra du (DEUG) Dakarko Cheikh Anta Diop Unibertsitatean. Kontabilitate eta Finantzatan goi teknikaria da. Senegalen alfabetizazio egitasmoetan eta emakumeen egitasmo azterketatan egin du lan. Egun, Amher SOS Arrazakeria elkartean egiten du lan, kontable, aholkulari eta kultur jardueren koordinatzaile gisa. Amherreko emakume taldearen eta SOS Arrazakeriako etxeko langileen Buruntzaldeko taldearen koordinatzailea da.

2017ko Jakin jardunaldian hartu zuen parte Aminata Diop Seckek, Usurbilen. Euskara, generoa, klasea eta jatorria gurutzatzen diren lekua izenburua hartu zuen jardunaldiak, eta elkarguneko feminismoaren pentsamendu eta praktika lerrotik abiatuta aritu ziren hainbat aditu. Jardunaldian ahoz gora pentsatutakoa paperera eraman zuen Jakin 221-222 zenbakiak, eta bertan biltzen diren testuen artean dago Diop Secken ‘Kultura berriak bizitzeko aukera’ artikulua.

Senegaldik Euskal Herrirako etorreraren bizi ibilbidea azaltzen du artikuluan: wolof herriaren kultura, hizkuntza eta erlijioa, emakumeen ahalduntzea Senegalen, ikasketei egokitutako lana lortzeko ezintasuna, atzerritarren legearen presioa, hizkuntza eta kultura berriak ezagutzeko aukera… Horrekin batera, afrikar emakume beltzen zaurgarritasuna azpimarratzen du: «Emakumeok emakume izateagatik bakarrik diskriminatzen bagaituzte, afrikar emakumeak afrikar, beltz eta analfabeto izateagatik ere (suposatzen da afrikar emakumeak ezin duela idazten eta irakurtzen jakin) diskriminatzen dituzte, sarritan funtsik ez duten estereotipoetan oinarrituta (putak, otzanak, ezjakinak…)». Horiek horrela, gizarte berdinzaleagoa eraikitzeko deia egiten du Diop Seckek.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan