[222 esaldi] Alaitz Aizpuru

2025-01-27 222 esaldi

“Gizakia orainaldia etengabe etorkizuneko asmoez transzenditzen duen askatasuna da. Oraina, lehenaldiak bezainbeste, geroak bustitzen du.”

Aizpuru Joaristi, Alaitz. 2015. ‘Baginen eta bagara nor‘, Jakin 208, 13-24

Alaitz Aizpuru Joaristi (Azpeitia, 1983). Filosofian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Joxe Azurmendiren eta Txillardegiren ekarpena eta gerraosteko euskal abertzaletasuna ikertu ditu berariaz. Ikerketa horien emaitzak Jakineko hainbat artikulutan eta bestelako lan ugaritan argitaratu izan du. Ikerketan aritzeaz gain, Elkar Argitaletxean ere jardun izan du lanean.

«Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer?» jardunaldia oinarri hartuta osatu zen Jakin 208 zenbakia, eta bertan dator Aizpururen esaldia dakarren artikulua ere. Urte horretan bertan Lorea Agirrek irakurri zuen Korrika amaierako mezua du abiapuntu artikuluak. Bertan sumatu zituen Gerraosteko belaunaldiaren oihartzunak lantzen dira artikuluan, duten gaurkotasunaren bila. Esaldiak Txillardegiren eta belaunaldikideen ideia funtsezko bat jasotzen du, existentzialismotik datorrena, denboratasunari eta gizakiari buruzkoa: abiapuntuan konkretutasun situatu bat, gure lehenaldiak soilik jar gaitzakeen leku bat; eta gizakiaren irekitasuna, etorkizunera begira gauzatzen den proiektu gisa ulertzea hura. Gizaki askeari etorkizuneko proiektu hori gauzatzea dagokio ikuspegi horretan, eta horretarako orainaldian hautuak funtsezkoak egitea.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen erosi dezakezula.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan