[222 esaldi] Aitzpea Leizaola

2026-06-11 222 esaldi

«Muga frontera bilakatzearen ondorioz aipatzen ditugu Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria. Ez da kontu semantiko hutsa edo hautu ideologiko soila. Banaketa erreala da. Bizipen, erreferentzia eta iruditeria desberdinduak ditugu».

Leizaola, Aitzpea (2021): ‘Muga frontera denean: lurraldetasun eta naziogintzari begiratu bat’, in Xabier Eizagirre eta Iñaki Zabaleta (argk.): Pentsamendu bat gure munduari. Joxe Azurmendi kongresua, Jakin eta EHU. Ur-jauzia bilduma 2, 123-133.

Aitzpea Leizaola (Donostia, 1971). Hizkuntzalaritza eta Antropologia ikasketak burutu zituen Parisen, eta Antropologian doktorea da Paris 10 Nanterreko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea eta antropologia masterreko zuzendaria da. Muga politikoak Euskal Herrian duen eragina izan du aztergai, identitateen eraikuntza eta lurraldetasuna gai harturik. Antropologia politiko eta sinbolikoan aditua, bere ikerketa lerro nagusiak mugak, identitateak, memoria, festak eta oro har euskal kultura dira. 2003az geroztik gatazka osteko gizarteetan memoria politikak aztertzen dihardu, nagusiki gerra zibileko desobiraketen etnografia bidez. Hainbat lan argitaratu ditu aldizkari espezialduetan. Erromako Visual Fest 2014 saria lortu zuen Abordatzera! Dokumental etnografikoa-rekin.

Liburuxkako aipua 2021. urtean Ur-jauzia bilduman argitaratutako Pentsamendu bat gure munduari. Joxe Azurmendi kongresua liburutik dago aterata. Liburuak 2019ko abenduaren 11, 12 eta 13an Donostiako San Telmo Museoan egin zen Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuan egindako hitzaldiak biltzen ditu (hitzaldi guztiak ikusgai dituzue, hemen: Joxe Azurmendi kongresua 2019). Hala, Azurmendi oinarri, abiapuntu edo inspirazio iturri hartuta, kulturaz, nazioaz, estatuaz, gizabereaz, etikaz, politikaz, gizarteaz, kooperatibismoaz, hizkuntzaz eta pentsamenduaz egin zuten gogoeta 52 euskal pentsalarik, kongresuan aurkeztutako hitzaldiak idatzira eramanez.

Aitzpea Leizaolaren ‘Muga frontera denean: lurraldetasun eta naziogintzari begiratu bat’ artikulua liburuko Kultura, nazioa, estatua atalean kokatzen da, estatuen arteko muga baitu hizpide, eta, bereziki, Euskal Herria bitan zatitzen duen frontera. Mugaz mintzatzeko, hainbat adarretatik heltzen dio gaiari, betiere hitza abiapuntu hartuta: «Nola pentsatu muga euskaratik eta euskaraz, zer beste adiera erabili izan da berori izendatzeko? Sinonimoak ditugu euskaraz muga eta frontera, azken hori gehientsuenetan soilik estatuen arteko banaketa adierazteko baliatu ohi bada ere. Muga frontera denean esaldiak barne biltzen dituen esanahi desberdinak aztertzearekin bat, marrazten dituen errealitate desberdinak azaleratuz doaz». Horiek horrela, muga hitzaren polisemian oinarrituta, estatuaren eta naziogintzaren bilakaeran lurraldetasunak duen garrantziaz dihardu Leizaolak artikuluan.

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan