Naiara Goia Imaz (Segura, 1978). Telekomunikazio Ingeniaritzan goi mailako titulua du (Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bretainiako ENST), eta Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketa masterra (MBA) egina du. Berrikuntzan aditua, hogei urteko esperientzia du gurean eta nazioartean proiektu estrategiko konplexuen koordinazioan eta jakintza alor anitzeko pertsonen zuzendaritzan. 2020ko urritik, Arantzazulab gizarte berrikuntza laborategiko zuzendari nagusia da; gobernantzaren berrikuntza helburutzat duen laborategia diseinatu, abian jarri eta garatzeko ardura du. Aurretik, Mondragon Korporazioan lan egin zuen, enpresen eraldaketarako berrikuntza teknologikoaren eta sozialaren alorrean ekimenak gidatzen. Demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntza, sareko lana sustatzea eta eraldaketarako estrategiak eraikitzea dira bere interesetako batzuk eta bere lanaren oinarria. Ildo horiekin loturiko hainbat argitalpenetan parte hartu du, Building Collaborative Governance in Times of Uncertainty. Pracademic Lessons from the Basque Gipuzkoa Province (Leuven University Press, 2023) liburuan, adibidez. Hainbat unibertsitaterekin ere kolaboratzen du hizlari eta irakasle gisa.