Sigmund Freud (1856-1939). Austriar medikua, oso pertsona zirraragarria da. Lagun eta etsai amorratuak izan ditu beti. 1933an naziek bere idazlanak erre zituzten. Horiengandik ihes egin eta Londresen hil zen. Gure mendebaldeko kulturan hain garrantzitsua izan den psikoanalisia sortu eta garatu zuen. Inkontzientearen kontzeptua oinarri hartuta, aparatu psikikoaren teoria iraultzailea eraiki zuen, bistan jarriz kontzientziaren datuak senen araberakoak direla. Ametsen interpretazioa inauguratu zuenetik, sinboloei buruzko hausnarketa ezin da egin Freud aipatu gabe. Thomas Mann idazlearen ustez, Freud gure kultura ulertzeko ezinbestekoa dugu, Schopenhauer edo Nietzsche bezala.