Ziborgak gara

2016-03-08 Bloga

Neil Harbisson munduko lehen ziborga bezala kontsideratutako pertsona da. Erresuma Batuko nazionalitatea badu ere, Matarón (Katalunia) bizi da. Bera kontsideratzen da onartutako munduko lehen ziborga, buruan inplantatua duen antenarekin agiri ofizial bateko argazkian agertzea lortu zuenetik.

Jaiotzaz akromatopsia izeneko arazo bat zuen Harbissonek. Arazo horren ondorioz, errealitatea kolorerik gabe ikusten du, hau da, zuri-beltz eskalan. Hori konpontzeko esperimentatzen hasi eta antena baten bidez inguruko kolore espektroa soinu bihurtzea lortzen zuen gailu bat asmatu zuen. Hasieran, ordenagailu pisutsu bat eraman behar zuen ondoan, ondoren txip txikiago bat haragi azpian eta azkenik burezurrean zuzenean antena bat jartzea lortu zuen.

Horrela, bere inguruaren hautematea erabat aldatzea lortu du Harbissonek, inguruko koloreak orain entzun egiten ditu. Supermerkatu batera sartu eta bere eyeborg-ak zuzenean transmititzen dizkio koloreak. Koloreek sortzen zizkioten sentsazioekin amesten ere hasi zenean konturatu zen Harbisson ziborg bat zela. Bere burua aldatzen hasi zen, orain zentzumen berriak ematen zion hori; zuzenean bere garunean ere eragina zuen, gero eta lausoagoa zen pertsona eta makinaren arteko muga.

Sentsazio horiek azaltzeko eta bere pentsamendua jendearengana iristeko, Cyborg Project (http://cyborgproject.com) transmedia lana jarri zuten martxan. Dokumental horretan, berak kolorea audio bihurtzean eta alderantziz sortzen dituen koadro eta soinuak ikusteko aukera dago. Aplikazio bat ere sortu du bere esperientzia besteok gure mugikorraren bidez bizi ahal izateko. Aplikazioa instalatu, leku batera apuntatu eta kolore horrek emititzen duen soinua entzungo dugu.

Horren ondoren, Harbissonek ziborgen defentsa eta promozioa egiteko fundazio bat ere sortu zuen Moon Ribasekin batera. Cyborg Fundazioa (http://cyborgism.wix.com/cyborg) ziborgen eskubideak defendatu, zentzumen berriak garatu eta ziborgismoa deitu dioten arte mugimendua sustatzea helburu dituen fundazioa da.

Beren ustetan sortzen dituzten tresnek ez dute gizakiok ditugun arazoei erantzuten diotenak izan behar soilik, zentzumen berriak garatzeko aukera aldarrikatzen dute. Harbissonek berak, adibidez, bere asmakizuna hobetu zuen eta Interneteko konexioa gehitu zion, horrela, bertan ez zeuden koloreak ere entzun ahal izateko; espazioa beltza ez dela esan ohi du askotan, gizakiok ikusi ezin ditugun koloreak ‘ikusten’ baititu berak eyeborg-ari izpi ultramoreak eta mikrouhinak detektatzeko aukera gehitu zionetik.

Buruan badituzte beste hainbat asmakizun ere: atzerako begirada, atzean gertatzen dena ikusteko aukera ematen duen zentzua; zentzu elektromagnetikoa, iparrorratz batek dituen gaitasunak izateko; eta belarri infrasonikoa, gure gaitasunetatik beheragoko uhin akustikoak entzuteko aukera ematen duen zentzumena.

Eztabaida asko irekitzen baditu ere, argi dago teknologia eta gizakion arteko mugak gero eta lausoagoak direla. Gizakiak beti erabili izan du teknologia, makil bat izan edo ordenagailu bat, bere bizitza hobetzen saiatzeko baliatu du beti. Orain gorputzean integratzen hasiko gara, hortxe dago koxka batzuentzat.

Badira, horrekin lotuta, beste proiektu izugarri interesgarriak ere; horietako bat, Enabling the Future proiektua, behar duten pertsonentzat esku robotikoak eskaintzera bideratutakoa (http://enablingthefuture.org). 3D inprimagailuak hainbeste zabaldu direnez, horiek baliatuz plastikozko esku protesikoak sortzen ditu proiektuak eta behar dituztenei helarazi. Gure inguruan, Oreretako Don Bosco eskolak parte hartzen du aktiboki proiektuan (http://ikaslab-donbosco.blogspot.com.es).

Aukerak eta arriskuak, betikoa; baina irekitzen diren eztabaidak aldeko eta kontrakoen artean banatzea baino, ertz guztiak aztertzeko aukera ematen duen eztabaida baten bidez bideratzea nahiko nuke nik, etorkizuneko erronka gehienak bertan sintetizatzen direlako: generoaren eztabaida. Generoaren eztabaida ziborgen eztabaidarekin uztartuko bagenu? Proposamena ez da berria, Donna Harawayk bere Ziborg Manifestuan proposatu zuen aspaldi, baina inoiz baino beharrezkoagoa dugu orain.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan