2016-05-19 Bloga
Hau ustekabea! Erdi ahazturik geneukan gaizkile finantzari ohia, pelotazo-aren kultura hispanikoaren ikurra izan zena, Espainiako Guardia Zibilak, epai batek agindurik, atxilotu izatea! Alegiazko delitu zenbait leporaturik, ezkutuko dirua atzerritik ilegalki ekartzearekin lotuta denak, ikustekoa da froga nahikorik lortu eta lortuko diren, edo, askotan gertatzen den moduan, akusazioa bertan behera geratuko den. Izan ere, horrelako kasuetan, ustelkeria politiko-ekonomikoetan bezala, oso zaila da froga zehatzak eta erabatekoak aurkitzea. Ildo horretan argigarriak dira Panamako paperak. Mamu enpresen zerrenda luzean hainbertze pertsona ezagunen izenak agertu arren, berriro ere ikustekoa da akusazio zehatzik egiteko balioko duten. Bitartean, hedabideetan ohiko pellokeriak entzunen ditugu, baina oharkabean igaro den bertze albiste garrantzitsua jorratuko ez dutelakoan gaude. Alegia, 2015ean estatu espainolean gehien inbertitu duen nazioa Luxenburgo izan delako kronikarik ez dugu inon, salbuespenak salbuespen, ikusi, entzun edo irakurri. Alajaina, herri txiki horrek Amerikako Estatu Batuek, Frantziak edo Erresuma Batuak baino inbertsio handiagoa egin omen du. Nola bada? Zergatik? Nazio baten izena paradisu fiskalen zerrendatik kentzeko baldintza nagusia da gobernu batek bere herritar eta enpresak eta herritar eta enpresa atzerritarrak fiskalki berdin tratatzea. Serioski, ez dago inolako borondate politikorik paradisu fiskalak desagerrarazteko, kapitalismoan beharrezkoak baitira, eta ez soilki espekulatzaile eta gaizkile arruntentzako, hainbertze herritako zerbitzu sekretuentzako ere bai. Azkenean, hutsegite eta kontraesan ugari izan ondoren, Soria ministroak bere postuak, gobernuan eta Alderdi Popularrean, utzi ditu. Batek daki zergatik ez duen hasieratik egin. Zigorgabetasun kulturak bere horretan dirauela eman du, nahiz eta pixkanaka-pixkanaka kazetari eta jujei esker gauzak pixka bat hobetu.