2025-06-18 Egunen gurpilean

Bilbon
Modu askotan has nezake testu hau. Nire ideia da gure Aste Santuko bidaiatxoari buruz hitz egitea, eta hori modu askotan egin ahal da. Adibidez, «gu iritsi ginenerako han ziren enarak»: hasiera hori poetikoa izango litzateke, eta nabarituko zenukete txoriekiko daukadan maitasuna. Edo konta niezazueke nire alaba txikienak bidaia aurretik margotu zuen ibilbidea, erromatar garaiko ibilbide baten modukoa, kotxez gindoazela nola zeraman magalean, geltoki baten ostean zein zetorren jakiteko aukera ematen zionez, bidaia luze hartan ziurtasuna ematen ziolako. Hasiera horrekin bidaia horretako ederrena umeekin igarotako denbora izan dela iradokiko nizueke.
Baina ez, niretzat bidaia Bilboko Arte Ederren Museoaren artxibategian hasi zen. Irten baino lehenago, asko interesatzen zaizkidan gutun batzuk irakurtzeko aukera eman zidaten artxiboan, eta, nahiz eta bidaiaren antolakuntza betean egon, joatea erabaki nuen. Eraikina obratan dago, eta, horregatik, artxiboak irakurtzeko utzi zidaten lekua oso txikia zen. Han irakurri nituen, besteak beste, hurrengo esaldiak, eskuz idatzita gutun batzuetan: «En aquellos días estuve en la aldea», «¡Qué guerra! Escribe con prudencia…», «Ha muerto el campanero», «pintar lo vasco», «prefiero lo arcaico»…
Hurrengo egunean, kopilotu papera hartu nuen, esaldi horiek nire buruan dantzan ari ziren bitartean. Bazuten esanahirik niretzat? Oraindik ez dakit. Nire barruko mundu hartan sartu zen nire idazle kutunenetako bat, William Saroyan, Estatu Batuetan jaiotako armeniar idazlea. Kasualitatez (garrantzia daukaten ia gauza guztiak bezala), taberna batean aurkitu nuen liburu hau: Letters from 74 rue Taitbout, or D’ont Go But If You Must Say Hello to Everybody, 1977ko gaztelaniazko edizio batean, eta bidaia osoa nirekin egin zuen. Han ez zeuden «pintar lo vasco» bezalako esaldiak; baina bai, Saroyan ere saiatzen da armeniartasunari buruz idazten, eta pentsatzen. Esaterako…
Nolabait ere, biok aberrigabeak ginen, geografian ez zegoen herrialde bat guretzat har nezakeena, izan genuen, baina galdu egin genuen.
Musikari eta konpositore bat zinen, oso lan zaila egiten zenuena eliza hartan, bai ematen zizuten soldatagatik, bai elizaren beraren bizitzagatik, herriaren, nazioaren, nazio banandu, sakabanatu, zauritu, hautsi haren bizimoduagatik, biltzeko baliabiderik gabe, non denak etsi-etsian saiatzen baitziren bizimodua ateratzen eta aldi berean armeniar izaten.
Nire idazlanetan irabazitako diruarekin bidaiatzen nuen, eta hori, berez, garaipen handia zen; izan ere, denbora askoan uste izan nuen idazten bakarrik arituko banintz ere beti izango nintzela pobrea, armenieraz idazten zuten idazleak bezala, haietako batzuk oso garrantzitsuak (haien hizkuntza zelako, ez beste hizkuntza batean idazten ez zekitelako, gehienek bazekiten frantsesez, alemanez, italieraz, baita ingelesez ere).
Frantzian
Lehenengo geldiera Llengua d’Oc-eko Tolosan izan zen, gaur egun Toulouse. Hiria ezagutzen nuen, aspalditik. Adreilu gorriz egindako parte zahar polita dauka. Gaur egun, Okzitania herriaz zerbait gelditzen bada, han aurkituko duzu. Inoiz izan zenaren zantzuak. Kaleko izenak, adibidez, elebidunak dira. Ez da asko; hobe esan, oso gutxi da. Gainera, Frantzian beti geratzen gara sentsazio berberarekin: nahiz eta sinbolo guztiak eduki, nahiz eta Okzitaniako banderak leku guztietan ageri, estatuaren pisu itogarriak presentzia handia du, Frantziaren autoritarismo harrigarria leku guztietan nabaritzen da. Adibidez, museo batera joaten bazara, historia museo batera, batez ere, han dauden diskurtsoak, han josten dituzten errelatuak adibide onak dira… «Gu galoak», «Gu erromatarrak», «Gu frantses guztiak»… Gu zapaltzaile hori oso presente daukate frantsesek.
Ilusio handiz joan ginen arratsalde hartan Saint-Raymond museora, han daukatelako erromatar garaiko Akitaniako inskripzio bilduma garrantzitsuena, eta han agertzen da euskal-akitaniar hitz multzo handiena eta zaharrena. Umeak jaio baino lehen egon ginen, euskaraz hitz egiten duten inskripzio horiek ukitzen, eta oso polita izan zen. Bada, museoan jada ez daude, kendu egin dituzte begi bistatik guztiak. Museoa txikia da; pisu batean erromatarren inbasio eta kolonizazioari buruz hitz egiten dute. Erromatarrei buruzko hitzaldi arrunta erreproduzitzen da (hau da, laburbilduz: eskerrak erromatarrak iritsi ziren!), eta bigarren solairuan erromatar garaiko estatuen bilduma handi bat dago (erromatar enperadoreak eta agintari guztiak eta beren familiak erreproduzitzen dituzten estatua aspergarriak). Hirugarren solairuan erakusketa bitxi bat zegoen, non kontatzen zuten museoak funts oso garrantzitsuak zituela eta ezinezkoa zela dena erakustea, horregatik aukera egin beharrean zirela. Oraingoan, adibidez, Egiptoko momia bat erakustea erabaki zuten. Hots, museoaren diskurtsoan, momentu hartan, ez zegoen lekurik munduko euskal-akitanierazko inskripzioen bilduma garrantzitsuena erakutsi eta esplikatzeko. Inork ezagutzen ez duen Egiptoko zibilizazio horrentzat, bai.
Hurrengo egunean Arlesera iritsi ginen. Frantziako postal baterako hiri aproposa; hau da, leku polit bat. Han egon zen, antza, Van Gogh, denbora luzez. Berak margotu zuen ostatu hori haren ondoan bazkaldu genuen, plaza batean. Plaza hartan gizon baten estatua bat ere bazen. Gerturatu ginen eta deskubritu genuen estatua harekin omendu zuten gizona Frederic Mistral zela, Literaturako Nobel sariduna, estaturik gabeko hizkuntza batean idatziz saria irabazi duen Literaturako Nobel bakarrenetakoa. Hau da, egun batean Van Goghek margotu eta orain turista guztiek bisitatzen duten tabernaren aurrean, gure Mistral miretsiaren estatua bat zegoen. Pentsatu nuen Van Gogh Arlesen egon zenean biztanleen hizkuntza okzitaniera zela, eta orain jada ez dagoela arrastorik ere. Mistralen sorterrian, kaleen izenak ere ez zeuden okzitanieraz idatzita.
Neskek barre egiten dute gure kontura, bisitatzen ditugun hirietan beti liburu-dendetan amaitzen dugulako. Astun eta friki samarrak gara, bai. Barre egiten dute, baina haiek ere gustua hartu diote, eta liburuen artean nola galdu ikasten ari dira. Arlesko liburu-dendara joan ginen, Mistralen lan garrantzitsuena erosi nahi genuen: Mireio. Bere garaian, Aitzolek eskatu zion Orixeri testua itzultzeko, eta horregatik daukagu Mireio obra euskaraz. Liburu-denda hartan ez genuen liburua aurkitzen. Mistralen sorterrian, haren estatua daukan herrian, ez zeukaten haren liburua? Galdetu genion azkenean dendariari, eta esan ziguten baietz, bazeukatela. Liburu-dendako parte arraro batera eraman gintuzten; zokoratuta, beste gela bat zegoen, non gauza bitxiak zituzten, adibidez, okzitanierazko liburuak… Beno, uste dut okzitanierazko liburuetatik ez zegoela bakar bat ere; denak zeuden, gutxienez, frantses-okzitanierazko edizio elebidunetan. Mireio-ren edizio batzuk ere bazeuden. Horietako bat erosi genuen, eta orain gure etxean dago, ondo zainduta.
Okzitanieraz idatzitako liburuak zeuzkan gela hartan mapa berezi bat ere bazegoen zintzilikatua. Mediterraneo itsasoa agertzen zen, baina ez betiko moduan, horizontalean margotuta, Katalunia mendebaldean eta Turkia ekialdean. Mediterraneoaren mapa bertikal bat zen, eta Katalunia, adibidez, iparraldean agertzen zen, eta Turkia, hegoaldean. Horrela ikuspuntu berri bat ematen zuen, eta Europa ez zegoen iparraldean, ezta Afrika hegoaldean ere. Asko gustatu zitzaidan, eta nire itsasoa inoiz baino gehiago errekonozitu nuen, eta ez dakit azaltzen zergatik. Baina han zegoen nire mundua, edo nire mundua izan zena.
Egun hartan bertan, berriro kasualitatez, sarean ezagutu nuen sabir hizkuntza, Mediterraneoko portuetan hitz egiten zen hizkuntza frankoa. Hau da, Mediterraneoko merkatari eta marinelen artean komunikatzeko oinarrizko hizkuntza bat zen, hizkuntza toskanarra, katalana, okzitaniera, amazigera eta arabiera konbinatzen zituena. XIX. mendean, Europako botere kolonialen eraginak nabaritzen hasi ziren, eta hizkuntza italiartu eta espainiartu egin omen zen, frantsesaren eta portugesaren eragin txikiagoekin.
Irakurri dut hizkuntza horren ‘urrezko aroa’ XVII. mende inguruan koka genezakeela, Aljerren esklabo kristau eta judu asko harrapatu zituztenean. Hainbat jatorritako esklabo horien artean sortuko zen, elkarren artean komunikatzeko lingua franca bat beharko zuten eta. Prozesu horren emaitza, ordea, bat-batean eten zuten aldaketa politikoek; 1830ean frantsesak Aljeriara iritsi ziren, inperialistikoki, eta frantsesaren aldeko hautuak lingua franca hura desagertzea eragin zuen.
Europako hizkuntza eta kultura gutxituen ikerketarekin zerikusia duten gai guztiak bezala, adituek gaizki landu dute gai hori, eta, adibidez, okzitaniera bezalako hizkuntzen ekarpena gutxietsi da, segur aski horretan dabiltzan linguistek okzitaniera bigarren mailakoa dela uste dutelako, inkontzienteki, eta okzitanieratik etor litezkeen hitz asko frantsesari egotzi dizkiotelako, adibidez. Metafora interesgarria da jakintzaren Europako goi-mailako erakundeetan, hau da, unibertsitateetan, nola ikertzen den ikusteko. Nire itsasoak historia propioa du, badakizue? Eta, gaur egun, guri ez dagozkigun molde batzuk erabiliz hitz egiten da horri buruz. Nik goitik beherako Mediterraneoaren mapa hori behar dut, ulertuko badut.
Italian
Mediterraneotik pasa nahi nuen, ez nuen Alpeetatik iritsi nahi Italiara. Ondo egin genuela uste dut. Italiarrak oporretara joaten diren herri txiki batera iritsi ginen, oinak busti genituen eta panini batzuk hartu, zerbitzari zeharo abegikorrak zituen taberna batean. Aurrera egin ahala, Piemonten sartu ginen, eta inpresioa egin zigun: mahastiz betetako landa bat zen, mendixkaz beteta. Herri txikiak, eta atzean, urruti baina bertan, Alpe izugarriak, elurtuta.
Printzipioz, horrek ere okzitanieraz hitz egiten zen lurraldea izan behar zuen, edo gertu zegoen hizkuntza bat behintzat (Okzitaniako mugak zein diren zehazki jakitea zaila baita), eta han ere ez genuen zantzurik aurkitu; eta, hala ere, zergatik han, Italian, ez dugun Frantziako autoritarismo itogarria antzematen, hori ez dakit. Frantziako Okzitania konkistako lurraldea izan delako, eta, aldiz, Italia nolabaiteko boluntarismoarekin osatu delako? Ez dakigu, baina pisu bat kendu genuen gainetik muga zeharkatu genuenean. Eta, noski, Italiaren edertasun berezi hura ere kontuan hartu behar da, Milaneko katedralera iristea, edota Monzako eliza koloretsuaren aurrean egotea, Bergamoko afari santua… Badakit, Jokin Bergarak Jakinen aurreko zenbakian aipatzen zuen Benjaminen esaldi ezaguna oso presente daukat: zibilizazioari buruzko dokumentu oro basakeriari buruzkoa da aldi berean. Eta, hala ere, zer esan edertasun hain handiaren aurrera zaudenean? Gure apartamentuaren ondoan esaldi handi bat zegoen idatzita italieraz: «La bellezza resta» (Edertasunak iraun egiten du).
Como lakua ikustera joan ginen. Entzunda neukan oso polita zela, eta bai, polita zen, edo polita izan zen eta orain xarma zeukan? Ederrak izan diren lekuetako xarma dekadente hura. Baporetxo bat hartu genuen, gu bezalako jendez betetakoa, eta itzulitxo bat ematera joan ginen, laku ertzeko herrixketako portutxoetan egiten zituen geldialdiak. Plinio zaharra hango parajeetan jaio omen zen, eta pentsatu nuen nolakoa izango zen leku hori erromatar garaian. Izan ere, badakit lurralde hori Erromako Errepublikaren amaieran konkistatu zela, asko jota, eta, beraz, harritu egin ninduen Plinio han jaio izanak. Kolono bat izango zen, agian? Pixka bat begiratu nion lekuaren historiari.
Dirudienez, K.a. 59. urtean, Plinio jaio baino 82 urte lehenago, Julio Zesarrek beste eskualde batzuetako 4.500 erromatar hiritar bidali zituen Novum Comum (gaur egungo Como) koloniara, 500 aristokrata greziarrekin batera. Eskualde arrotz hartan eremu seguru bat bermatu nahi zuen, handik aurrerako tribu alpetarren lurren konkistari ziurtasunez heltzeko. 500 aristokrata greziar? Guztira 5.000 pertsona bidali lurralde bat kolonizatzera? Erotuta dauden erromatar horiek beti lortzen dute ni harritzea.
Azkenean, jakina, itzuli egin ginen. Itzulera Alpeetatik egin genuen, orain bai, izugarrizko mendi horien artetik. Zer ez ote dute ikusi mendi haiek… Handik igaroko ote ziren erromatar armadak ere Euskal Herria konkistatzera joan zirenean? Bat-batean gogoratu nuen itzultzen nintzenerako etxean zain izango nuela erromatar garaiari buruz idazten ari naizen liburua. Gogotsu, urduri eta beldurtuta nago.