Txikira edo handira

Soziolinguistika

2014-06-23 Bloga

Zuzeu orainkari horizontalean (www.zuzeu.com) Kligeroa-k sinatutako testu batean, Soziolinguistika Klusterrak 2014an banatu dituen Hausnartu Sariak direla-eta, honakoa irakur daiteke:

Garbi gera bedi, dena dela, lanak gutxiesteko asmorik gabe ari garela honetan, behar-beharrezkoak baitira horiek ere.

Baina besterik da hemen planteatzen dena, lan horien aitzakiarekin bada ere.

Belarririk duenak, beraz, entzun beza!

Lan horiek hautatzean, beste hobeagorik ezean beharbada, soziolinguistika-estilo bateko lanak saritu ditu Klusterrak.

Eta hortik dator kezka.

Zeren eta, suposatzen den bezala, izenburuak bat badatoz lanetan garatu den mamiarekin, haiek irakurri gabe suma daiteke panorama postmoderno horietako baten aurrean egon gaitezkeela Euskal Soziolinguistikaren alorrean ere.

Panorama teknologiko-teknokratikoa, arazoaren erroetan sakontzako premiarik ez duena, ideologien amaiera laudatzen dutenetakoa, konponbide estrukturalak behar dituzten kontuen aurrean partxeoak bideratzen dituena…

Kezkatzekoa litzateke, beraz, errealitate soziolinguistikoaren azaleko gabeziak bakarrik aintzat hartuz jokatzen hasiak bagina. Ikuspegi politikoetatik ihesean doazen diskurtso eta baliabide aseptikoak garatuz jokatzen hasiak bagina. Edo hizkuntza eta gizatalde menderatzaileekiko kritikarik gabeko ustezko soluzio neutroak eskaintzen hasiak bagina.

Kezkagarria, egiatan, tokian tokiko ekintzatxoak prestatzera mugatzen diren proiektuak bakarrik sustatzen hasiak bagina: zuk hor lantegian, nik hemen eskolaz kanpoko ekintzetan, hark han mendi-elkartean…

Besterik behar du gure hizkuntzak, normalkuntzarako erreferentzia makroa galdu nahi ez badu behintzat.

Bide okerretik goaz, guztiz okerretik, saguteran harrapatutako sagutxoek eskapatzeko egiten dituzten azken ahalegin alferrikakoak bezala irudikatzen hasten bagara gure lana.

Euskalgintzak egiteko daukan guztia kontuan izanda, bistakoa da arreta –eta indarrak– non jarri behar diren ongi asmatu beharreko kontua dela. Blogariak fokua gaizki jarrita dagoelako susmoa eta kezka adierazi du, ongi ulertu badiogu behintzat, eta gauzak berak ikusi dituen moduan izatera, baliteke kezkatzeko arrazoiak egotea. Hori horrela ote den ebaztea norberak egin beharrekoa izanen da azkenean, baina gai horri begiratu bat emateko ahalegina egin dezakegu, eta halaxe eginen dugu.

Ongi zehaztu behar genuke, nolanahi ere, egileak «Kezkatzekoa litzateke, beraz, errealitate soziolinguistikoaren azaleko gabeziak bakarrik aintzat hartuz jokatzen hasiak bagina. Ikuspegi politikoetatik ihesean doazen diskurtso eta baliabide aseptikoak garatuz jokatzen hasiak bagina» dioenean, nor den bagina horren subjektua. Soziolinguistika Klusterra bera duen gogoan –lanak saritu dituena, alegia–, beraren soiltasunean, edo euskalgintzaz oro har ari den. Ez baita gauza bera. Klusterrari egozten zaion ikuspegi hori euskalgintza osoari ere egozten zaio? Eta, egia izatera Klusterrak saritutako lanetan ikuspegi zehatz eta ustez aseptiko eta tekniko huts hori islatzen dela, hori desegokia da ezinbestean? Edo molde horrek ere tokia izan lezake sariketa eta argitalpen jakin horretan?

Soziolinguistika Klusterrak bere edizio jakin batean gisa horretako lanak saritzeari ez diot aitzakia handirik aurkitzen, eta ez nau gehiegi kezkatzen, ez badut ulertzen edo sumatzen euskalgintzaren joera orokor eta sustraitu baten isla dela. Orduan bai, akaso kezkatzeko arrazoi gizenagoak izanen genituzke. Eta hala ote da? Euskalgintza hasi al da bere lana «saguteran harrapatutako sagutxoek eskapatzeko egiten dituzten azken ahalegin alferrikakoak bezala irudikatzen»? Zerk kezkatzen gaituen, zer aztertzen ari garen, zertaz hitz egiten ari garen eta gure gogoeta non dabilen begiratu beharko genuke auzia pixka bat argitzeko. Zer du euskalgintzak mintzagai, aztergai edo gogoetagai?

Aurkibide ofizialik ez dugu inon aurkituko, baina balia gaitezke eskura samar ditugun datu edo adierazle batzuez: hain zuzen ere soziolinguistikaren alorrean, euskararen normalizazioan edo berreskurapenean, edo euskalgintzaren lan-eremuan gogoeta egiteko edo lanerako azken aldian antolatu diren jardunaldiak, topaketak edo gisakoak. Zertaz hitz egin da horietan, zer aztertu da, zertan jarri da arreta? Begiratu horrek erakutsi liezaguke, matematika zehatza ez den arren, gogoa non daukagun jarrita.

Jardunaldi, topaketa eta gisako elkarguneen ekarpena

Parentesitxo bat, eginen dugun halamoduzko zerrendatze hori ekarri baino lehen. Egin ziren, egiten dira, eta eginen dira jardunaldiak-eta. Eguneroko lanak itotzen gaitu, baina jarraitzen dugu elkarren berri izateko eta elkarrekin hausnarketa egiteko aukerak antolatzen, egun bateko edo bi eguneko formatuan askotan. Jardunaldi edo topaketa deitzen dugun hori, alegia. Horri alergia dionik ere bada, edo deus handirik ematen ez duela uste duenik. Eta sentsazio hori izateko arrazoiak ez dira faltako, batzuetan gehiago edo beste batzuetan gutxiago, jardunaldiak berak inertziatik edo konpromiso hutsetik duenaren arabera. Baina egiten jarraitzen dugu, eta izanen dute ziur asko errepikatzera bultzatzen gaituen funtsezko arrazoirik edo osagairik: lankide, tribukide, bidaide edo bestelako kideak berriz ikustea eta egunerokotasunetik ateratzea; besteren gogoetak eta ideiak ikustea –baita haiek goratzeko edo astintzeko aukera ere–; norberarenaz gainera, beste testuinguru, egoera… batzuk ere badaudela ikustea; gogoetarako beste kokaleku bat hartzea; egiten den lana gizarteratzea eta partekatzea; norberaren ontzian arraunean beste batzuk ere ari direla sentitzea; ideiak kritikatzea; gogoeta originalak entzutea, bestela agian entzunen ez zenituzkeenak; berrikuntzak ezagutzea; birkokatzea; gurerako ideiak hartzea; harreman pertsonalak lantzea; lanerako kontaktu berriak lortzea; gai jakin batzuei garrantzia ematea.

Arreta non?

Parentesia itxita, agindutakora etorriko gara. Zer du euskalgintzak mintzagai, aztergai edo gogoetagai? Ez dugu zerrenda erabatekorik eginen, baina azkeneko sei hilabeteotan euskalgintzak antolatu dituen jardunaldi eta topaketa batzuen aipamena ekarriko dugu, nolatsuko gaiek kezkatzen eta lotzen gaituzten usaintzen saiatzeko. Honatx:

Enpresarean 2013 jardunaldia. 2013-10-31. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Euskaraz lan egiten duten enpresak eta euren produktu edo zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak bildu ziren elkarlanerako bideak aztertu eta negozio bide berriak zabaltzeko asmoz.

Euskara Nafarroatik. Euskaltzaindiaren XVIII. Jagon Jardunaldiak. 2013-11-15. Antolatzaileen hitzetan: «Nafarroan zertan ari garen, nora joan nahi dugun eta Nafarroatik zer ekarpen egiten ari garen eta egin dezakegun euskararen normalizazioan aztertu nahiko genuke bertan».

Hizkuntza eta lurraldea. Lurraldea eta hizkuntza jardunaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatuta. 2014-01-16/17. Lurralde-antolamenduak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duen eragina aztertu zen.

Geure ardura pertsonal eta kolektiboa aktibatzen. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. 2014-01-30. Motibazioaren inguruko jardunaldia.

Guk gEUre kulturaz. Euskal Herriko hainbat kultur eragilek antolatuta. 2014-02-27. Kulturak Euskal Herrian bizi duen egoera larriari buruz hitz egiteko jardunaldia.

Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen jardunaldia. Sortzenek, Kontseiluak, Elhuyarrek, Aitor ikastolak eta Dima Ugarana herri ikastetxeak antolatuta. 2014-04-04. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proiektua izan zen landutako gaia.
Euskoiberismoa. Euskararen Jatorria Elkarteak antolatuta. 2014-05-10. Euskoiberismoaren inguruko ikerketak eta proposamenak.

Erromatarren aurreko baskoien garaitik Nafarroako Erresumara. Atlantiar Nazioarteko Biltzarra. Jazaurreak antolatuta. 2014-05-16. Euskararen historiaurrea eta historia izan ziren bertako aztergaiak.

Euskara erabiltzeko planak: elkarrekin berritzen. Udaltop Soziolinguistika Jardunaldia. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lasarte-Oriako Udalak eta Soziolinguistika Klusterrak antolatuta. 2014-05-15/16. Herri erakundeen barruan euskararen erabilera zabaltzeko eta trinkotzeko eratzen diren planetan berrikuntzaren ikusbidea.

Euskararen transmisioa mintegia. Eta kitto elkarteak antolatuta. 2014-05-08. Hizkuntzaren transmisioa eta sozializazioa gogoetagai.

Begiratu azkar honek erakusten digunaren arabera, badirudi euskalgintzak funts eta sakontasun handi samarreko gaietan daukala jarrita begirada. Historiarekin lotutako biak besteetatik aldentzen dira, baina azken sei hilabeteotan egindako gainerako jardunaldiak gaurkotasunari lotuta daude, eta erronka sakon eta handiei begira jartzen direla esanen nuke: euskararen erabilera esparru sozioekonomikoan, euskararen garapena Nafarroan, hizkuntza eta lurraldea, motibazioa, euskal kulturgintzaren erronkak eta gorpuztea, hiztun euskaldun eleaniztunak, administrazioaren esparrua euskalduntzeko jarduna, eta euskararen transmisioa eta sozializazioa. Beste gai ezinbesteko eta garrantzitsu batzuk egon litezke, ziur asko egonen dira, baina horiek ere izan badira garrantzitsu eta ezinbesteko.

Detaileak ere badu tokia

Euskalgintzak apustu edo izaera estrategikoaren usaina duten erronkei eta lan ildoei begira egon behar du, norabide edo zentzurik ez duen dinamika eta jarduera batean ez badu ari nahi. Auzi lodiak izan beharko ditu aztergai, horrenbestez, baina detailerako eta xehetasunerako tokia ere utzi beharko da, ildo nagusia bera azkenean egitasmo eta ekintza xehe ere bihurtzen delako, eta ideia orokorrek ere ez gaituztelako zehaztapenik gabe inora eramanen.

Ekintza xehe, mikro mailako eta akaso eragin-eremu meharrekoek ere merezi lezakete gure arreta, izan jardunaldi batean edo izan soziolinguistikako argitalpen jakin batean. Gure gogoeta guztia horretara lerratuko balitz oker genbiltzake, baina begirada orokorra baztertu gabe xeheari erreparatzen ere asmatzen badugu, ez gara hain oker ari nire ustez.

Bestalde, eta euskalgintza antolatuaren eremu estutik ateratzea izan litekeen arren, aipa liteke Bat aldizkariko 87-88. zenbakian argitaratutako artikulu batek dioena. Hainbat egilek osatutako ‘Azken urteetako euskal ikerkuntza soziolinguistikoaren azterketa deskribatzailea’ artikuluan, bertako ikerketa soziolinguistikoa azken aldian zeri begira egon den erakusten saiatu dira. Ikertzaileek, giro akademikoan eta teoriko samarrean ari diren horiek, nolako joera duten erakusten digu deskribaketa horrek, eta honako pasarte hauetan jasotzen da, gutxi gorabehera behintzat, azterlan horren egileek ikusi dutena:

Euskarak gizartean duen egoeraz –status delakoaz– kezka duten ikerlanak nagusitzen dira –lautik hiru– euskal ikerkuntza soziolinguistikoan. Horri lotuta, ikerlan gehien-gehienek, izaera akademikokoak edo aplikatukoak izan, euskarri berean dituzte abiapuntu eta sostengu: euskara normalizatzeko asmoan, hain zuzen. Izan ere, bai ikergaiak aztertzean, bai ikerlanen bultzagile edo suspertzaileen jatorriari erreparatzean, argi dagoena hauxe da: ez dela hesi garbirik mota akademikoko eta aplikatuko lanen artean. Ez dago jakiterik horietako askoren azken asmoa eremu akademikora mugatzen ote den ala, giro horretan sortuak izan arren, beren azken jomuga dimentsio aplikatukoa ote den.

Badirudi, hortaz, ikertzaileak ere, joera akademizistaz eta jakin-min zientifiko hutsaz gainera, euskararen berreskurapenari begira jarrita daudela eta horrek kezkatzen dituela. Jakintza eta ikerkuntza hori guztia nola kudeatzen den, jakina, beste kontu bat da, agian aztertzea ere mereziko lukeena.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan