miren artetxe

Telebistari so

2015-07-29 Bloga

Telebistaren aurrean oso denbora gutxi eman ohi badugu ere, azkenaldi honetan ordu txikietako zenbait bitxikeriek harritu gaituzte. Etxe –jauregiak ote?– dotoreak erakusten dituen saioa, erraterako. Ez genuen jaso etxeak saltzekoak ziren-edo, baina etxeen desjabetze aro honetan halako telezaborra ikusteak nolabaiteko mina eman zigun. Zer erran prostituzioa babesten duten establezimenduak aurkezten eta erakusten dituzten saioei buruz? Eta enkanteak negozio iturri gisa aurkezten dituztenak? Ez da argitu altzari eta gauza horiek desjabetutako etxeetatik datozen edo ez, baina dirua erraz lortzeko irudia bai eman nahi duela iruditu zitzaigun. Denetarik ikusi genuela pentsatzera iritsi ginenerako, hara non, bertze saio batean, pertsona biluziak agertu ziren, baso edo hondartza baten erdian, titi, alu eta zakilak ezkutatzeko pixelizazioa erabiliz. Saio haren nondik norakoaz jabetzeko astirik ez eta hurrengo esperpentoa aurrean genuela ohartu ginen: adin txikiko neska-mutiko batzuk bazkari bana prestatzen ari ziren txapelketa moduko saio batean. Non daude haur horien defentsarako erakundeak, eta senide edo tutoreak? Gainera, kate publiko batek emititurik! Gero datoz zozketak, poker txapelketak, eta aizto, elektrotresna edo ariketa fisikoak egiteko tresnerien salmentarako saio komertzialak. Eskerrak musika saio batzuk ere badauden… Ufa! Hauteskunde gauaren zapping luzeak biharamun mingotsa eragin zigun!

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan