2016-11-09 Bloga
Bukatu dira Rioko Olinpiar Jokoak. Kirolariak etxean dira honezkero. Baita kazetariak ere. Jokatu dira jokatu beharrekoak, estatu bakoitzak zenbatu ditu bere dominak, eta orain Rioko favelak Google Mapsen ikus daitezke. Zoragarri.
Aurten ere okitu arte irakurri ditugu emakume kirolariei buruzko lerro-buru matxistak. Lehia hasi aurretik atleta ederrenen zerrendak, eta lehiak aurrera egin ahala, emakume garaile bakoitzaren atzean legokeen gizonezkoaren aipamenak, izan entrenatzailea, bikotekidea edo beste edozein; onenean, haien kirol emaitzen analisien aurretik, eta, txarrenean, beren horretan.
Eta harritu egiten gara –xaloak, gu–. Historian zehar emakumeek kirol-lehian parte hartzeko izan dituzten eta dituzten zailtasunak lerro-buru horietatik erabat aparteko kontuak balira bezala. Kirol-lehia, gaur egun ulertzen dugun moduan, gizonengandik eta gizonentzako eraikia –eta kontatua– izan ez balitz bezala. Galdetu Ainhoa Tirapuri. Eli Pinedori. Leire Olaberriari. Galdetu Maider Undari. Ainhitze Kalonjeri. Maialen Chourrauti. Galdetu baliabideez. Soldatez. Ikusgarritasunaz.
Cambridge University Press-ek ingelesezko milioika hitzek osatutako datu basea landu du, hedabideek kirolaz hitz egiterakoan emakumeak eta gizonak berdin tratatzen ote dituzten jakiteko. Eta hona ondorioak, Onintza Iruretak bere blogean euskaraz bilduta:
Kirola ez baita gizartetik eta kulturatik aparteko burbuila; antzinarotik gaur arte, emakumeen kirola gizartearen eredura garatu da, tokian tokiko eta unean uneko baldintzen arabera. Uneak une eta tokiak toki, kontua da garai bateko eta oraingo lerro-buruek antz handiegia dutela gauza onerako.
Goazen atzera. Antzinatera. Jatorrizko Joko Olinpikoetan (koka gaitezen, esaterako, K.a. 776. urtean), emakumeek debekatua zuten parte hartzea, lehian zein ikusle gisa, eta araua hausteak heriotza zigorra zekarkion kirolzaleari (Atenas ondoko Tipeo mendiko amildegian behera botata, zehazki). Ziniska izeneko emakumea izan omen zen urrezko domina irabazi zuen lehen emakumea K.a. 396. urtean (orduan ez zegoen dominarik, baina demagun). Koadriga lasterketa irabazita lortu zuen garaipen historikoa, zaldi lasterketetan ez baitzuen zaldizkoak irabazten, zaldien jabeak baizik. Harro egoteko moduan izango zen, noski, Ziniska zelakoa. Ez erabat, ordea, Plutarkoren hitzei bagagozkie. Nonbait, Agesilao nebak gaitzetsi egiten omen zituen zaldi probak kirol gisa, eta berak bultzatu omen zuen arreba «greziarrei erakusteko proba hipikoak irabazteko ez zela inolako talenturik behar, aberatsa izatea eta dirua gastatzeko prest egotea baizik». Espartarra zen Ziniska, espartar erregeen alaba eta arreba, salbuespenaren salbuespena. Izan ere, mendebaldeko (oi gure) zibilizazioaren jatorrizko kulturatzat dugun Atenasen, emakumeak sarbide eskasa zuen espazio publikora, eta, beraz, kirolera (agoraren ideia gaur egunera klase eta generoz aseptizatua iritsi bazaigu ere). Baina Espartako hezkuntza sistemak garrantzi handia ematen zion gorputza lantzeari. Baita emakumeei zegokienez ere –Likurgo legelariaren aginduz–, seme-alaba osasuntsu eta sendoez erditu zitezen. Atenasen ospe galanta zuten emakume kirolari haiek. Testuetan maiz ageri dira haien osasunari eta edertasunari buruzko aipamenak. Baita kirol jardueretarako erabilitako janzkera haragikoiei buruzkoak ere. Ederrean eder, lizunean lizun. Ez zuten ospe ona soilik, emakume espartarrek. Hala zioen Euripidesek Andromaka-n, Peleoren ahotan: «nahita ere ezingo luke neska espartar batek garbia izan, haien etxeak utzirik, izterrak airean eta arropak solte, gizonekin batera lehiatzen baitira lasterketa-pista eta palestra komunetan».
Jakina da eta dokumentatuta dago, nolanahi ere, greziar eta erromatar garaietan emakumeak kirolean jardun zirela, eta baita lehian ere, luzaz eta etengabe. Hori bai, ez zuten sarbide erraza (batzuek besteek baino errazagoa, noski), ez kirolera eta are gutxiago lehiara. Aipatuagoak dira garai hartan ere orduko emakume atleten janzkerak eta biluztasunak, kirol emaitzak baino. Eta ez da orduko kontua. Erromatar garaiko ikonografian emakume kirolarien irudi famatuenak Siziliako Piazza Armerinan daude ikusgai IV. mendeko mosaiko zoragarri batzuetan. Hamar emakume ageri dira: korrikalariak, jauzilariak, diskoboloak eta pilota jokalariak, atletismoan lehiatzen. Emakumeek, batek izan ezik, larruzko gerripekoak daramatzate soinean, eta uhalez estaliak bularrak. Kitoia daramanak koroa bat du eskuetan. Mosaikoa Bikinidun neskak bezala da ezaguna, akademikoki Garailearen koroatzea izendatu ohi bada ere.
Gatozen, ordea, hurbilagoko garaietara. Atenasen jokatu ziren aro modernoko lehen Olinpiar Jokoak 1896an (XIX. mende bukaeran bultzada instituzional nabarmena eman zitzaion kirolari gizarte fenomeno gisa, eta Olinpiar Joko Modernoak dira, beharbada, horren erakusgarri adierazgarriena). Bi milurteko eta sei mende pasatu dira eta joko horietan ere ez du emakume bakar batek ere parte hartuko. Pierre de Coubertin Olinpiar Jokoen sustatzaile gorenak hala hitz egingo du gaiari buruz:
Gora bihotzak.
Mugimendu feministaren presioa medio, Parisen izan zen lehen kontzesio zurigarria 1900ean. 22 emakumek hartu zuten parte, 975 gizonen aldamenean. Bi kiroletan izango zuten proba ofizialetan lehiatzeko baimena: tenisean eta golfean (aristokraten denbora-pasa ziren belan, kroketean, patinaje artistikoan edo ekitazioan ere parte hartu ahal izan zuten, baina ez ofizialki lehiatuz). Charlotte Cooper tenislaria izan zen lehen txapeldun olinpiarra. Cooperren wikipedia orrialdeak, gaur egun, bere seme-alabez eta senarraz datuak ematen dizkigu (bai ingelesez, bai frantsesez eta baita gaztelaniaz ere).
Segidan etorri ziren Saint Louis 1904, Londres 1908 eta Stockholm 1912, aurrerabide handirik gabe. Berlinen egitekoak ziren Jokoak bertan behera gelditu ziren 1916an, Lehen Mundu Gerra martxan zela eta. Gerra hark, hain zuzen, denen bistara baliogabetu zuen emakumeen ‘berezko ahuleziaren’ argumentua, Frantzian, esaterako. Eta bertatik etorri zen emakumeen parte-hartzeari buruzko aldarrikapen indartsuena, Alice Milliat (1884-1957) buru zela. Armistizioa izenpetzerako sortua zen Frantziako Elkarte Femeninoen Federazioa, eta Milliatek hartuko du Federazioko lehendakaritza 1919an. Urte horretan bertan eskatuko dio Nazioarteko Komite Olinpikoari emakumeen atletismoko proba ofizialak antola ditzala Anberesko Jokoetan. De Coubertinen ezezkoa erabatekoa da, eta Jokoetan parte hartuko duten 65 emakumeen presentzia alibia baino ez, 2.561 gizonen alboan. Urte hartan prentsak gehiago hitz egingo du Magda Julin (1894-1990) suediar patinatzailearen soineko beltz luzeaz bere urrezko dominaz baino, eta oraindik orain, bere wikipedia orrian, Olinpiar Jokoen garaian lau hilabeteko haurdun zegoela aipatzen da (eta ageri dira bere senarra eta haurrak ere).
Ezina ekinez egina. Milliatek eta bere kideek ez dute atzera egingo. Monte-Carlon nazioarteko bilera bat antolatuko dute 1921ean eta Nazioarteko Emakumeen Kirol Federazioa (NEKF) sortu. Milliat lehendakari, bere Parisko etxea bihurtu zen erakundearen egoitza, Varenne kaleko 3.ean. Federazioak Emakumeen Olinpiar Jokoak antolatuko ditu 1922an, Parisen lehenak, eta 1926an Göteborgen bigarrenak.
Bien bitartean, 1924an, honakoa argitaratu zen Espainiako Aire libre kazetan:
Joko Femeninoek arrakasta izango dute, ordea, eta Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak (AFNE) komisio bat sortzea proposatuko dio NKEFri, Joko Femeninoetan burutzen ziren hamahiru probetatik bost Joko Maskulinoetan integratzeko. Alice Milliat aurka agertuko da. Federazioko gainerako kideak alde.
Hala, 1928ko Amsterdamgo Jokoetan ikusi zen lehen emakumezkoen atletismo proba Gizonezkoen Olinpiar Jokoetan. Lina Radke-k irabazi zuen 800m-tako lasterketan zenbait atleta helmugara leher eginda iritsi izanak polemika sortu zuen. Hainbesteraino, ezen ateak zabaldu bezain laster itxi baitziren: 1960ra arte debekatu zitzaien proba hura emakumeei, emakumeen gaitasun fisikoei egokitzen omen ez zitzaielako. Kazetari alemaniar batek hala idatzi zuen 1928ko abuztuaren 3ko Frankfurteko Kazetan: «Uste dugu emakumeak ez duela hain distantzia luzeetan laster egin behar. […] ia lehiakide guztiak erabat abailduta zeuden. Ez zen ikuskizun polita». Lasterketa hura ulertzeko modu hori zalantzan jarri zen, ordea, gerora. Emakumeek etsipen hutsez jo omen zuten behea, eta ez erabateko nekeak jota.
1930 eta 1934an ere jokatu ziren Olinpiar Joko Femeninoak, baina 1936an Milliat gaixotu egin zen, NEKF AFNEk irentsi zuen, Olinpiar Joko Femeninoen amaiera jakinarazi zen, eta 1938an desegin zen Federazioa behin betiko. Milliat 1957an hil zen. Bere gorpua Nantes hegoaldeko Saint-Jacques auzoko hilerrian dago. Ez omen da bere izenik ageri hilobian. Nantes hirian bertan, Pierre-Quinon izeneko atletismo estadioan, areto nagusiak ez, besteak, Alice Milliat izena du 2013az geroztik.
2012an lortu zen lehen aldiz Londresko Jokoetan herrialde guztiek emakumez ere osatutako ordezkaritzak bidaltzea eta emakumeek (udako) programa olinpikoko proba guztietan parte-hartzea (boxeoa falta zen, kasualitatez). Samaranch-en lehendakaritza garaian lortu zen emakumeek sari ekonomikoak beraien kontu korronteetan jasotzea. 1981ean, emakumeak Komite Olinpikorako hautatu ahal izatea. 1990ean, lehen kargu exekutiboa. Gaur egun %3 baizik ez dira Komite Olinpikoko emakume goi kargudunak. Nekez ikusiko dugu, beraz, Tokion ere, emakume bat inori urrezko domina janzten.
Kirolaren soziologiak gaur egun kirola ulertzeko dugun moduaren jatorritzat ditu Olinpiar Joko Modernoak. Eta esan dezagun hitz potolotan: hasiera bateko helburua antzinate klasikoko balio idealizatuak berreskuratzeko ahalegina izan bazen ere, laster bihurtu ziren iraultza industrialari loturiko fenomenoa eta gizarte kapitalista sendotzeko tresna paregabea. Kirol lehiaren bidez justifika zitezkeen ezberdintasun sozialak, klase, arraza edo sexu/genero diferentziak naturalizatuz. Hortik eratorriak dira emakumetasun frogak eta transexualitatearekiko irmokeria. Emakumeen edertasun/feminitate ala edertasun falta edo maskulinitatearekiko interesa. Emakumeen garaipenak gizonezkoei egotzi beharra. Kirolarien amatasunaren gorespena eta sexu grinen gaitzespena (emakumea subjektu gisa ulertuta, noski). Emakumeen indargabetasuna eta lehiarako gaitasun eza sinetsi eta sinetsarazi nahia. Rion ikusi nahi izan dugun parekidetasun erakusleihoa kezko hesi erakargarri bat besterik ez da.
Beharrezkoa da, beraz, Chourraut. Halako eredurik gabe zaila litzateke frogatzea estereotipo sozialak direla gainditu beharreko hesiak, eta ez emakume gorputzaren berezko muga fisikoak. Beharrezkoak Riora heldu ez direnak eta lehian ez bada ere kirolen batean dihardutenak. Beharrezkoak kirol-kazetari emakumeak, eta genero ikuspegidunak (kazetaritza bera hobetzeko, besteak beste). Beharrezkoak emakume entrenatzaile eta hezitzaileak, eta hezitzaile feministak. Izan ere, kirola gizartearen isla den neurri berean da gizartea bera eraldatzeko tresna. Amelia Barquinen hitzetan:
Eta, horrexegatik, «[beste] balio batzuk bultzatzeko eta jarrera batzuk deseraikitzeko erabili behar dugu kirol hezitzailea».