2016-03-16 Bloga
Nazioarteko boikota amaitu ondoren, Irango Errepublika Islamiarraren egoera ez da gehiegi hobetu. Hasi petrolioaren salneurri apalarekin, haren auzoko herrietako egoera ezegonkorrarekin amaitzeko. Barne tentsio eta gatazka irekiak ahaztu gabe. Hala ere, Mendebaleko zenbait herritatik igaro da Rohani lehendakaria milioikako kontratuak, edo aurreakordioak, sinatzen. «Business as usual», diotenez. Ikustekoa da potentzia kapitalisten jarrera ireki horrek luzaro iraunen duen. Deflazioari eta langabeziaren mehatxuari aurre egiteko ‘lokomotora’ bat edo gehiago behar du kapitalismoak. Duela hogeita bortz urte, 1989 inguruan, Japoniako ekonomia atzeraldian sartu zenean, espekulazio-hamarkada ero baten amaieran, kapitalismoaren kontraesanak areagotzen ari ziren, Sobiet Batasunaren barneko tentsioak lehertzen hasi eta gero, bereziki. Bloke sobietarraren desagerpena kapitalismoaren erabateko garaipena izan beharrean, sistema politiko-ekonomiko neoliberalaren gabeziak ezkutatzeko indarrean zeuden mekanismoak, Gerra Hotzaren garaietatik zetozenak, agerian utzi eta nolabait indargabeturik geratu ziren. Hasiera batean, joan den mendeko 90eko hamarkadaren lehenengo erdian, Amerikako Estatu Batuetan lidergoa sendotuko zela bazirudien ere, Yugoslavia ohiaren banaketaren prozesuaren inguruan sortutako desadostasun estrategiko berriak (gogoan izan Alemania batua ez zutela oso begikoa Mitterrand eta Thatcherrek, eta Alemaniak Ekialdeko Europako lehenbiziko independentziak inolako negoziaziorik gabe aitortu zituela bere kabuz) eta Sobiet Batasunaren desagerpenarekin sortzen ziren merkatu kapitalista berrien kontrolatzeko saiakerak bloke kapitalista zatitzeko nahikoak izan zirela. Gero, euroaren sorrerarekin Europako Batasunak mundu mailako hedapena garatzeko tresna izan zuelarik, nazioarteko lehia azkartu eta areagotu da, merkatuetan Txina, India eta enparauen agerpen indartsua ahaztu gabe.
Energia berriztagarriak babesten eta goresten dituzten gobernu berberak petrolio eta gasbide berrien eraikuntza prestatzen ari dira. Egitasmo horien garrantzi geoestrategikoaz gain, enpresa transnazional batzuentzako egundoko negozioa dira, urteetako lan eta diru sarrerak suposatzen baitituzte. Orduan, ikustekoa da petrolioaren salneurria hain merke mantentzearen politika egin beharreko inbertsio berriekin bateragarria ote den. Venezuela, Iran edo Errusia bezalako herrietan erne dabiltza, baina petrolio merkearen aroa gainditu arte ezin izanen dute behar duten finantziazioa eskuratu, nazioarteko finantza merkatuetatik at, noski.