2026-09-30 Egunen gurpilean
Palestine 36
Ya habibi taala elhaani, shoof elli garaali… min ba’dak. Sahrana min wagdi banagi khayalak… Min qadak? (Zatoz, maitea, segi nazazu, begira zer gertatu zaidan… zure ausentziatik. Lorik egin ezinik nago nire pasioagatik, zure mamuari hel egiten diot… nork balio du zuk bezainbeste?). Amal El Atrach Asmahan-en abestirik famatuena buru guzietan finkatzen da lehen doinuak adituz gero. Ez dakit esaten kantua noiz entzun nuen lehenbizikoz, baina melodia atsegin bezain obsesibo hori Palestine 36 filmaren soinu-bandaren parte da eta ezin dut burutik kendu duela aste batzuk filma ikusi nuenetik. Uda honetan estreinatu eta oraindik Hego Euskal Herriko aretoetan ikusgai dagoen film luze horrek 1936-1939an Palestinako Britainiar Agintaldian domeinu kolonialaren aurka izandako arabiar errebolta kontatzen du. Benetan pelikula interesgarria da, arrazoi ezberdinengatik:
1) Gertakari historikoak birsortzea hain da ongi lortua, non eszena filmatuekin nahasten diren artxiboko irudiek itsatsi egiten duten eta estetika garbiaren itxura ematen duten.
2) Ez da oso ohikoa Nakba (‘hondamena’, palestinar exodoa) baino lehenagoko Palestinaz aritzea; beraz, herri palestinarraren gure perspektiba (hau da, Mendebaldekoa) 1948tik aurrera hasi ohi da. Zentzu horretan, genozidio sionista britainiarren presentzian eta herri juduari eta Palestinan estatu judu bat sortzeari laguntzeko politikan sortzen dela gogorarazten digu filmak.
3) Lurralde palestinarrean politikoki ‘ez-zuzena’ den pelikula filmatzeko balentria islatzen du, horrek dakartzan oztopo guztiekin. Zaila da horrelako zerbait lortzea, mirari baten gisa agertu da obra zinema-aretoetan.
Izan ere, kolonialismoaren aurkako film bat dugu, zinemagile palestinar batek egina, genozidioaren ondorioz atzerapen anitzekin Palestinan filmatua, Hollywoodeko blockbuster moderno gehienak baino anbiziotsuagoa. Annemarie Jacir zuzendariak dixit:
Lau aldiz gelditu eta hasi behar izan genuen gertatzen ari zen guztiarekin, gero eta okerrago geratu baitzen. Nik filmatzea nahi zuten [beste leku batzuetan:] Maltan, Grezian, Marokon eta Zipren, besteak beste. Ezezkoa ematen jarraitu nuen, burugogor izan nintzen horretan. Ezin izan nuen jasan hainbeste eszena Palestinatik atera behar izatea. Hain suntsitzailea izan zen, filmak lurrari buruz asko hitz egiten baitu; Jerusalemen edo Jaffan girotutako eszenak beste nonbait filmatzea eta benetakoa zelako plantak egitea besterik ez nuen buruan.
Filmak zuzeneko ekintza eta borroka armatuaren bidezko erresistentzia nabarmentzen ditu, gertaera historikoei leial. Zentzu horretan, lan horrek oinarri ideologiko eta militante oso zehatza duten film historikoen tradizioari jarraitzen dio. Mamu bat dabil Palestine 36 filmaren gainean: Pontecorvoren La battaglia di Algeri-ren mamua.
Mezua vs estetika
Pelikulak hunkitu ninduen, sakonki. Zerbait berria ikasi nuen sentsazioarekin atera nintzen aretotik, eta gainera irudiak oso ongi nahasten ziren aukeratutako abestiekin eta Palestinako borrokaren adierazgarri diren poema zatiekin. Badira, ordea, filmaren inguruan loratzen diren kritikak, batez ere artxiboko irudiei dagokienez. Arazoetako bat zinemagileak garaiko artxiboko irudiak berpizteko moduan datza: Jerusalem garaikidetik arabiar matxinadara begirako ikuspegiak koloreztatu egin dira adimen artifizialaren bidez, eta 4K pantailetan are gehiago puzten da efektu hori. Zinemazaleen artean eta mundu osoan ezaguna den Letterboxd plataforman (filmei buruzko gustu eta iritziak trukatzekoa), erabiltzaile batek honela zioen: «Erabat aldatu zitzaidan drama historikoetan artxiboko irudiak erabiltzeari buruzko iritzia» (onerako), baina beste batek:
Artxiboko irudietan AAren kolorazio/birmasterizazio oldarkorra erabiltzea gaitzesgarria iruditzen zait. Lotsagarria iruditzen zait filmean agertzen den jendearen eszenak ‘hobetu’ izana, sinetsarazi baitigute haien bizitza errealak, dokumentatuak, estetikoki ez direla berez desiragarriak. Gauza horrek beti du itxura izugarria, baina testuinguru berezi horren barruan groteskoa iruditzen zait.
Mmm. Estetika vs mezua. Artearen funtzioaren etengabeko eztabaida.
Azken horrekin lotuta, Le Monde Diplomatique hilabetekariak Mahmud Darwish poetaren testu argitaragabe bat ekarri zigun abuztuan, eta poemagileak bere bizitzaren sorrerako gertakizunei errepasoa egiten die: 1948ko erbestea, errefuxiatu haurtzaroa, eta nola bere konpromiso politikoak poesia estetiko eta aldi berean borrokalariaren oinarriak mamitu zituen. Azken puntuari dagokionez, honela dio:
Beraz, bi harreman lantzen ditut: Palestinako kausarekin dudana eta hizkuntza poetikoarekin dudana sakontzen ditut. Bi bide paralelotan ibiltzen naiz. Batzuetan, nire poemaren edertasuna –haren maila artistikoa– hain da abstraktua, non olerkiaren funtzioa isiltzen baitu.
Asko pentsatu dut horretaz. Guk ere, beste kontinente batetik, parte hartzen dugu horretan? Estetikaren atzean ezkutatzen al dugu mezua? Afera gehiegi dilatatu gabe, zertarako janzten ditugu kufijak? Exotizazioaren mugan al gaude jatetxe palestinarrak bisitatzen ditugunean, soilik ‘kausaren alde’? Eta manifestazio amaieran dabka dantzaren tailerrak antolatuz? Ba al dago palestinarren auziaren erromantizaziorik? Borrokaren ikusgarritasunaren inguruan egiten ari diren ahaleginak debaluatu gabe, zinez galdetzen diot neure buruari ea ekintza horiek, ahaztua ez izateko borrokan ari den herri baten alderdi kultural aberatsak ikusarazteaz harago, hori baino gehiagora eramaten ote gaituzten. Bai, helburua noblea da (eta askok ez lukete ezta hori ere eginen), baina proposamen horiek nahikoak al dira apartheid baten aurrean? Batez ere, apartheid hori dokumentatuta dagoenean (hau da, Palestine 36 filmak egin zuen dokumentazio historikoko lana egiteko beharrik ez)? Genozidioaren irudiekin bonbardatzen gaituzten unean, zuzeneko bideoen, adimen artifizialaren eta nekadura digitalaren aroan, ekintza horiek ez al dira jukutria besterik? Ez al gara ari Palestinaren folklorizazioa bizitzen (eta elikatzen)? Inola ere ez ditut zalantzan jartzen erakunde solidario guztien asmo onak (eskerrik asko!), eta ez nintzateke inor seinalatzera ausartuko, baina ekimen jakin batzuen eraginkortasuna zalantzan jartzeko lizentzia hartzen dut.
Never stop talking about Palestine
Apartheidaren ‘normalizazio’ terminoa erabili ohi da, errealitatea eufemizatzeko joera, eta hiztegi baten erabilerarekin batera doa (‘Israelen eta Palestinaren arteko gatazka’, ‘Ekialde Hurbileko gerra’); azken horrek urkatzaile baten eta haren biktimaren presentzia ezabatzen du (‘gerrak’ maila berean jartzen ditu, zerutik erori izan balitz bezala). Zeren Palestina eskuin muturraren asmoen isla ia perfektua da, eta asmo hori mundua zeharkatzen ari da, bai hautetsontzietan, bai bide maltzurragoetan, edonoren eskura eta, batez ere, berehala. Horrekin esan nahi dut sare sozialen eta, sorpresa!, adimen artifizialaren erabilera –itzuli gara muinera–.
Duela gutxi, AAren eta haren kutsu arrazisten inguruko polemika bat piztu da Frantziako hedabideetan. Lehenik sare sozialetan ezagutarazia, irrati publikoan eztabaidagai izan zen irailean: erabiltzaile emakume batek Googleren Gemini AAn bi esaldi idatzi zituen, ia antzekoak, detaile bat izan ezik: «Bakarrik nago [gizon] aljeriar batekin» eta «Bakarrik nago [gizon] italiar batekin». Laguntzaile artifizialak sedukzio-une posible bat aipatu zuen gizona italiarra zenean, eta larrialdi-zenbaki batera edo poliziari deitzea iradoki zuen aljeriarra zenean. Irratsaioan, Anne Bouverot Frantziako AAren kontseiluko presidentekideak honela zioen:
Adimen artifizial guztiek berezkoa duten arazoa da. Kasu honetan Google da, baina beste hamaika adibide ditugu beste txatbot [agente interaktibo] batzuekin –ChatGPTri egin zion galdera–, AAk Interneten eskuragarri dagoen guztitik edaten duelako, eta, tamalez, estereotipo asko daude eta joera asko ere bai.
Guztitik. Egunero erabiltzen ditugun makinak lan akademikoez eta dokumentu instituzionalez zein gorrotozko iruzkin arrazistez elikatzen dira. Badakigu ere kontzientziarik gabeko robot horiek ez dutela errealitatea esaten, baizik eta elikatu dituzten testuen bidez errealitateaz duten ikuspegia laburbiltzen dutela. Alegia, makina batek estatistiko erregularrak harrapatzen ditu, eta erantzun probableena sortzen du. Eta probableena balitz genozidioaren jarraipena? Probableena balitz palestinarren desagerpena, Ibtisam Azem idazleak bere herriaren eta historiaren ikusezintasuna jorratzen duen Desagertzearen liburua eleberri distopikoan aurreikusten duen bezala? Bada, errealitateak fikzioa aurreratu du: gogora dezagun 2023an hainbat egunkarik jakinarazi zutela Israelgo armadak adimen artifizialean oinarritutako programa bat garatu zuela, Lavender (izpiliku) izenekoa. Israelgo inteligentzia-zerbitzuko ofizialen arabera –denak armadan arituak Gazan–, Lavenderrek rol nagusia izan du palestinarren aurkako inoiz ez bezalako bonbardaketan, batez ere gerraren lehen faseetan. Izan ere, hainbestekoa izan zen militarren operazioetan izan zuen eragina, ezen funtsean AA makinaren emaitzak ‘giza erabaki bat balira bezala’ tratatzen baitzituzten.
Esan beharrik ez da hemendik aurrera Internet den sare tentakular horretan uzten den edozein aztarna gasolio gisa erabiliko dela. Adimen artifiziala motor nekaezinena baita. Artikuluak, liburuak, filmak, mezuak eta emotikonoak, baina baita beste adimen artifizialek sortzen dutena ere. Trollak, orain arte iseken objektu, ideia (edo okerrago, ideologia) global bat eratuko duten iturri izanen dira aurrerantzean.
Eta hona dator kontaeraren garrantzia. Zer kontatzen dugu, nola, nori/zeri begira, nondik? Teoria feministak asko irakatsi digu horri buruz: hitz egiten duen gorputza hitzak bezain garrantzitsua baita. Baina baita hitz egiteko eta kontatzeko eta kontakizunak sortzeko betebeharra ere. Artikulu luze bezain ederra sinatu du Abdaljawad Omar Ramallahko idazleak, Equator aldizkarian, ‘Gaza eta ergelkeria moralaren arazoa’ (nire itzulpena) izenekoa. Bertan, Mendebaldeko intelektual palestinarren zeregin tradizionala –Edward Saiden formulazioari jarraituz– «kontatzeko baimena» ziurtatzea zela azaltzen du, palestinarren desjabetzearen inguruko isiltasun-horma haustea, palestinarrak baztertzen dituzten erakundeen barruan sartu-irtenak egitea. Horrela dio: «Hitzak idazten dira isiltasuna ez delako aukera eskuragarri bat, gertakariak erregistratzen jarraitu behar delako, kontatzea bera proiektu kolonialak behar duen ezabaketa arbuiatzeko ekintza delako». Mendebaldetik, mezu horren erreleboa egitea dagokigu, edozein dela ere transmisio bidea, palestinarrek aldiro errepikatzen diguten bezala: Never stop talking about Palestine (Ez utzi inoiz Palestinaz hitz egiteari).
Aretotik atera nintzenean, behin zirrara pasata eta malkoak lehortuak masailetan, pentsatzen hasi nintzen: zer iruditeria eraiki eta partekatu nahi du Palestine 36 filmak? Gaur egungo nazioarteko testuingurua kontuan hartuta, esan nezake garrantzitsuagoa dela konpromisorako espiritua izatea, kontakizun bat modu faktualean berrezartzea baino. Baina uste dut film horrek irakastea besterik ez duela bilatzen, eta ez palestinarren memoria jaso dutenei irakastea, baizik eta memoria horretarako sarbiderik izan ez dutenei (mendebaldarrei) irakastea. Filma –eta arte erreibindikatiboa edo politikoa egiteko beste modu batzuk– hizkuntza horretan mintzo da. Batzuetan inutil, estetiko edo fribolo bezala ikusten ditugun gauzek askoz eragin handiagoa izan dezakete, ikusgarriak direlako; eta badakigu garai honetan ikusgarri den guztiak boterea duela.