miren artetxe

Obamaren itzala

2015-02-25 Bloga

Munduan zehar gauza asko aldatu da azken hilabeteotan… dena berdin egonarazteko ote? Amerikako Estatu Batuetan, legegintzaldiaren erdiko hauteskundeetako alderdi errepublikarraren garaipenak Obama lehendakariaren alderdi demokratari bi kameretan erabateko gehiengoa kendu dio, lame duck (ahate herrena, bere agintaldia amaitzen ari den eta hauteskundeak galdu dituen politikaria) izendapenaren esanahia bertze behin berretsiz. Paradoxalki, bere azkenaurreko urte politikorako asmo deigarriak aurkeztu berri ditu, zerga erreforma edo Kubarekiko ekimen ausartak, bertzeak bertze. Zailtasunen aurrean eroso aritzeko ohitura izan arren, ikustekoa da emaitza politiko zehatzak lortzeko behar diren indar eta trebetasun politikoak bilduko lituzketen, bai Obamak bai bere administrazioak, eskuin populistaren artean.

Bizkitartean, Yes, we can erabilitako leloa AEBetatik kanpo barnean baino askoz sakonago txertatu delakoan gaude. Estatu espainoleko Podemos alderdi politiko berrian edo Grezian boterera iritsi berri den Syriza koalizioan Atlantikoaz bertzaldetik ekarritako gogo, aritzeko manera eta asmoak erraz atzeman daitezke. Hala ere, pixka bat hegoalderago, Saharako independentisten kanpamenduen bonbaketatik –2010. urtearen amaieran Marokoko armadak egindako sarraski krudel bezain ahaztua– Siriako altxamenduraino, udaberri arabiarrak piztutako askatasun sugarra jende xumearen odolez itzalduz joan da, gerra egoera edonon ezarriz. Erakunde terroristen mehatxuez gain, erregimen zaharreko erreakzioak –emir eta sultan jakin batzuen lotsagabeko laguntzaz– etengabe ari dira hasierako lorpenak ezabatzen. Egipton, erraterako, hauteskunde demokratikoetan hautatutako lehendakaria, Morsi jauna, bere postutik kendu eta preso eraman duten bitartean, Mubarak diktadorea kalera atera da, bere konfiantzako oinordeko Al Sisi jenerala lehendakari berria izanik.

Energia kutsagarriaren mendekua

Tradizionalki, lurralde horietan izaten ziren larrialdi edo ustekabe soziopolitikoen ondorioek petrolioaren merkatuaren urduritasuna ekartzen zuten, upelen salneurriak igoaraziz. Oraingoan, aldiz, ez da horrelakorik gertatu hiru arrazoi nagusirengatik. Alde batetik, hazkunde ekonomikoaren mantsotze ia orokorra izan da munduan, salbuespenak salbuespen, energiaren eskaria pentsatu baino txikiagoa bilakatuz; bigarrenik, Ipar Dakota, Texas edo Alabama bezalako lekuetan azken urteotan hasitako shale gas-en erauzketen eskutik (fracking teknika xelebrea erabiliz), energiaren ikuspegitik AEBak ia buruaskiak dira, urte andanaren ondoren petrolio gordinaren esportazioen debekuaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzeraino, eta ohikoak diren haien petrolioaren inportazioak nabarmenki jaitsiz; eta, hirugarrenik, Saudi Arabiak haren petrolioaren eskaintza ez murrizteko hartutako erabakia, diotenez, haren merkatuaren zatia ez galtzeko. Horretan eta gainerako politiketan, ez du ematen erresuma horren Salman errege berriak aldaketarik ekarriko lukeenik.

Petrolioaren merkatzearen soka luzean korapiloak ugaltzen ari izan dira, eta ez zorte hutsezko harian. Aditu batzuen iritziz, Venezuela eta Errusia, munduko petrolio esportatzaile nagusietakoak, ongi pentsatutako estrategia batek ditu helburu. Maduro eta Putin jaunek zuzentzen dituzten gobernuen aurkako neurria omen da merkatze handi hura, gobernu horien diru sarreren hiru laurdenak baino gehiago petroliotik ateratzen dira eta. Estatu administrazioari kalte eginez, pertsonak ari direla zigortzen pentsa daiteke, jendearen ezinegona eta deskontentua areagotuz hautu politiko ezberdinak bultzatzeko bidean. Venezuelako egoeraren inguruko ia edozein aukera posibletzat jo genezakeen arren, espero dezagun Bolibartar Iraultzaren jaioterrian bizikidetza eta ongizatea garaile aterako direla. Errusiako frontean, aldiz, Ukrainaren ekialdean dagoeneko gerra egoeran daude. Horren kariaz, Europako Batasunak Errusiari ezarritako zigorrek, bertze batzuetan faltan sumatu dugun azkartasunez erabakita, ez dute ezer konpondu; baina, abagune ekonomiko zein sozial larri honetan, ziurrenik Putin lehendakariaren ospeari ustekabeko mesedea egin diote.

Deflazioaren aurkako doaneko euroak

EURONIA aldean, eurogunean, alegia, Draghi jaunak zuzentzen duen erakundeak, Europako Banku Zentralak (EBZ), bilioi bat euro finantza-erosketak egiteko erabiltzera doala iragarri berri du, orain arte anatema zena ‘egia berria’ bihurtuz. Finantza aktibo publiko (%80tik %90era) zein pribatu horien erosketen %80 banku zentral nazional bakoitzak egin beharko ditu, era horretan finantza arriskua Europako Banku Zentralen Sistemaren kide guztien artean banatuz, Merkel andreari egindako keinu ezin politikoagoan. AEBetako Erreserba Federala bere QE (Quantitative Easing, hitzez hitz, leuntze kuantitatiboa) eteten hasi ondoren, beti ere bilioi bat dolar baino gehiago jaulkirik, Draghi banku gizonak hori bezalako ekintza heterodoxoari ekiteak hausnarketarako bazka ekarri digu. Kanpotik ikusita, aise pentsa daiteke EBZk Erreserba Federalari txanda hartu diola, bere garaian Erreserba Federalak Japoniako Banku Zentral eta Japoniako gobernuei hartu zien moduan. Izan ere, Europako Batasunaren herrien egoera ekonomikoez haratago, jarduera kapitalistaren zikloek ez dute muga nazionalik onartzen, eta halabeharrezko bezain saihestezinak dira. Bigarren Mundu Gerraren osteko mundu bipolarizatua joan den mendeko hirurogeiko hamarkadaren amaieran hausten hasi bazen ere, 21. mendearen hasieran gertatutakoak Politikan, Ekonomian, jendarteetan, oro har, eredu sozial baten aldaketaren aztarnak bertzerik ez dira. On Karl Marx pentsalariak aurreikusi zuen ildoan, deflazioa da kapitalismoaren gaixotasun kronikoa. Brasil, Errusia, Txina, India eta, neurri apalagoan, Hego Afrika, BRICS izendapenaz ezagutu diren herrien taldea, edo Europan moneta bakarraren ezarpena ez ziren inperialismo zaharraren plangintzan: Fukuyamak iragarritako historiaren amaiera ez da izan rendez vous-en…

Mundu mailako estrategien arteko borroka

Alderantziz, BRICS herrien eskutik lehia kapitalista areagotuz joan da azken hamarkadetan, Nazioarteko Lan Banaketa berri bat eratzen ari da. Nork, non, nola eta norentzat lan egin erabakitzen ari dira, egunoro, enpresa transnazionaletako zuzendaritza taldeak, mundu mailako plangintzaren bitartez. Ezin ulertu, beraz, Hego Europako herrien kinka ekonomiko larria eraldaketa erraldoi hura kontuan hartu gabe. Munduko baliabideen lau bosten munduko biztanleen bosten batek kontsumitzen du, dugu, hobe erranda. Horren aurrean, Txina edo Indian hazkunde ekonomikoa apaldu bada ere, urteko tasak %6 baino handiagoak dira, nazio horien biztanleriaren erosteko ahalmena hemengoa baino askoz gehiago igoz. Gainera, Txinaren kasuan, hango enpresek atzerrian egindako inbertsioak munduan zehar barreiatu dira, datozen urteetan munduko lehen potentzia ekonomikoa bilakatzeko moduan.

Ikuspegi zabal horretatik, gure inguru hurbileko zailtasun ekonomikoak umiltasunez aztertu behar ditugulakoan gaude. Izan ere, desberdintasun ekonomikoak benetan desagerrarazi nahi badira, indarrean dagoen eredu ekonomikoa errotik aldatzea ezinbertzekoa da. Lanaldiaren laburtzea, kontsumoaren kopuru eta eduki jasangarriak hedatzea, aberastasunaren banaketa justuagoa ezartzea, bertzeak bertze, krisialdi kapitalista gainditzeko neurri banaezinak direlako, gastu publikoen murrizketa injustuak –austeritatearen izenean egiten ari direnak– ez dira ez egokiak ez eraginkorrak, aditu kapitalismozaleek etengabe aurkakoa errepikatzen badute ere. Soldata zuzen eta zeharkakoak (diru publikoarekin ordaintzen diren laguntzei dagozkienak) jaisteko politikaren arrakastak dituen ondorio ezin lazgarriagoak jasan ondoren, orain lan baldintzei buruzko lege-erreformaren eragina da nagusi. Zabor kontratuak, miseriazko soldatak, lanpostudun pobreak dira ‘ahalik eta merkeen produzitzea’ helburuaren izenean ezarritako ‘egiturazko erreformen’ epe luzeko emaitza. Inork ez daki egoera nola hobetu daitekeen, zein jarduera produktibo sortu behar den, zein herritako bezeroak bilatu edo nongo hornitzaileekin harremanetan sartu. Ziurtasunik eza eta etorkizun hurbilarekiko mesfidantzaren peko egoeratik ateratzeko administrazio publikoaren ekimenak inoiz baino beharrezkoagoak direnean, EBZk iragarritako politika hedakorrak, nolabaiteko hauspoa izanda ere, ezin ditu hondoko aldaketa mundialen ondorioak ezkutatu, are gutxiago konpondu. Bertzaldetik, euroaren dolarrarekiko truke tasaren ikuspegitik, EBZk politika berria iragarri ondoren, poliki-poliki hasi den moneta europarraren balio galerak jarraituko duela espero da. Euroguneko herrien ondasun eta zerbitzuen esportazioak zertxobait erraztuko dira, baina eurotan salerosten diren finantza aktiboak lehen baino merkeagoak ere izanen dira. Ondorioz, burtsetan enpresa pribatuen arteko erosketa, xurgatze eta fusioak egiteko aukerak ugal daitezke, mundu mailako botere ekonomikoaren borroka areagotuz.

Azti juridiko eta finantzarioen peko euskal ekonomia

Ohikoa denez, hauteskunde urtea izanda, estatu espainoleko ekonomia aurrera egiten ari da, ozta-ozta bada ere. Teknologia eta bikaintasunaz asko mintzatu ondoren, turismoa aipatzen ari dira arduradun politikoak berpizte ekonomiko espainolaren zutabe. Honela, lehen aipatutako munduko lan banaketa berrian Espainiaren benetako kokapena zehaztea ez da lan makala. Kapitalismoaren ur harrotuetan bizirik irauteko, merkatu-txokoak omen dira bilatu beharrekoak, bezero fidel eta aberatsak helburu. Beharbada, aisialdiarekin lotuta dauden jardueretan dago etorkizuna…

Gure herrira itzuliz, Hego Euskal Herriko ekonomiaren azken urteotako gainbehera ez da gelditu. Esparru pribatuko enpresen itxierak eta, sektore publikoan, lanpostuen desagerpenak egunorokoak ditugu. Lan merkatuaren mota ezberdinetako estatistikak gorabehera, lanpostudunen kopurua duela zazpi urtekoa baino txikiagoa da oraindik, eta sortzen ari diren lanpostu berriak, zerbitzu jardueretan bereziki, ezin dira berreskuratze ekonomikoaren bizkarrezurra izan, hain dira ez kualifikatu, gaizki ordaindu eta iraupen laburrekoak. Nafarroa Garaian, ingurumari penagarri honetan, Unión del Pueblo Navarro alderdiak zuzentzen duen foru gobernuak aurrekontu publikoa hirugarren urtez luzatu du, ezintasun politiko eta desegokitasun ekonomikoari azkeneraino eutsiz. Egia da azken hiruhilekoan langabezia tasa jaitsi dela, baina ezin ahaztu 40.000 nafar baino gehiago lan baten bila dabiltzala. Hori gutxi balitz, Volkswagen enpresari itzuli beharreko BEZari buruz Montoro jaunak hasiera batean errandakoak, hots, mila milioi euro baino gehiagoko zorra zuela nafar ogasunak, eta ondoren lortutako akordioaren edukiak, hauteskunde usaina izateaz gain, foruen eta itun ekonomikoaren benetako ahulezia agerian utzi dutelakoan gaude.

Alboko erkidego autonomoan, PSOE-PSEren laguntzaz, Urkullu jaunak zuzentzen duen gobernuak ekonomia berpiztu eta lanpostuak sortzeko neurri batzuk iragarri baditu ere, haien emaitzak nabarmentzeko goizegi da. Gipuzkoan, ostera, nahiko nabarmendu dira Zubietan egin behar zen errauskailuaren kontura aurreko Diputazioak sinatutako finantza kontratuaren ondorio garestiak. Swap delako finantza produktuaren ezaugarri txarrenak pilatu dituzte kontratatu zutenen inozokeria errudunak eta nazioarteko interes tasen jaitsierak. Askotan gertatzen den ildoan, borondate oneko asmoak daude porrot sozial pottoloenen atzean… Interesen swap-ak, interes tasaren trukeak, epe luzeko mailegu handien korrituak nolabait finkatzeko (bereziki etorkizuneko igoeretatik babes gisa) jaio baziren ere, duela asko espekulazio finantzarioa bideratzeko erabili ohi dira, kontratatzen diren unetik aurrera interes tasak izanen dituen aldaketen inguruko eupada jarraituak, alegia. Finantza desarautzea indarrean dagoen bitartean, antzeko eragiketetan hutsik ez egitea oso zaila izanen da, Gipuzkoako jende gehienen kalterako.

Frantziako Errepublikan, urte hasierako atentatuen biharamunean, langabeziaren igoera dela-eta, alarma ekonomikoak piztuta daude, defizit publikoari dagozkion europar araudiak haustera baitoa. Hollande presidenteak Valls gobernuburuari arazo hori zuzentzeko emandako aginduez haratago, ikustekoa da nola jasoko duen iritzi publiko europarrak Grezia, Espainia edo Irlandako herrien kasuetan hartutako Merkel estiloko politika gogorrak Frantziari ez eskatu edo leundu izana. Edozein kasutan, gastu sozialen murrizketak eta enpresen aldeko neurriak ziurtzat eman dituzte adituek. Garai txarrak datoz programa sozialdemokratarentzat.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan