2023-02-16 Bloga
Irati frontoian
Kulturaren zabalkunde (falta) askotan izaten dugu ahotan, eta ezin uka mesfidantza ere eragiten duela beti motzetik gertu ibili eta bat-batean ia pasako marraraino iritsitako pilotak.
Haur literaturako ipuin baten izenburua izan zitekeen. Teo udalekuetan, amona bizikletan eta Irati frontoian. Eta badu misteriotik ere: nola bukatu du Irati pelikulako promozioak pilotalekuetan? Kuriosoa da ezker hormako Urzante, La gula del Norte eta Astoreko karatulen artean Edurne Azkarate eta Eneko Sagardoyren irudiak nola nabarmentzen diren. Txapa azpiko toldoan ere Irati: otsailaren 24an estreinaldia zinemetan.
Kulturaren zabalkunde (falta) askotan izaten dugu ahotan, eta ezin uka mesfidantza ere eragiten duela beti motzetik gertu ibili eta bat-batean ia pasako marraraino iritsitako pilotak. Niri ez zait batere ideia txarra iruditu. Eta behin gorriaren alde eginda, zergatik ez utzi liburuak Labriteko harmailetan edo erakusketa bat Beotibarko pasilloan edo pilotariei egin galdera zer entzunez etorri diren partidurako bidean, zein kultur pilula hartu duten aurkariari aurre egiteko. Gutxienean elkarrizketetan erantzun diferentexeagoak entzungo ditugu.
Bost Txindoki desfilean
Txanponaren bi aldeen metafora ez zen kasualitatez jarri. Badira beste hainbat objektu bi aurpegi dituztenak, baina txanponak bezala gutxik bereizten ditu aurkia eta ifrentzua. Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da 2023 urte honen hasieran. Espainiako Gobernuak %8 handitu du gutxieneko soldata, eta 74.500 langileri eragingo die. Erretiratzeko adina atzeratzeko asmoa geroz eta errealagoa da astero. Kontrara, BBVAk %38an igo ditu bere irabaziak 2021ean. EAEko batez besteko soldata inoizko handiena izan zen, 2.051 eurokoa, Nafarroan 2.189koa eta Frantzian 3.331koa (ez dugu Iparraldeko daturik). Europako Batasuneko batezbestekoa baino %6,5 txikiagoa gutxi gorabehera.
Forbes aldizkariaren 2022ko zerrendaren arabera, Suitzan bizi den Daniel Maté donostiar enpresaria da euskal herritar aberatsena. 3.200 milioi euroko irabaziak izan ditu: hau da, Jan Penen desfilean, gutxi gorabehera, bost Txindoki adinako luzera izango luke.
Eta, halakoetan, 1971n Jan Pen ekonomialari herbeheretarrak egindako irudikapena etortzen zait gogora. Desberdintasun soziala ikusgarri egiteko, «soldaten desfilea» proposatu zuen. Herrialdeko biztanleen altuera euren diru-sarrerekiko proportzionalki irudikatu zuen, jende pobrea oso baxu eta aberatsa oso altu irudikatuz. Biztanleak ilaran jarri zituen desfilatzen, tamaina txikienetik handienera ordenatuta. Ordubete irauten zuen desfileak, eta denbora diru-sarrera bereko kopuruarekiko proportzionala zen. Ez dakit ondo azaldu naizen.
Desfilea oso jende baxuarekin hasten zen. Hamargarren minutuan ozta-ozta iristen dira metroko altuerara (1.000 euro gordin inguruko soldata); jendea pasa eta pasa, ordu erdira iristean, desfilearen denbora erdira, metro eta erdi baino gehixeagoko gorputzak ageri dira, garaiko 1.500 euro gordin. Bost minutu geroago, 1,70 metroko batez besteko altuera lortzen da. Desfilea mantso doa, altueraren aldeak ez dira nabarmenak eta inor begira egoteko aspergarri xamar, baina berrogeita zortzigarren minutuaren bueltan saskibaloiko jokalari kankailuak hasiko dira agertzen, bi metro eta erdiko gizabereak; saioaren azken bost minutuetan hara hor hiru metrokoak, hamarrekoak, berrogeita hamar metrokoak, zazpiehunekoak, urtean 800.000 eurotik gora irabazten duen jendea, milioiak irabazten dituena, milioiak, milioiak eta milioiak. Forbes aldizkariaren 2022ko zerrendaren arabera, Suitzan bizi den Daniel Maté donostiar enpresaria da euskal herritar aberatsena. 3.200 milioi euroko irabaziak izan ditu: hau da, Jan Penen desfilean, gutxi gorabehera, bost Txindoki adinako luzera izango luke.
Askoren aldarria izan da, gutxieneko soldata bezala, goian ere muga jarri beharra dagoela, Jan Penen desfilean unibertsora iristen denik ere badelako, eta oxigenorik ezin hartuta geldituko dira bestela gaixoak. Garbi dago, desfileko jende kopuruaz gain, gorputzen nolakotasuna ere aztertzekoa eta esanguratsua litzatekeela, eta, noski, «desfilea bera da aldatu behar duguna, ez jendea». Ados, baina bost Txindoki ditugu parean.
Jan Pen ez zen artista, baina bere metaforak, errealitatea irudikatu zein salatzeko modu bikaina izatez gain, errealitatea sinplifikatzeko ahala ere badu. Eta hori ere behar du kulturgintzak egin.
Joseba Sarrionandiari irakurria da ipuinak kontatzen zituen agurearen fabula. Agureak txundituta uzten omen zituen ingurukoak bere istorioekin, baina, bukaera heltzean, akabo. Ez zuen bukaerarik kontatzen. Entzuleak zapuztu eta istorioa arren amaitzeko eskatzen zioten. Agureak erantzun. «Zer irudituko litzaizuke inork intxaur bat eskaintzen badizu eta, intxaur hori, mastekatuta, ahotik eskura ematen badizu?». Entzuleek ezetz, intxaurrik mastekatuta ez dela eman behar. Agurea ere ados zen: «Intxaurrak mastekatuta inoiz ez. Umeentzat eta maiteminduentzat oskola kenduta».
Ez dezagula beldurrik izan kaldereroen zentzuaz galdetzeko, Zeledoni oporrak emateko edo koruetako entseguak mezkitetan egiteko.
Buhameak maskaradetan
Maskarada, kabalkada eta libertimenduek hartu dute kalea. Tradizioa akuilu, beti berri eta beti ezberdin. Aurtengo Zuberoako maskaradetan aldaketa buhamerik eza izan da. Buhameak, ijitoak, taldeetan presentziarik ez eta gainera mozkor, alfer eta zirikatzaile gisa agertzen ziren maskaradetan, eta hausnarketa kolektibo baten ostean deliberatu dute beste pertsonaia batzuk eta beste istorio bat kontatu nahi dutela.
Guaren eta besteen errepresentazioek noiznahi jartzen gaituzte auzitan, eta argi da gaur egun malguago, aldakorrago, zalantzatiago ibiltzen garela. Ez dezagula beldurrik izan kaldereroen zentzuaz galdetzeko, Zeledoni oporrak emateko edo koruetako entseguak mezkitetan egiteko. Besteak guk sortzen ditugu eta besteak sortzea gua sortzeko modua da. Besteak beste ez irudikatuta, ordea, ez ditugu guretuko. Hau da, buhameak nolakoak diren baino, ijitoak taldeetan ez daudela da errealitatearen gakoa agian, eta, gainera, mozkorra, alferra, zirikatzailea izatea iruditeria ‘txarrarekin’ lotzen da. Gainera, batzuetan hartzailearen jarrera gutxiesten dela ere iruditzen zait: etxekoandre beltzaranak gogoetarako bide eman dezake; etxekoandre zuriak gogoetarako bide eman dezake. Baina kulturgintzan zilegitasunaren afera ezbaian dago eta hori interesante bezain guaya da.
Euskaldunoi historikoki lotu zaigu arrazisten etiketa. Egun ere jarri hezkuntzari begira. Antton Lukuk ni baino sakonago pentsatu du gai horretaz. Euskal kultura liburuan honela dio:
Jakinez aski ukan ez dutenek beti arma bera dutela baliatzen: arrazistak eta hertsiak direla euskaldunak, kulturarik gabekoak. Tentazio eta irrisku handia da, beraz, kultu eta irekiak garelako froga saioetan galtzeko […] Laster kultura euskarari oposatuko zaio.
Aldatzen eta berritzen, eta beti betiko eta beti mehatxupean. Biziraupenaren irriskua ere bada euskaldun egiten gaituena. Lewis Carrollen Erregina Gorriak bazekien zerbait. Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena nobelan, Alice eta Erregina Gorria zuhaitz baten aldamenean daude. Erreginak Aliceri eskutik heldu dio, eta, bat-batean, korrika hasi dira. Korri eta korrika, geroz eta azkarrago. Alice arnasestu batean aurkitzen da, eta azkarrago ezin duela joan sentitzen du, nahiz eta esateko arnasarik ez izan. Gelditu dira biak bat-batean, eta Alice zur eta lur inguruari begira. «Arraioa! Esango nuke zuhaitz honen azpian egon garela denbora guztian». Erregina ere harrituta. «Zer uste zenuen?». «Beno, gure herrian –erantzuten dio Alicek–, denboraldi luze batez korri egiten baduzu… beste norabait iristen zara». Erregina Gorriak elkarrizketa ixten du: «Oso herri mota geldoa».
Egurrezko ohea maitasunean
Noiz uzten dio kontzeptu batek berri izateari? Podcast letra etzanez idatzi edo ez zalantza egin dut. Duela urte pare bat gidoi artean azalpen labur bat ematera behartuta nengokeen –mugikor eta ordenagailuetan erreproduzitzeko multimedia fitxategia–, baina gaur egun euskarara itzuli gabe geuretu dugu podcasta –eta, bidenabar, errimategia puzteko balio du, azka, aska, axka bukatzen diren hitz askorik ez baitugu–.
Estereotipoak ere botere forma bat dira, muga eta domestikazio, muga eta izate.
Sukaldean ari nintzen. Eskuak hau eta beste egiten, baina burua bertan izateko beharrik ez itxuraz –gorputza zatikatzeko nolako abilidadea dugun egun–, eta Gaztea irratiaren Yoko Ona saioaren atal bat jarri nuen entzungai. Yoko Ona Ainhoa Vitoria kazetariak gidatzen duen saioa da, Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitia musikariekin batera. Izena Yoko Ono artista japoniarrari keinua da, eta kulturgile bat gonbidatzen dute saio bakoitzean gai baten bueltako tertulian aritzeko. Hirugarren denboraldiko bigarren atala jarri nuen entzungai, Olaia Inziarte musikari nafarra gonbidatu eta harremanak hizpide.
Harremanen nondik norakoen, laguntasunaren katramilen eta norbere buruarekiko aitorpenen bueltan jardun dira hasierako ordu erdian. Gero maitasunaren gaia atera da.
Ainhoa Vitoriak galdetzen die ea maite dituztenei «maite zaitut» esateko ohiturarik ba ote duten, edo euskaldunaren estereotipoak makur bete eta halakoei uxa-uxa egiten dieten. Euren joerak konpartitzen dituzte giro goxo eta umoretsuan, eta Lore Nekane Billelabeitia Belako musika taldeko baxu jotzailearen iritzia egiten dut nire. Lore Nekanek dio «maite zaitut» askotan ez duela esaten eta agurraren pare erabiltzea Hollywoodeko kultura yankiaren zeinu dela. Amama (2015) pelikulan Kandido Urangak gorpuztutako Tomasen pertsonaia etorri zait gogora. Tomas Amamaren seme zaharrena zen, maiorazkoa, lehorra, burugogorra oso, lanari emana, keinu afektibo gutxikoa: euskalduna. Iraia Eliasek bere egindako Amaia pertsonaia, Tomasen alaba, oso bestelakoa zen. Artista zen Amaia, eta baserria utzita hirira joango da bestelako grinek bultzatuta. Aitak ez dio hitzik egingo denbora luzez, terko, ilun, biolento agertuko da alabak baserriaren soka jarraitzea erabaki ez duelako. Bere barruei forma eman ezinda, ordea, isil-isilik egurrezko ohe eder bat egingo dio alabari, eta sorpresaz eraman hiriko pisu berrira.
Zineman euskaldunon errepresentazioaren beste adibide ikoniko bat Zortzi abizen euskaldun (2014) da. Bertan ere bada Amaia bat, Rafa sevillarrarekin korapilatu den gaztea; buruan zapia, bekozkoa zimur, andaluziarraren sedukzio teknikek ez dute limurtzen. Euskaldunak ez garelako ‘lasaiak’, sexuzaleak edo jolastiak, 200 kiloko harririk ezean zaplateko bat jasoko duzu gutxienean. (Orain dela bi hamarkada Espainiatik etorritako lagun batek behin aitortu zidan Euskal Herrira heltzean benetan pentsatzen zuela denak bollerak ginela. Gaur egun asko aldatu dela hori. Beste baterako).
Estereotipoak ere botere forma bat dira, muga eta domestikazio, muga eta izate. Bihotz gorriak, horiak, berdeak, gezidun bihotzak, hatzekin osatutakoak, ezpain gorriak, Iloveyouak… Whatsappen ez dago egurrezko oherik.