Mila urte igarota, ura bere bidean

Historia

2024-04-12 Bloga

Efemerideak

‘Efemeride’ hitza grekotik dator, eta ‘egunkari’ edo ‘eguneroko’ esan nahi omen du. Garrantzi handia izan zuen, adibidez, Alexandro Handiaren efemerideen liburu ofizialak. Gero, Antzinako Erroman, Annales Pontificum testu bilduma egin zuten, hiriaren bizitzako gertaera garrantzitsu batzuen erregistroa jasotzen zuena. Pontifex Maximus-ak omen zeukan egunerokoan idazteko ardura; urtea hastearekin batera, tabula dealbata izeneko arbel lauza zabal baten azalean apuntatzen zituen gogoangarri iruditzen zitzaizkionak. Urte amaieran, berriz, bertan idatzitakoa pergamino gisa transkribatzen eta Analen kroniken parte izatera pasatzen zen. K.a. II. mendearen amaieran, kronika horiek guztiak ordenatu eta argitaratu egin ziren.

Gaur egun, egun seinalatuak dira efemerideak; efemerideak pertsonalak izan daitezke, bakoitzaren bizitzari lotuak, ez dakit, agian, jertse bat, usain bat, leku bat, Anarik kontatzen digun moduan; era berean, kolektiboak izan daitezke, herri baten oroimena biziarazten dutenak, adibidez. Memoria kolektiboez ari bazara, memoria gorde nahi diozun herria edo kolektiboa zein den jakin beharko duzu lehenengo. Eta, hori zehaztu eta gero, orduan, memorian gordetzea zerk merezi duen pentsatu beharko duzu. Hartara, zertaz oroitzen garen eta zertaz ez ikertzea gure memoriari buruz eta izan garenari buruz hitz egiteko modua gertatzen da.

Memoria kolektiboez ari bazara, memoria gorde nahi diozun herria edo kolektiboa zein den jakin beharko duzu lehenengo.

Ijitoak

Idazten ez duten herriek ere memoria egin dute, eta nahiz eta ez duten betetzen gaur egun akademiak Historia definitzeko erabiltzen dituen ezaugarri batzuk, nik uste dut hori ere badela historia egitea. Adibidez, ijitoena oso herri kantaria omen da, baina ez da zaletasun hutsa, kantuek eta bertsoek forma eman diote haien herriari. Eta orain gutxi arte, herriaren historia gogoratzeko, kantua beste modurik ez dute izan.

Hala, flamenkoaren historiaren ikertzaileek, ijitoek kantatzen dituzten kopla batzuk adierazteko arrastoaren atzetik, esanahi eta zentzu historiko sakona aurkitu dute. Gaur egun kantatzen diren abesti flamenkoen letra askoren arteko antzekotasuna susmagarria zitzaien; atxiloketekin eta espetxearekin loturiko kontuak, asko eta asko, eta ondorioztatu dute ez ote diren kopla horiek, azken batean, herri gisa inplikatuta egongo ziratekeen historia eta gertaerak kontatzen dituen balizko erromantze luze baten zatiak. Are gehiago, izen eta zehaztasun batzuei esker iradokitzen dute ijitoen kantuetan sakabanatuta dauden koplatxoetako asko epopeia jakin baten parteak direla. Epopeia horrek 1749ko Sarekada Handiko gertaerak kontatuko lituzke. Ezinbesteko efemeridea Iberiar penintsulako ijitoen historian.

Ahozko literaturak, ahozko historia bizia denez, ez du behar oharrik, ez du ezer materialik behar, ez armairu egokirik, ez hezetasunik gabeko kaxarik; eutsi eta etorkizunera lagunduko dion tradizio bat behar du.

Gaur egun, memoria hori galdu da, eta ez dago epopeiarik; bertso solte batzuk baino ez, sakabanatuta, zatituta. Galera horren guztiaren zergatia ijitoen historiaren parte bat ere bada. Florian Homann adituak kontatzen digu erromantze horiek, seguru asko, tonu monotono eta primitiboz errezitatuko ziren kronikak izaten zirela, musikaz gutxi edo batere lagundu gabeak, eta memoria kolektiboa bizirik mantentzeko kantatzen zirenak. Tamalez, erromantzeon narrazio funtzioa ez zitzaion interesatzen Aro Garaikidean flamenkoa begiz jo zuen burgesiari; haien funtzioa ez zen baliagarria kafetegietan interpretatzeko, ezta era guztietako publiko aurrean kantatzeko eta dantzatzeko ere. Eta horrela galdu zen erromantze luzeok kantatzeko ohitura, eta gaur egun ezagutzen ditugun ‘palo’ flamenkoak ikuskizun garaikidearen formei moldaturiko kantu gisa iristen zaizkigu ia beti.

Bertsoetan egiten zen historia Euskal Herrian, ijitoek egiten zuten moduan. Bere moduan, data zehatzekin, eta egiarekiko konprometituta.

Ahozko literaturak, ahozko historia bizia denez, ez du behar oharrik, ez du ezer materialik behar, ez armairu egokirik, ez hezetasunik gabeko kaxarik; eutsi eta etorkizunera lagunduko dion tradizio bat behar du, eta, ai, behar hori asetzen zailagoa da.

Bertso kronikak

Euskaldunok ahozko tradizio oso luzea eta sakona izan dugu, eta tradizio horretan kronika historikoak ere badu bere tokia. Adibide gisa, Koldo Mitxelenaren Textos arcaicos vascos bildumaren lehenengo kantua, ez kasualitatez, efemeride historiko bati buruzkoa da: Beotibargo borrokaldiari buruzkoa, hain zuzen ere. Ondoren hau esanez hasten dira bertsoak: «Mila urte igarota, ura bere bidean». Bertso hasiera hori, antza, ohikoa izan da euskal kantagintzaren tradizioetan. Denboraren poderioz, eta Aro Garaikideko datei buruzko obsesioarekin batera, hasiera birmoldatu egin zen, eta mila urte borobil haiek zehazten hasi ziren, eta «mila bederatzireun» edo «mila zortzi ehun» bihurtu. Hortaz, bertso kronikak, ia beti, data zehatz batekin hasten ziren:

Zazpigarren mendea,
hamasei urthetan,

Mila bederatzireun
ta lenengo urtian,

Milla ta zazpireun
ta larogeta amairu,

Apirillaren biyan,
Ernaniko herriya,

Mila zortzi ehun
ta hamabortzgarrena,
ni Ahazparnen preso
hartu nindutena,

Milla zortzireun eta
irurogei ta zortziyan
asunto bat asi da
gure probintziyan;

Herri bazkari batean, jai egunetan, ferietan kantatzen eta partekatzen ziren ‘notiziak’, kontuak eta efemerideak, gogoan zein data hartu behar ziren ikasten zuen euskaldunen komunitateak. Batek buruz ikasten zuen eta beste bati kantatu, edo hitzaren artistak joango ziren, noski, bertsolariak… Eta ahoz aho, etxez etxe, herriz herri, memoria kolektiboa zabaltzen eta josten zen, agian.

Garai hartan, bertsoetan egiten zen historia Euskal Herrian, ijitoek egiten zuten moduan. Bere moduan, data zehatzekin, eta egiarekiko konprometituta. Are gehiago, hala zioen J.M. Leizaolak:

Orixek arreta deitu dio publiko euskaldunak bertsoak estimatzeko erabiltzen duen irizpideari. Onartu behar dituenean ez du esaten ederrak direnik, egia direla baizik, gauzak poetak esaten duen bezala izan direla.

Egiaren edertasunaren bila.

XX. mendean, alfabetizazioaren hedatzearekin batera, gauzak aldatzen joan ziren. Oharrak, bertso paperak, baina ez hori bakarrik… Euskal Herrian ere hitz idatzien bidez atzematen hasi zen mundua. Aurten argitaratu duten Benita Gorostizuren idazkiak irakurtzen ari naiz egun hauetan (Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz, 2024), emakume baserritar horren eskuizkribuen argitalpen bat da. Liburu mamitsua da eta aurkikuntza harrigarria iruditzen zait, baina oraintxe bertako esaldi bat aipatzera mugatuko naiz. Ilobaren eta amonaren arteko elkarrizketa bat idatzi zuen Benitak. Une batean, zera esaten dio amonak ilobari: «Aurrerantzean, idazten ez dena aurki ahaztuko da, oraingo zahar bakarrak bukatzean isiltzera doaz ipuin horiek». Ba ote zekien Gorostizuk kezka hori idazkeraren sorrera bezain zaharra dela?

Jakinduriaren hainbat eta hainbat monumentu harrigarri eraiki dira hitzak idatzi ahala, memoria egiteko tresnak guztiak ere, ezinbestekoak, jada, iraganean egia bilatu eta ‘benetako iragana’ aldarrikatzeko.

Odisea eta Iliada deritzen kondairak denborarik askoan idatziaren bitartekaritzarik gabe transmititu ziren, eta grekoz hitz egiten zuen orok zekizkien buruz hainbat pasadizo eta bertso lerro. Kontaketa haiek mundu bat eta identitate bat konformatu zuten, eta idatzia agertzen hasi zenean, kezka ere erneko zen, eta izango zen, ziur-ziur, Grezia aldeko emakumeren bat-edo esango zuenik: «Aurrerantzean, idazten ez dena aurki ahaztuko da, oraingo zahar bakarrak bukatzean isiltzera doaz ipuin horiek». Sokratesek berak oso iritzi txarra zuen ideiak idazteari buruz, pentsatzen baitzuen ideiak harrapatuta gelditzen zirela idazkeran, eta jarioa galtzen zutela.

Hoberako izan ala ez, kontua da idazketak historiaren zentzua aldatu zuela, eta gaur egungo historia zientifikoa egiteko aukera eman zuela. Erresumen eta inperioen efemerideak idatzi ziren, datuak erregistratu, inkestak apuntatu, iritziak etzan, gutunak igorri. Gero iturriak antolatu ere egin ziren, eta  xviii. mendean entziklopediak iritsi ziren; Theodor Mommsenen zuzendaritzapean latinezko izkribu guztien bilduma osatu zen, CIL izenez ezagutzen dena; eta, gehiago eta gehiago, jakinduriaren hainbat eta hainbat monumentu harrigarri eraiki dira hitzak idatzi ahala, memoria egiteko tresnak guztiak ere, ezinbestekoak, jada, iraganean egia bilatu eta ‘benetako iragana’ aldarrikatzeko. Egiaren edertasunaren bila.

[Orixeren ‘Santa Kruz apaiza’] liburua ondo analizatu nahi bada, ez dela aski historia akademikoa erabiltzea; euskarazko tradizio memorialistikoa ere kontuan hartu behar da.

Historia diziplina humanista bat da, baina gizarte zientzien barruan sailkatzen dena, beraz. Hau da, historia egiteko, (gizarte) zientziaren baldintzei men egin behar diezu: hipotesia formulatu behar duzu, datuen analisi egokia egin (historiak ez du esperimentuetarako aukerarik ematen-eta, iturri historikoez baizik ezin balia gaitezke), eta analisi horren emaitzen inguruko ondorioak defendatu behar dituzu.

Santa Kruz apaiza

Berria-rako artikulu batean planteatu nuen Orixeren Santa Kruz apaiza liburua analiza zitekeela euskaraz idatzitako lehenengoetako historia liburu gisa. Pixka bat gehiago sakondu nahi nuke ideia horretan. Nik uste dut Orixe, metodo historikoa erabiliz, lehenengoetakoa izan zela saiakera historikoa euskaraz lantzen; hau da, galdera historiko baten erantzuna bilatu zuen. Hauxe zen galdera: egia al dira Santa Kruz apaizari buruz kontatzen dituzten istorioak? Ez al dira asmatu pertsonaiari ospe txarra emateko asmoz? Eta, galderei erantzuteko, lehen mailako iturriak erabili zituen. Are gehiago, historialari batek behar duen eran, testuan barrena beti esplizitatzen eta argitzen ditu iturriak: batzuk zuzenean jasotako testigantzak direla, bestea nonbait irakurria dela, eta abar.

Hala eta guztiz ere, pentsatzen dut, liburua ondo analizatu nahi bada, ez dela aski historia akademikoa erabiltzea; euskarazko tradizio memorialistikoa ere kontuan hartu behar da. Hau da, liburua kronologikoki banatuta dago, eta biografia arrunt bat izan daiteke; baina kapitulu bakoitzak oso forma berezia hartzen du, zeren eta pasadizoak baitira, gertaerak. Eta nire galdera da: izan ote liteke kapitulu askok erreferentetzat bertsoen kontatzeko modua hartu izana? Gertakari horiek, anekdota kutsukoek, ez al dute bertso usaina? Ez al zaigu azoketan, jaietan eta bazkarietan kontatzen zirenen airea iristen? «Irungo beltxa, zelataria, gezur-apaiza», «Santa Kruzen biotz gogorra. Bere mutillekin», «Lizarragak Santa Kruz iltzeko agintzen du», «Aranora. Elurretan oin-zulorik utzi gabe». Kapitulu izenburu horiek izan litezke bertso sailetarako gaiak?

Herri baten azalpenean haren historia funtsezkoa baita, baina baita historia hori nola egin duten ere, zein baldintzatan, eta zein ezaugarrirekin ere.

Egia esan, ez naiz aditua, ez bertsolaritzan, ezta gerra karlistetan ere, ez dut garai hartako liburu askorik ezagutzen, ezta bertso asko ere; baina, nik atzeman nahi dudana ez da hainbeste hipotesi horren erantzuna, hau ez baita artikulu zientifiko bat. Santa Kruz apaizarena bezalako liburuak tradizio baten barruan ikertu behar direla nabarmentzea da hemen asmoa, hain zuzen ere tradizio horren uralde eta lurraldeetan erantzun interesgarriak aurki daitezkeen ustean nagoelako; tradizioari erreparatuz gero, hobeto ulertuko dugu, ziur asko, zein produktu kulturalen aurrean gauden. Ezinbestean, ikerketarako modu horrek, erantzun horiek, liburu hori produzitu duen gizarteari buruz, herri horri buruz ere hitz egingo digute.

 

*      *     *

 

Euskal historiografiari dagokionez, nire ustez interesgarria litzateke bere garaian helburu historikoa edo memorialistikoa izandako testu guztiak, bertso kronikak barne, literaturaren ikuspegitik ez ezik testu historiko gisa ere aztertzea, eta, esaterako, hurrengo galderak egitea: zein koordenatutan idatzi ziren? Zein tradiziotatik? Nori zuzenduta? Zein asmorekin? Zein ziren iturriak? Zein, hedapen metodoak? Edota, zein izan dira eta zergatik aukeratu dira efemerideak?

Izan ere, herri baten azalpenean haren historia funtsezkoa baita, baina baita historia hori nola egin duten ere, zein baldintzatan, eta zein ezaugarrirekin ere. Eta, beharbada, gure kasuan, hori ikertzeko ereduak ez daude kultura hegemonikoetan, ezta historiografia ofizialak landu dituen korronte akademikoetan ere; agian, askotan, bazterreko herrietan edo diskurtso dekolonialetan aurkituko dugu behar dugun hori.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan