Memoria eta esperimentala

2019-03-07 Bloga

Badoa urte berria, berria izateari uzten. Eta kulturan zer? Dena berdintsu antzean; hala dirudi. Nori galdetu, hala sentitzen da ontzia. Badakizu, ezer gertatzen ez dela dirudienean gertatzen da dena. Jendea ez dago lo. Transformazio azeleratu baten azpiratutako mundu batean segitzen dugu igerian, non apenas geratzen den arnas-leku nahikorik oraina pausaz behatzeko.

Iaz, sasoi honetan, Joxan Artzeren heriotzaz eta ezusteko albiste hark utzitako gorputzaldiaz inauguratu nuen txoko hau. Urtebete beranduago, hura etorri zait gogora Ibon RGren Hil zara (Repetidor, 2019) diskoan murgiltzen hastean. Baita azkenean ikusterik izan ez dudan emanaldi batek bultzatuta ere, zeinetan Rodriguezek berak, Akauzaztek, Amorantek, Joseba Irazokik eta Beñat Axiarik hartu duten parte, olerkariaren omenez. Baina zergatik etorri zaidan Artze burura, hark hein batean nigan sinbolizatu dezakeena, Rodriguezek bakarkako lehen lanaren harira Badok atariari emandako elkarrizketarekin izan da. Intereseko hari-mutur dezente dakar Antton Iturberekin izandako solasak; esperimentazioa, herri kantuaren tradizioa eta musika –jarri kultura– bizitzeko gaurko modua. Noan ba kultur aktualitatea (edo) hortik harilkatzera.

Hemen eszena [esperimental] bat existitzen dela uste dut, inguruko herrialdeetan baino jende gehiago baitago musika esperimentala egin eta entzuteko prest. […] Pozik nago, gauza interesgarri asko ikusten baititut, eta benetan goraipatzekoa den errespetu eta arreta handiko giro batean. […] Etengabeko mugimendua eta berritzea dago.

Preziatua eta bazterrekoa, biak batean, da esperimentazioa. Bideak eta bideak daude, aurreikusgarri denetik atera eta bila abiatzeko; eta horietan saiatzen denak ere berdina nahi du, zerbait komunikatu. Horretaz ari gara etengabe; zer esan, zelan esan. Eder egiten zuen Artzek. Eta, orain, ezin ederrago egin duela iruditu zait Ibon RGk.

Gure korronte esperimentalaren barruan, Xabier Erkiziaren izena aipatu zuen Rodriguezek. Eta niri Mursego etorri zitzaidan kolpetik gogora. Bien arteko katebegi, gaur, Maurizia. Maurizia Aldeiturriaga Zabala naiz, Zeberion jaioa, Egian [baserria] jaioa, 1904an jaioa. Euskadi Irratiko Arratsean saioan aritu zen hartaz Erkizia, eta Mursego aipatu dut Mursegoren ahotik izan nuelako estreinakoz nik haren berri.

Bi binilotan kaleratu du lana Rodriguezek; a capella lehenengoa, pianoz lagunduta bigarrena. Bada, ahotsari diogun beldurraz ohartarazi zuen elkarrizketan, beste laguntzarik gabe hura entzuteari diogun izuaz. Eta Erkizia, hain justu, Mauriziaren ahotsaz aritu zen irratian, beldurrik batere ez ziola dirudien hartaz, mikrofonoaren asmakizunaren aurreko eta ondorengo garaiez.

[Leon, Maurizia, Fasio: Alboka eta Tritikitxa (Xoxoa, 1979)] Disko honek gordetzen du beharbada mikrofonoaren asmakizunaren aitzineko azken irrintzia. Agerian uzten du erabilitako tresnen, alegia, trikitixaren, albokaren, panderoaren eta ahotsaren indar animalia; jatorrizko soinuzko trakzioa. Eta elementu horien artean nabarmen Maurizia Aldeiturriagaren ahots teknika zinez bereziak gordetzen du beharbada hobekien, bertsolari zaharren grabaketa ahantzien baimenarekin, mendeetan iraun zuen, eta guk jada, bistan da, ezagutu ez dugun altaboz gabeko aro luze baten hatsa.

Kontatzen du Erkiziak, garai bertsuan, «Mauriziaren zintzurrari zerion zimurtasunari goxotasun zuri eta intimo baten bidez» erantzuten ziola Lourdes Iriondok, «lehenengoaren primitibotasunari baino bigarrenaren hurbiltasunari beldur gehiago zion erregimen politikoaren pean». Tonuaren berrirakurketa bat proposatu zuela, mikrofono eta bozgorailu bidez entzutera ohitu zen publikoarekin; atzerabueltarik gabeko hitzarmen berria. Eta, gero, 80ko hamarkadatik aurrera, bozgorailuen biderkatzearekin hitzarmen hori eguneratu egin zela. Are, 80ko urteetan mikrofonoak eta altabozak saturatzea bihurtu zutela askok musikarako bide. Vulpesen Me gusta zer una zorra jarri zuten irratian. Haiek, Erkiziaren hitzetan, «mikrofoarekin ez da nahikoa!» oihukatu nahi izan balute bezala.

Ez gaitu harrituko hortaz punk mugimenduak Mauriziarengan topatu izana beraiek desiatzen zuten askatasuna eta, zergatik ez, irreberentzia.

Baina hemen azken tanta, hemen gakoa:

Maurizia Aldeiturriagak bere kabuz abestu zuen, baina Maurizia gehiagori ikasi ondotik, bere zintzurrean oihartzun egiten zuten bezainbat Maurizia aditu ondotik.

Ez naiz aditua sartu naizen uretan; zalea baino ez –aditu ez naizen uretan sartu zale?–. Baina esango nuke Ibon RG entzutean, Mursego entzutean bezala, Maurizia horiek entzuten direla soinuaren geruza atzemanezinetan. Erakutsi gabe ere, aurrekoaz duten ezagutza erakusten dutela. Eta, orduan, esperimentazioak memoria egiten duenean, borobildu egiten dela dena; oraina interesgarriago egiteraino.

Mauriziarekin hasita, aipatu nahi nituen, bidenabar, Iñaki Garmendia Laja trikitilaria eta Jon Lopategi bertsolaria; biak hilak urtearen hasiera bizkor honetan –dinosauroen zilborresteaz aritu ginen iaz hemen–. Hitz hauek geratu zitzaizkidan gogoan Twitterren topatzean, Gorka Erostarbek han idatzita:

Juan Luis Zabalak esan zuela uste dut. Kultura ofizialak folklorizatu eta fosilizatu egin izan du trikitia. Kultura alternatiboak, aldiz, baztertu edo gutxietsi. Bitartean Lajak eta Landakandak ahal zuten leku guztietan alegrantzia moduko hori zabaldu dute trikiti doinuz.

Bada hor beste baterako gogoeta gai polita.

(Zurrunbiloa)

Badu gauza eder bat kultur zaletasunak, eta da ekintza infinitu bat dela: disko batek eramaten zaituela poema batera, gero film batera, hark artelanetara, nobela, antzezlana, berriro kantua, eta horrela orriak bete arte, orriak k askorekin, izen-abizenekin, garaien eta korronteen biderkatze efektuarekin.

Baina hurbil du gaitza, agian gero eta hurbilago, han eta hemen agertzen ari dena: itolarria, ezin iritsia. Garaiari lotuta dagoela esaten dugu orain, baina ez dakit beste garai batzuetan oso ezberdina izango ote zen. Alde nagusia, Internet, digitalizazioa. Eta harekin dena horren eskura izatearen sentsazio itsu hori, inoiz nondik hasi ez jakitearena, ez baita inoiz amaitzen. Joseba Irazokik bere azken diskoan «mundua buruan kabitzen zaizu, baina burua ez munduan» kantatzen duenean bezala; edo goseak jandako jendarteaz ari denean Idurre Eskisabel bere estreinako poema liburuan.

Rodriguezek ere onartu zuen elkarrizketan Interneten dena eskuragarri izatearen zera horrek sortzen dion larritasuna, horri mugak jartzearen premia. Hala zekarren:

Lorez lore joan edo gauza bakar batean sakondu, baina ezin gara denetara ibili. Interneten jaiotza bizitzen ari gara oraindik. Nahiz eta urte pilo bat daramagula iruditu, berez ez dira hainbeste, eta ikasten ari gara. Gure burua ez dago prest oraindik eskaintza infinitu honetarako. […] Nire inguruko jendearengan, underground mundukoa nolabait esateagatik, urduritasuna sumatzen dut azken tendentziak ezin jarraitzeagatik, eta niri bost axola zait hori. […] Modernoena izan nahiaren sukarrak hartu gaitu, eta etengabe berritasunari adi egotea tranpa bat iruditzen zait.

Berriz: «Modernoena izan nahiaren sukarrak hartu gaitu, eta etengabe berritasunari adi egotea tranpa bat iruditzen zait». Ez da askatzailea?

Hortik doa Hil zara diskoa, horren aurka egitera. Entzunaldi batzuk eskaini behar zaizkion lan bat dela dio egileak; hala, musika entzuteko egungo modu orokorrari kontra egin nahi dion lana dela. Eta ez da huskeria. Dena ezagutu nahia baino ia beharra den horren aurrean, susmoa dut hel gaitezkeela gero eta urrunago, baina kostata sakonago. Heldulekuak diluitzen dira zurrunbiloan. Eta beldur naiz gozatzea, galdetzea, murgil egitea… bilatzen genuen tokian ez dugun gero eta sarriago egunean egotea baizik bilatzen.

Itzuli ugari eman daitezke kultura bizitzeko gaurko bideetan, baina buruaren jauziek sarean nahikotxo mugitu den bideo batera ekarri naute, Rodriguezek beste hitz hauekin:

Zuberotar abestiez eta kantatzeko usadioaz erabat liluratua nago estetikoki. Iazko udan Zuberoako festibal batean izan naiz eta han kontzertuen ondoren 500 pertsona elkar zitezkeen txosna batean kantatzera. Izugarria zen, musika ekipoa ez zuten piztu ere egin. Nortasun liriko oso berezia dute, mediterranearrek dutenaren antzekoa, adibide bat ematearren. […] Posible da oso mitifikatuta izatea gure artean, baina hala ere ikaragarria da han jazotzen dena.

BBAX Behi Bideko Andere Xuriak taldearen bideoaz ari nintzen. Berori osatzen dute Mirentxu Agerrek, Pantxix Bidartek eta Marie Hirigoienek. Iaz disko bat argitaratu zuten, bigarrena, Distortsioen munduan izenekoa, eta bertan parte hartu zutenak ageri dira aipatu bideoan; denera, hamar lagun oholtzan: Sebastien Desgrans, Jurgi Ekiza, Aline Etxeberri, Allande Etxeberri, Karine Etxeberri, Paxkal Irigoien eta Paxkal Indo. 2018ko azarokoa da grabaketa, taldearen azken emanaldikoa, Armendaritzen. Aresti hun da kantua, eta hor ez da modernoena izan nahiaren sukarrik, kantuaren lilura besterik; bulkada esperimental bat bere xumean, eta memoria ariketa bat. Rodriguezen beste honi josi dakiokeena:

Usadioa apurtu baino, usadio horretatik sortzen jarraitzea. Herrimina etengabe sortzen ari garela diot. Une hau ere, herrimin bilakatuko da urte batzuen ondoren. Nostalgia ez dut gustuko, memoria bai, ordea.

Hori dena eta hori baino ez.

Zertarako hau dena. Zertarako artea

Badago azpimarratzeko moduko beste esaldi bat aurrez aipatutako Irazokiren kantuan: «Errealitatea ez da ez erreala eta ez inportantea, horregatik existitzen da artea».

Esperimentazioaz hasi garenez gero, modernoenak izan nahiaz eta, Donostiako Tabakalera sartuko dut eztabaidan. Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren kultura zuzendariak, Ane Rodriguezek, kargua utziko duelako iragarpenarekin bukatu genuen iazko urtea. Albistearen hotzean, Haizea Barcenillak Berria-n idatzitako ‘Zokora doan kultura’ artikuluak piztu zidan niri alarma. Tabakaleraren lana «kulturaren eta artearen adierazpen mota gazte, berri, esperimental, apur bat arriskatua eta saiakerakoari garatzeko esparrua ematea» dela zioen Barcenillak, eta programazio ildo horren alde aritu dela Rodriguez azken sei urteetan. Arte kritikariak ohartarazten zuena zera da: kulturaren behar hori ikusten ez duen «klase politiko baten injerentziak eta presioak» eragina izan duela kargua uzteko erabakian. Ohartarazpenaren ondotik, aurreikuspena:

Hau izango da 2019ko Donostia: Koldo Mitxelena Kulturguneko erakusketa aretoa desagertuko da. Izan ere, bi arduradunak jubilatu ostean ez zen erreleborik kontratatu, eta noraezean doa espazioa, azken kolpearen zain. Tabakaleran, bitartekarien prekarizazioak eta iragarritako industria kulturalen sarrerak ekonomia mota jakin batera darama: sistema onartu eta beren kabuz lehiakorrak direnek iraungo dute bizirik. Arteak eta kultura esperimentalak apurka gutxitu eta zokoratuko dira; ziurrenik, espezialistentzako izkina bat mantenduko da, publiko orokorrarekin gehiegi nahasten ez dena, jendea molestatu gabe gure gauzez hitz egiten jarraitu dezagun. Guztia pintxoen eta pisuen prezioa gora doan bitartean.

Eta, egia esan, ez hemen bakarrik, baina hemen gertatzen ari da.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan