2015-12-03 Bloga
Estatistika makroekonomikoak keynesianismoarekin sortu ziren, egonkortasun ekonomikoaren aroa izan zena Mendebaldeko herri kapitalistentzat. Lan kontratu gehienak, publiko zein pribatuak, bizitza osorako ziren, langabezia tasa txikia zen bizkitartean. Salneurriak ez ziren gehiegi mugitzen, eta administrazio publikoa eragile ekonomiko indartsua zen, jarduera ekonomiko nagusietan aktiboki parte hartuz: osasun zerbitzu, hezkuntza, komunikazio, siderurgia, banka eta finantza, eraikuntza eta abarretan. Orduan, jarduera horietan funtzionario publiko espezializatuak zeuden, enpresa pribatuen datuak begirada batekin arakatzeko gai zirenak. Orain, pribatizazioak, finantza desarautzea eta barne merkatuaren globalizazio neoliberala tartean, talde espezializatu handien lan luzea bezain zaila da aurkezten diren datuetatik egiaren apurtxo bat ere erauztea. Enegarren aldiz berpizte ekonomikoa datorrela entzun ondoren, berdin da zein den uneko langabeziaren ehunekoa eta horren aldaketa, burtsako balioen aldaketen inguruko albisteekin oroitu gara.
Sistema ekonomiko gezurti honetan, langabeziaren inguruko adierazle estatistikoak ez dira salbuespena. Biztanleria Aktiboaren Hiruhileko Inkestaren datuak INEMekoak baino fidagarriagoak badira ere, ez ohi dituzte kontuan hartu merkatuetako azti eta adituek. Beharbada, haien espekulazioak justifikatzeko unean uneko datu ‘freskoak’ ezinbertzekoak dira eta. Gainera, azken aldi honetan, Gizarte Segurantzako kotizazioak ere argitara emateak ez du gehiegi lagundu, batez bertzeko hileko kontratu kopurua inolako zuzenketarik gabe helarazten baita; pertsona berberak hiru edo lau aldizkako kontratu sinatzea edo pertsona batek jardunaldi osorako kontratua sinatzea berdin agertzen da. Argiago izateko, kontratuen kopurua pertsona eta urteka neurtu beharko litzateke: hau da, erraterako, sei hilabeteko kontratu bat sinatzean, zerrenda estatistikoan lanpostu erdi bat bezala agertuko litzateke; horrela kontratuen iraupen guztietarako eginda, egungoak baino argibide egiatiagoak lortuko liratekeelakoan gaude. Baina horretarako behar den gardentasunaren aldeko ekimena ez dugu inon aurkitu. Izan ere, bai enplegu eta langabeziaren tasak, bai inflazioarenak ere (kontsumo prezioen indizea eta barne produktu gordinaren deflaktatzailea) teknikoki kalkulatzen badira ere, politikoki diseinaturik daude: hilabete batean ‘enplegatu’ gisa estatistiketan agertzeko lan egin beharreko ordu kopurua, erraterako; prezioen indizeak osatzean, zein ekoizkinen salneurri hautatu eta zein proportziotan neurtu behar den bakoitza kontu teknikoak izanda, ez dira era bakarrean erabakitzen herri eta lurralde ezberdinetan zehar, tokian tokiko agintari politikoei esku sartzeko tartea irekiz.
Ondorioz, indar sozialen mobilizazio eta presioak ezinbertzekoak dira, adierazle estatistikoek benetako egoera ekonomikoa azal dezaten. Esparru eta ildo honetan, indar sindikalen lana bereziki beharrezkoa dela uste dugu, haien kideen sareak eta esperientziak arras lagungarriak lirateke eta.