Kutxabanken Pandorarena

2014-05-14 Bloga

Espainiak finantza erreskatea eskatu zuenean (2012ko udan) eta troikarekin Memorandum of Understanding (MoU) delakoa sinatu, helburua argia zen: Espainiako finantza sistemaren kaudimena bermatzea, konfiantza eta mailegatzeko ahalmena berreskura zitzan, behar besteko kapitalizazio baten bidez.

Une hartan, zalantzen iturburua Espainiako aurrezki kutxa batzuetan zegoen nagusiki (Bankia osatu zutenak, Gaztela-Mantxakoa, CAM, Novacaixagalicia…, helburu politikoekin erabili zirenak hainbat kasutan), inola ere ez Kutxabanken, kaudimen handiena baitzuen urte hartantxe eratutako erakundeak. Bankarizazioak, hori bai, modu erraz eta azkarrean akzioak jaulki eta pribatizatua izateko «larrialdi atea» eskaintzen zuen, inoiz premiarik sortuta ere, lehengo aurrezki kutxek ez zutena.

Troikaren Memorandum of Understanding (MoU) testuak zera dio (http://ec.europa.eu/economy_finance/eu_borrower/mou/2012-07-20-spain-mou_en.pdf), lehengo aurrezki kutxen eta euren kontrolpeko bankuen gobernu egitura indartu egingo dela. 2012ko azaro amaierarako Espainiako agintariek legedia prestatuko dutela aurrezki kutxek bankuen akziodun gisa izan behar duten rola argitu dadin eta, azkenean, gerora (eventually), euren partaidetzak txikitu ditzaten, kontrola bermatzen duen mailaz azpitik. Are gehiago, agintariek neurriak proposatuko dituzte aurrezki kutxen aginte batzordeen gaineko arauak indartu eta egokitzeko, bateraezintasunak ezarriz lehengo aurrezki kutxen eta euren kontrolpeko bankuen aginte batzordeen artean. Are, agintariek 2012ko azaro amaierarako marraztuko dute bide-orria estres frogan parte hartu duten bankuen burtsaratzeko, berregituraketa prozesuan estatu laguntzak jaso dituzten heinean.

Itzulpena gorabeheratsua izan den heinean, merezi du hitzez hitz hona ekartzeak:

 

The governance structure of former savings banks and of commercial banks controlled by them will be strengthened. The Spanish authorities will prepare by end-November 2012 legislation clarifying the role of savings banks in their capacity as shareholders of credit institutions with a view to eventually reducing their stakes to non-controlling levels. Furthermore, authorities will propose measures to strengthen fit and proper rules for the governing bodies of savings banks and to introduce incompatibility requirements regarding the governing bodies of the former savings banks and the commercial banks controlled by them. Moreover, authorities will provide by end-November 2012 a roadmap for the eventual listing of banks included in the Stress Test, which have benefited from State aid as part of the restructuring process.

 

Troikak ez du aurrezki kutxa edo banku baten pribatizaziorik behartzen, estatu laguntzarik jaso ez badu behintzat. Baina badio estatuak bide orri bat zehaztu beharko duela, momenturen batean, aurrezki kutxek bankuetan duten partaidetza jaits dadin kontrola bermatzen ez duen maila batera. Une horretan, noski, Kutxabank ez dago troikaren buruan. Ez da kezka iturri bat, ongi kudeatutako banku bihurtua baita jada.

Hurrengo urtean, 26/2013 legea argitaratzen du Espainiako Aldizkari Ofizialak (www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2013-13723). Eta hor zer azaltzen da? Bada bi atal ditu, lehena aurrezki kutxentzat eta bigarren bat banku fundazioentzat.

Zer den aurrezki kutxa bat? Finantza jarduna elkarte autonomo batera –edo mugakide diren hamar probintziatara– mugatua duen finantza bitartekaria. Aurrezki kutxa izaten jarraitzeko moldaketak egin behar baditu, sei hilabeteko epea ematen dio legeak (aurtengo ekaina bitartekoa, gutxi asko). Cajasur eta bere hedapen sarea direla medio, Kutxabankek ez luke hor tokirik izango. Edo moldaketa azkar bat egin behar luke, egungo kudeatzaileen buruan inondik ere ez dagoena.

Eta bigarren atala: banku baten %10eko partaidetza gainditzen badu, edozein fundaziok «banku fundazio» bihurtu behar du. Eta horrek banku baten partaidetza %50etik gorakoa badu, erreserba funts bat prestatu beharko du balizko larrialdietarako (dirutza metatu, zer gerta ere); ulergaitza, berehalakoan burtsaratu daitekeen elkarte anonimo batez ari garelarik. Edota, funts hori eratu nahi ez badu, bost urteko epean bankuan duen partaidetza %30 azpitik kokatzeko desinbertsio plan bat aurkeztu behar dio Espainiako Bankuari.

Eta horretan datza orain euskal politikan hainbeste haizatzen den Kutxabanken pribatizazioaren auzia. A priori, Vital, BBK eta Kutxa 43. artikuluak lotuko lituzke, hala baitio:

 

Las fundaciones bancarias que posean una participación igual o superior al 30% del capital de una entidad de crédito o que les permita el control de la misma por aplicar cualquiera de los criterios del artículo 42 del Código de Comercio elaborarán, de forma individual o conjunta, un protocolo de gestión de la participación financiera…

 

Demagun kutxa bakoitzak proportzionalki murrizten duela bere partaidetza, gehienez Kutxabanken %29na izateraino (Vital jada badago egoera horretan). BBK nahiz Kutxak norbere buru, batzar, araudi eta independentzia gordetzen duten heinean, defendagarria dirudi. Eta Kutxabanken kapitalaren gainontzeko zatiak banatzen dizkietela, hurrenez hurren, erakunde sortzaile diren aldundi edo udalei, Eusko Jaurlaritzari, Eudeli edo dena delakoari. Hirugarren akziodunak, baina ez halabeharrez inbertsiogile pribatuak.

Legea beteko litzateke? Formalki, badirudi baietz. Kutxabanken pribatizazioa lekarke? Oraingoz ez. Kutxabanken profesionalizazioa edo independentzia murriztuko luke? Nekez, lehengo antzera geldituko litzateke egoera (dezenteko profesionalizazioa eta dezenteko independentzia), nahiz eta jatorrizko kutxek, gizarte ekintza zuzenean elikatzen dutenek, euren partaidetza murriztu beharko luketen. Kezka gutxi, dena den, dibidenduen jasotzaileak erakunde publikoak diren heinean.

Euskal finantza sisteman erakunde nagusia denarekin zer gertatuko den hurrengo pare bat urtean definituko da. Pandoraren kutxa zabalik da. Nolanahi den, partaidetza industrialak zamatzen dituen Basileako araudia hor dago eta, pribatizatu zein ez, kutxen gaineko eragin politikoa nahiko lausotua mantenduko da aurrera ere. Errotzearen garrantzia amiñi bat gutxietsi gabe, finantza erakundeekin politika publikoak bideratzeko aukerak garai batean baino estuagoak dira.

Eta aurten izan daiteke mailegu kooperatiben gaineko lege berriren bat, Mondragonen Laboral Kutxari eta Nafarroako Rural Kutxari eragin diezaiekeena.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan