2021-06-30 Bloga
Artelan bilduak galdutako ETAn
Iñigo Astiz idazle eta Berria egunkariko kazetariak erreportaje mamitsua ondu zuen maiatzaren 30ean. ‘ETAk bildutako artelan galduak’. Izenburua bera erakargarria zen, eta, kulturako albisteekin askotan gertatzen ez den bezala, gehien irakurriena izan zen hiru egunez.
Gernika 70 izena zuen ETAk 1970eko hamarkadako Paris hartan egin nahi zuen proiektuak. Nazioarteko lehen lerroko hainbat artistaren lanekin erakusketa bat egitea zuten helburu Francoren erregimena artearen bidez salatu guran, eta tartean, Joan Miró, Josep Guinovart, Roberto Matta eta Antoni Tàpies bezalako artista sonatuak ziren Francoren diktaduraren gaitzespenaren eta ETAren garaiko tokiaren adibide. Erakusketaren antolatzaileak erakundearen adar kulturaleko kide Patxi Apalategi, Jose Mari Larramendi eta Martin Etxeberria ziren, baina 70eko urte hartan ETAren VI. asanblada nahasia gauzatu zen. Abuztuaren 31 zen, Itsasuko ostatu baten bueltan elkartu ziren hainbat kide ‘Proposizio generalak’ adostea xede. Kontrakotasun askoko asanblada izan zen, eta, besteak beste, bilkura horren ostean utzi zuten antolakundea Txillardegi buru zuen Branka taldekoek, hala nazioari nola hizkuntzari ETA bizkar ematen ari zela iritzita.
ETAk bildutako artelan galduak’. Izenburua bera erakargarria zen, eta, kulturako albisteekin askotan gertatzen ez den bezala, gehien irakurriena izan zen hiru egunez.
Parisen egitekoak ziren artelanen erakusketa bertan behera gelditu zen halabeharrez: erakundearen giroa ozpindu eta, gainera, egun batez, Patxi Apalategiri militante bat agertu omen zitzaion bere gelan pistola eskuan. Artelan guztiak eraman zituen. Nondik norako gehiago jakin nahi badituzu, irakur ezazu Astizen artikulua.
Eta kasualitateak zer diren. Istorio hau irakurri baino pare bat aste lehenago esku artean izan nuen Antoni Tàpies margolari kataluniarraren memorien liburua. Memoria personal. Fragmento para una autobiografía. Ez nuen Tàpiesen berririk (inkultua neu), baina bere margolanek zerbait esaten zutela eta ulertu nahian leitu nuen liburua. Tàpies Francoren eta bere erregimenaren aurka garbi kokatzen zen. Memorietan kontatzen du argazki bat baduela euliak gorotzetan nola Franco garaiko eliteez inguratuta, Tàpiesen koadro bati so. Taldeko batek esan omen zion: nagusi, hori iraultzaileen pareta da. Diktadorearen erantzuna: «Iraultza horrela egiten badute…».
Iraultza eta kultura, bereizi balitezke, beti batuta joan dira. Gurean ere ETAren jardun politikoa asko azpimarratu izan da, eta, kontrara, bere izate kulturalaz deus gutxi dakigu. Onintza Odriozola historialariak, Erakunde bat baino gehiago: ETA herri mugimendu gisa (1958-1968) doktore tesian, antolakundearen lehen urteen azterketa egiten du; hasiera hartan euskara eta euskal kultura bere diskurtsoaren erdigunean egon zirela azpimarratzen du, eta hori gabe ezin daitekeela ulertu bere jardun eta babesa.
Maiatzaren 15ean, Katakraken, UEUk antolatuta, Gatazkaren irakurketa feministak izeneko jardunaldiak egin ziren. Gatazka armatuak euskal literaturan izan duen lekua eta sortutako genero imajinarioak jorratu ziren batik bat, baina beste kultur adierazpide batzuek gatazka edo gatazkekin izan duten harremana ere izan zen hizpide. Ikus-entzunezkoak, adibidez. Zein molde den objektiboago debatean sartu gabe, aipatu zen euskal gatazkaren errelatua Euskal Herritik gehiago egin dela dokumentaletatik, eta, aldiz, Frantzia eta Espainiako estatuetatik datozenak gehiago direla pelikula eta serieak, fikzio deitzen ditugun horiek, alegia.
Iraultza eta kultura, bereizi balitezke, beti batuta joan dira. Gurean ere ETAren jardun politikoa asko azpimarratu izan da, eta, kontrara, bere izate kulturalaz deus gutxi dakigu.
Eman zidan zer pentsatua. Eta Fakirraren ahotsa-k erantzunaren puska bat:
Arteak aukeratuko lukeen amaiera ez du beti bizitzak hautatzen, gero bizitzak arteak kontatzen diona sinesten duen arren. Hori da izan, artearen akabuko garaipena: munduak harekiko duen sinesberatasuna.
Erantzunaren beste puska bat Katakrakeko idazleen mahai-inguruan Uxue Apaolazak esandakoak: «Tokatzen ez denean egin behar da literatura».
Kuku, kuku, kuku
Badugu lagun kolonbiar bat, Guadalupe. Aurten Donostiara masterra egitera etorri da eta halaxe ezagutu dugu elkar. Hurrengo eguneko klaseaz ari ginen, eta ni, nire gaztelera euskaratuan, denboraz larri nenbilela baina kasu egitera pasako nintzela esan nahian. «Luego, si eso, paso a hacer un kuku». Urtebetean ohitu da gauzak ez ulertzen eta hala esan zidan, ea zer zen kuku. Nik azaldu nion kukua txoria zela baina kuku bat egitea agurtzea zela. «Qué lindo».
Hizkuntzak gure izateari buruz asko dioela badakigu jakin euskaldunok. Galdezka eta bila hasi nintzen ea guk kuku ezinbestean entzuten dugun hori nola deszifratzen duten frantsesek, edo arabiarrek edo amazigek. Gaztelerak cú-cú entzuten du, baina besteenik ez dut deskubritu. Gari Araolazak Twitterren kontatu zuen kukuen kantuak grabatzen aritu zela udaberrian Gipuzkoako hainbat tokitan, eta ohartu zela kukuak beti hirudun minorreko bitartean kantatzen duela, bi tonu eta semitonu bat jaisten dela notez, beste era batera esanda (Mi-Do). «Entzumen absolutua» omen du kukuak, ez baita gaitasun arrunta beti notari tonu bera ematea.
«Aurten kukuaren otsa entzun eztuena, datorren urtean ezta bizi izango». Kukupida gutxi.
Kantuari jarraitu nahian, Resurreccion Maria Azkueren Euskalerriaren yakintza liburura jo dut. Kukuaren inguruko hainbat istorio biltzen ditu. Ohituretako batek dio, kukua kantatzen hasten denean, kuku zenbat urteko bizia ematen didazu? galdera egin behar zaiola txoriari, eta haren kukukadak kontatzen hasi. «Batzuetan bat yoten du, bestetan irurogei ta gehiago ere bai». Nik ere hori jakin nuenean hasi nintzen azkenengo kukukaden luzea gogoratu nahirik. Lasai. Badira beste bi uste ere: «Kukua entzuten badau, urte hartan ezta ilgo», baina «Aurten kukuaren otsa entzun eztuena, datorren urtean ezta bizi izango». Kukupida gutxi.
Inprobisazioaren eta segurtasun faltaren alde
«Inprobisazioaren» alternatiba EH Bildu dela aldarrikatu du Arnaldo Otegik. Jone Bengoa antzerkigile gasteiztarrak Kabia antzezlana publikoaren erreakzioekin batera moldatzen eta hobetzen du. Arantxa Tapiak dio «txertoarekin ekonomiari segurtasuna ematea» lortuko dugula. Argia aldizkarian Saioa Baleztenak Marta Bellvehí artista kataluniarraren hitzak dakartza titularrera: «Hemendik hilabete batzuetara zertan lan eginen dudan ez jakitea gustatzen zait». Gobernuen eta farmazia enpresen arteko kontratuen «gardentasun falta» salatu du International Transparency erakundeak. Ana Malagonek hirugarren ipuin liburua argitaratu du: Ez dakit zertaz ari zaren.
Politika eta kultura hitz berberetan urruntzen dira.
Kulturgintzaren artikulazioaz: Azpeitiko Sanagustin kulturguneko jardunaldiak
Joxe Azurmendiren 1992ko hitzak gogora ekarriz, «Euskal Herri atomizatuaren aurrean, kulturgintzak esan lezake soilik nazioa non bildu». Talde edo komunitatearen ekintza da beraz kulturgintza, eta ezin bereizi hizkuntzatik.
Maiatzaren 28an, Azpeitiko Sanagustin kulturguneak hamar urte betetzearen karira, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Jakin Fundazioak Kulturaren artikulazioa: nondik, zertarako eta nola izeneko jardunaldiak antolatu zituzten. Ekitaldiaren kronika, bideo eta argazkiak sarean daude eskura, baina parte hartzeko okasioa izan nuenez eta kazetarien errealitatearen diktaduratik salbu, han aipaturiko kontu batzuk ekarri nahi ditut paperera.
80 lagun elkartu ginen ostiral goizez. Areto bete eta goxoak pandemia garaiko distantzia eta hoztasunak apaltzen zituen. Aspaldikoka gerturatutakoak. Azpeitiko alkate Nagore Alkortaren eta Sanagustin Kulturguneak 10 urte Herri Batzordeko Inazio Arakistainen hitzek hasi zuten ekitaldia, eta ondoren Lorea Agirrek hartu zuen mikroa. Joxe Azurmendiren 1992ko hitzak gogora ekarriz, «Euskal Herri atomizatuaren aurrean, kulturgintzak esan lezake soilik nazioa non bildu». Talde edo komunitatearen ekintza da beraz kulturgintza, eta ezin bereizi hizkuntzatik.
Harkaitz Zubiri soziologo, idazle eta unibertsitateko irakasleak David Foster Wallaceren hitzaldi bati hasiera eman zion kontakizuna ekarri zigun Azpeitira. Ba omen ziren bi arrain; arrain zaharrago batekin gurutzatu ziren pasieran eta honek galdetu: «Nola dago ura?». Beste bi arrainek erantzun ez, eta aurreraxeago elkarri galdetu: «Ura, zer da ura?». Kontakizunari tiraka, Zubirik kulturaren beharra zein elkarrekin gauzak egiteko beharra azpimarratu zuen: «Kulturak ez du mundua aldatuko, baina alda dezake mundua alda dezakeen jendea».
Ur handitan sartzeko errespetuz, neronek ere Azurmendiren hizkuntzaren kezka eta pasiotik abiatu nuen hitzartzea. Kulturgintzaren artikulazioa izenburua irakurtzean, kulturgintzari bestela ere ematen dizkiogula eta artikulazioari hasi nintzen buelta ematen: zer da, zer ez da, noiz ari gara artikulatzen, noiz saretzen, noiz hibridatzen… Ez naiz filologoa eta nire asmoa ez zen debate terminologikoa planteatzea, baina gizarte zientzietan gabiltzanoi askotan leporatzen digute hiztegia puzten dugula errealitatea aztertu beharrean; eta, horrez gain, edo batik bat, kezkatzen nauena da ideia berriak plazaratzeko erabiltzen ari garen terminologia euskaratik ez etortzea. Ez dut azterketa kuantitatiborik egin, baina intuizioa dut aspaldi ahotan dabilzkigunak, izan ‘intersekzionalitatea’, izan ‘integrazioa’, izan ‘ekosistema’ (eta pandemiaren pcr-ak eta konfinamenduak zer esanik ez) erdaretatik datozela, eta guretu egiten ditugula itzulpenik egin gabe.
Halakoetan gure amona ekartzen dut gogora. Nola esango luke berak? Edo nola esaten da artikulazioa euskara jatorrean edo euskara zikinean baina euskaratik pentsatuta? Sinonimoen hiztegira jota, artikulazioaren sinonimo gisa ‘giltzadura’ kontzeptua proposatzen du. Giltzadura. Giltza horrek irekitzeari egiten dio keinu, eta atzizkiak, berriz, baturari. Izan daiteke. Edo artikulazioaren sinonimo ‘txirikordatzea’ ere bada. Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da lanean hala ageri da:
Gurean hiru zapalkuntza gainjartzen dira –nazioagatikoa, klaseagatikoa eta emakume izateagatikoa– eta ezinbestekoa da hirurak elkarrekin txirikordatuta aintzat hartzea egiazko emantzipaziorik iritsiko bada.
Baina egia da ‘kulturgintzaren giltzadura’ edo ‘kulturgintzaren txirikordatzea’ izenburu gisa pentsatze hutsarekin ahoa listu egiten zaidala.
Hitzak eta kultura bizio, hizkuntzatik pentsatzea bezain gustagarri zait hitzaren formatik harago joatea. Zer da artikulazioa edo nola irudika genezake hitzez beste? Boteprontoko estereotipoek konbentzitu ez eta Googlera jo nuen. Artikulazioaren lehen adiera hedatuena hezurduren elkarketa da. Hezurren arteko lotura, edo hezurren arteko lotura ahalbidetzen duten elementuen multzoa da artikulazioa. Eta izan daiteke kulturaren metafora.
Nire ustez, kulturak belaunaren antz handiagoa du bihotz edo sentimenduena baino: ibilian ibiltzea bezain ohiko, bezain erritualeko izan dadila.
Femurra, haragia eta protesia. Horrelaxe jarri nion izenburu esan nahi nuenari. Femurra, kulturaren kasuan, izen teknikoa duena da, objektibatuta eta sailkatuta dagoena. Metaforatik aterata, kulturgintzan parte hartzen duten instituzioak edo egiturak lirateke. Haragia, berriz, ‘dagoena’ da, ingurua, antolatu gabea kasi. Deitu militantzia, deitu balioak, deitu herria. Protesia, azkenik, hezur-haragi horri lagundu nahi diona da, eta besteen higaduraz txertatu behar izan den zera ‘ez-naturala’. Izan daitezke kultur politikak, edo esku-hartze zehatzak edo gizakiaz harago dagoen paisaia kulturala, esate baterako. Metafora horretan gustatzen zitzaidana zen, femurra, haragia eta protesia esanda, irudikatzen duguna ez dela elementu bakoitza, belauna baizik. Talkak sortzen du. Belaunean eragitea da bakoitzaren funtzioa, bakoitzak ditu bere konposaketa eta beharrak. Metafora hori baliagarria egin zait ideia batzuk ordenatzeko, eta kulturaren autonomiaren debatea ere kokatu dezake hein batean: nire ustez, kultura ez da belkroaren pare autoekin zein damuarekin elkartu daitekeen elementu bat; femurra eta tibia ezin dira lotu, baina, haragia, hemen gutxiago, han gehixeago, denean behar da.
Nire ustez, kulturak belaunaren antz handiagoa du bihotz edo sentimenduena baino: ibilian ibiltzea bezain ohiko, bezain erritualeko izan dadila.
Eta bide adina ibilkera. Sanagustineko gune hartatik ibilian abiatu ginen, Enekoitz Esnaolaren eskutik, Azpeitiko Kultur Mahaira; handik Durangoko Plateruenaren proiektu berrira joan ginen, Ihintza Orbegozo lagun; Eneko Gorrik Maule, Angelu eta Biarritzen martxan jarri duten Mintzalasai ekimenaren arrastoak erakutsi zizkigun; Bertsozale Elkartearen ibili transatlantikoa Miren Artetxek; eta, azkenik, Iruñeko pastoralaren jauziak Ihitz Iriartek. Lokatza podcastak dio gabiltzalako gaudela hain zikin. Eta garbiak izatea ez da gure aukera.
Azpeitian elkarrekin egon ginen, lehenengo mahai-inguruan, ondoren mahai-bueltan. Mari Luz Estebanek dio Euskal Herriko mugimendu feministaren ezaugarri behinenetako bat «presentzia» izan dela: presentziatik eta presentzian aritu nahi izan dugu. Euskal kulturgintzara ere eramango nuke ezaugarri hau. Gure txikitasunaren albo-onurak. Espazio fisikoek garrantzi handia izaten jarraitzen dute elkarrekin egon eta artikulatzeko, eta iruditzen zait gure kultura bereizteko faktore izan daitekeela: Netflixeko telesailek ez digute balio elkarrekin egoteko, Aiaraldeko Faktoriako poesia-errezitaldiak bai.
Elkarketa mota ezberdinak daude, noski: arrazoi ezberdinengatik elkartzen gara kuadrillakoekin, bizilagunen bileretan edo antzerki emanaldietan. Diferentzia ez da berdintasunaren kontrako, eta zenbat eta gehiago izan, ez da, derrigor, eta beti, hobe. Eneko Gorrik Mintzalasai proiektuaren filosofia gisa trikitiaren hauspoa darabiltela aipatu zuen Azpeitian: arnasa hartzeko ireki, ireki, ireki hauspoa; ordea, konpaktatu, konpaktatu, soinua jotzen jarraitzeko. Aupa Egurrola!