2025-05-05 Egunen gurpilean

Olatuak eta hormigoia
Badago jendea sailkatzeko mila modu bitxi. Italiar lagun batek kontatzen zidan herrialde kafezale hori bi bando handitan bereizten duen ardatza ura kafearen aurretik eta ondoren edaten dutenen artean dagoela. Alegia, batzuek zaporea ondo hartzeko ahoa garbitu nahi izaten dute aurretik, eta besteek kafea dastatu orduko kendu nahi izaten dute haren gustua mihitik. Gustu bat, izaera bat eta Italia ulertzeko modu bat talkan jartzen dira kafe zaporearen aldeko eta kontrakoen artean. Ez da lagunarterako elkarrizketa txarra.
Modu horretako bereizketetan arerioak lagun eta lagunak arerio bilaka daitezke. Gurera etorrita, sarri saiatu izan naiz antzeko metodoa erabiliz jendea sailkatzen, adibidez Kantauri itsasoa nahiago dutenen eta Mediterraneora txangoa egiteko edozein aukera baliatzen dutenen artean. Mareen indarra eta itsaso basatiagoa edo ur gaziko laku erraldoi bezain eder baten sosegua. Frogatua dut eztabaida sutsuak sor daitezkeela bi posizioen artean, baina, azkenerako, ondorioztatzen dugu bi itsasoek dakitela atsegin bezain mehatxagarri agertzen. Mediterraneoaren kasuan, europar turismoaren bihotz den bezala, 2024an 2.200 pertsona hil ziren itsaso hori gurutzatzen saiatzen; Kantaurin, ohituak gaude udaberriko egun eguzkitsuak Atlantikotik datozen denboraleekin tartekatzera.
Gogoan dut haurrak ginenean zelako harridura eragiten ziguten marea biziek. Zarauzko malekoiaren kontra olatuak kolpeka hasten ziren abuztuaren bukaera edo irail hasiera inguruan. Herriak itsasoari espazioa jana ziola esaten ziguten, baina egiazki irudia alderantziz ulertzen genuen guk; olatuak ziren hormigoia irensten ari zirenak. Eskolara itzultzeko ordua izaten zen, uda, urtaroarena eta soziala, bukatzen ari zela esateko mezu bezala iristen zitzaigun. Aldaketa garai bat.
Ez dakit aspaldian olatu erraldoiek amorruz kolpatu ote duten euskal kostaldea, baina aurretik sumatu eta espero bagenuen ere, NASAk gidatutako ikerketak jaurti du opor sasoiari agur esan eta etxeko lanak egiten hasteko abisua: 1993tik itsasoaren batez besteko altura 10 zentimetro igo da, eta igoera erritmoa bikoiztu da azken urteetan. Zehazki, 2024an, 0,59 zentimetroko igoera erritmoa izan du, espero zena baino 0,10 gehiago. NBEk uharteetan eta kostaldeko eremuetan neurriak hartzera dei egin du, probableena delako igoera erritmoa bizkortzea. Baina hona hemen berriz ere krisi ekologikoaren dimentsio guztietan errepikatzen den paradoxa berbera: ebidentzia zientifikoa badugu, baina borondate politikoaren eremuan katramilatzen gara. Egia eta politika, elkar ukitu nahi ez duten bi ozeano.
Mediterraneoa
Azken hilabeteetan buruak irrist egin izan dit duela urte gutxi esku artera erori zitzaidan Rafael Chirbes idazlearen Crematorio (2007) liburura. Misent izeneko herri fiktizioan kokatuta, eleberrian ikusten dugu valentziar kostaldea nola bilakatu zen jubilazio europarraren oporleku. Alde batetik, Rubén Bertomeu konstruktorearen figuraren bidez, Chirbesek erakusten digu Espainian jaiotzen ari zen ‘demokrazia’ eta ongizate kapitalistaren etekina zer pertsona motak poltsikoratu zuten. Bestela esanda, ustelkeriaz, azpijokoz eta moral zalantzagarriz betetako giro sozial depredatzaile baten urrezko aro zinikoa deskribatzen da liburuan. Chirbesek modu garratzean hausnartzen du frankismoa erori ostean ezarri zen modernitatearen inguruan, aldaketa nahi eta, ohartzerako, akumulazio kapitalista suntsitzailean murgildu zen belaunaldiaren bilakaeraren berri emanez. Azken buruan, Misenteko etxe-orratzek eta igerileku pribatuko urbanizazioek belaunaldi baten ongizate gozoaren atzean gordetzen den porrota erakutsiko lukete.
Urbanizazio eta hotelei bertako toki naturalen izenak jarri zizkieten; akuiferoek, iturburuek edo bioaniztazun altuko guneek belaunaldiz belaunaldi jaso zituzten izenak, hain justu. Hala, naturguneak hormigoiarekin ordezkatu ondoren, La Laguna, Las Balsas edo El Saladar izenak jarri zizkieten Misenten klase ertaineko urbanizazio berriei. Aina Vidal ikertzaileak zehazten duenez (‘La piscina global. El Mediterráneo de Rafael Chirbes desde el spatial turn y la ecocrítica’, Revista de Teoría de la Literatura y Literatura Comparada 21, 2019), dinamika urbanizatzaile horren adibide errealak bizi izan zituen Chirbesek Pego-Oliva edo Galerasses de Xeresa inguruan, 500 hotel plaza, golf zelai bat eta bi parke tematiko eraikitzeko proiektuarekin.
Henri Lefebvreren obra ekarriz, esan liteke espazioa produzitu egiten den zerbait dela. Garaian garaiko eta tokian tokiko elite batek bere nahierara moldatzen du, bere desiretara subordinatzen, harik eta etekin iturri bilakatzen den arte. Botere-konfigurazio zehatz horrek zizelkatuta lagatzen ditu espazioan pentsaera bat, botere-forma bat eta naturarekin harremantzeko modu bat. Boom immobiliarioaren aztarna tatuatua dago Mediterraneoko kostaldeko larruazalean. Autopistak, apartamentu blokeak, hotelak, golf zelaiak edo merkataritza zentroak ugaldu ziren adreiluzko kapitalismoaren urterik onenetan, Mediterraneoaren bakea europar klase ertainaren eskura ipini asmoz.
Hormigoiaren festa ordaindu behar izan zenean, ordea, paisaiak gehiago hartu zuen obra abandonatuaren kutsua, etxe erdi eraikien kanposantuarena. 2008ko krisiak adreilu eta zorpetzearen kolpez aurrera egin nahi duen ekonomia baten izaera dopatua agerian jarri zuen bezala, gure buruari galde diezaiokegu ea DANA ez den izan ingurugiro kostua modu bortitzean ordaintzeko modu bat. Bestela esanda, galde dezakegu zer harreman gordetzen den kostalde hiperurbanizatuaren eta klima aldaketak eragiten dituen kalteen artean. Ea identitatearekin, historiarekin, tokiko ekosistemekin eta bertako giza taldeekin adeitsuagoa zen espazio-antolaketa batek ez ote zituen kalteak murriztuko, erantzun erresilienteagoa emateko gaitasuna areagotuko. Nolabait, gogorarazi digu bortizkeria soziala eta klimatikoa eskutik lotuta doazela, eta distira immobiliario izan zena, zibilizazio krisi baten testuinguruan, halabeharrez bilakatzen dela hondakin.
Chirbestar gai ohikoa da Mediterraneo garden, baketsu eta indarberritzailearen irudiak paisaia behartu, zikin eta esplotatu batekin egiten duen talka. Walter Benjaminen esaldi zaharraren gaurkotze literarioa izan liteke agian, zibilizazio obra oro basakerian oinarritzen den zentzuan. Izan ere, ikuspegi sozialetik antzeko logikarekin pentsa dezakegu: adreiluan eta eraikuntzan oinarritu zen klase sozial arrakastatsuaren kalte-ordainak barnealdeko langile herrietan ordaindu dira. Argi artifizialez gainezka dagoen itsasbazterrari barruko herrixketako zabortegiak eta zikinkeriak kontrajartzen zaizkio. Hamarkadetako turismoaren industriak atzeko patio moduko bat behar izan du, zaindu gabea, kutsatua, herdoila. DANA-k bertan jo du gogorren.
Alabaina, zer pentsa ematen du ere Mediterraneoaren beste aldean, Gazan, kostaldea Disneyren antzeko parke tematiko bihurtzeko saiakerak. Lurralde oso bat, herri oso bat zegoen tokian, etxe-orratzak, hotelak, diskotekak eta golf zelaiak proiektatu dira Trump konstruktore ohiaren oniritziarekin. Nolabait bideragarri eta egingarritzat jo da kultura bat, nazio bat eta munduan egoteko modu oso bat ezabatzea, klase ertain kolono eta inperial baten gozamenari bide emateko. Ez dakit idazlerik distopikoenak ere halako agertokirik diseinatu izan duen fikzioan, baina herrien Crematorio errealak bideo bidez ikusten gabiltza zuzenean. Marko horretan, Mediterraneoaren mendebaldeko itsasertz neoliberala onargarriago ageri zaigu ekialdeko genozidio neofaxista baino.
Kantauri
Dena den, ondasun natural komunen suntsiketa eta garapen eredu neoliberalaren ezarpena ikusteko, ez da soilik Mediterraneoko kostaldera begiratu behar. Gurean ere egon da eta badago pentsaera sozial akumulatzailea; Lapurdi edo Gipuzkoa kostaldeko etxebizitzen prezioari begiratu labur bat ematea nahikoa da haren dimentsioaz jabetzeko. Baina baita barrurago ere, Aroztegiaren proiektuak ongi sinbolizatzen duen bezala. Bertomeu txikiak edonon baitaude, udaletako plan orokorrak aldatzeko presionatzen duten jokalariak edo norbere txaleta modu irregularrean eraikitzeko tramiteak egiten dakitenak. Sarraski ekologiko orotan agertzen baitira negozioa kosta ahala kosta puztu nahi duten enpresariak, tokiko politikarien faboreak, kontrol faltak eta arduradunen utzikeriak. Andrea Camilleriren nobela baten gidoia badirudi ere, antzeko patroiak errepikatzen dira Valentziako DANA-n edo Zaldibarko zabortegiaren amiltzean. Ardura hartu nahi ez duten politikariak, haserre soziala, gezurrak eta egia erdiak.
«Hiriak beti hazi dira ustelkeria kolpez», dio Chirbesek, eta badirudi, amildu ere, ustelkeria kolpez amiltzen dira. Galdera da, beharbada, ea nola desaz daitezkeen hiriak modu ordenatu batean, ea demokrazia, jabetza publiko eta planifikazio kolpez egin daitekeen bide eskuzabalago eta atseginagoa. Ea gai garen gure hondartzetan zenbat turismo, zenbat garraio eta zenbat energia kabitzen den erabakitzeko, kostaldea itsasoaren igoerara egokitzen dugun bitartean.
Itsasoa gorantz dator, Artikoa urtzen ari da, Pirinioetako glaziarrak aurki desagertuko diren bezala. Gure disputa ekonomiko eta kulturalei entzungor, klima aldaketak bere erritmoa markatzen jarraituko du, zabaltzen ari den itsas-lanbro isil baten eran gehiago, enbata zaratatsu baten forman baino. Mediterraneoa munduko batez besteko erritmoa baino %20 azkarrago ari da berotzen, eta aurreikuspenek diote mende bukaerarako euskal kostaldea guztiz itxuraldatua egongo dela. Ez dakit Kantauriren eta Mediterraneoaren aldeko bandoak berdintsu mantenduko diren egoera berrian. Biak hain atsegin, biak hain mehatxagarri.