Klima aldaketaren erronkez

Glokalia

2023-04-04 Bloga

Alarma eta itxaropena

Martxoaren 20an argitaratu zuen IPCCk, NBEren Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, bere seigarren ebaluazio zikloaren sintesia. Horrela, 2015ean hasitako bideari amaiera eman dio, eta ez du beste ezer argitaratuko 2030 arte. 36 orrialdeko dokumentu eskematikoa da, ingelesez bakarrik argitaratua, eta bertan laburtzen ditu aurreko txostenetako 10.000 orrialde baino gehiago, legegile eta politikariei (jatorrizkoan, policymakers) beren erabakietan laguntzeko gako nagusiak bilduta. Beraz, dokumentuak ez dakar informazio berririk, baina eragin handia izan dezake hurrengo hamarraldiko erabakietan.

IPCCk dioenez, dagoeneko 1,1 gradu handitu da Lurraren batez besteko tenperatura industriaurreko garaiaren aldean; eta giza jarduerek eragindako berotegi efektuko gasak dira, inolako zalantzarik gabe, berotze horren kausa nagusia. Milioika urtez lurpean metatutako erregai fosilak hamarkada gutxi batzuetan erretzearen ondorioz, atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa azkenengo bi milioi urteetako altuena da. Gainera, emisioen hazkundeak ez du etenik, eta 2010etik 2019ra bitarteko hamarraldian isuri da orain arteko berotegi efektuko gas gehien. Giza jarduerak erantzule gisa aipatu arren, ezberdintasun handiak daude herrialdetik herrialdera eta etxetik etxera. Aditu taldearen arabera, errenta handieneko etxeen %10ek munduko isurien %34-45 eragiten dute, eta %50 txikienekoek, %13-15. Alegia, herrialde aberatsak eta elite ekonomikoak dira klima larrialdiaren erantzule nagusiak. Esan dezagun, bidenabar, batez besteko euskal herritarrak goiko aldean gaudela kutsatzaileen zerrendan.

Alarma mezuarekin batera, itxaropen mezua dakarkigute IPCCren adituek, eta agertokirik okerrenak ekiditea oraindik ere posible dela diote. Horretarako, baina, emisioak azkar, sakonki eta berehala txikitu behar dira, hamarkada honetan bertan hasita.

Iraganeko isurketei begiratzea baino garrantzitsuagoa da, ordea, hemendik aurrerakoei erreparatzea. Txostenak iragarritako agertokirik okerrenean, 4,4 graduko berotzeak kalte izugarriak eragingo lituzke: espezieen desagertze masiboa, ekosistema osoak galtzea, gaixotasunak, muturreko fenomenoak, goseteak, ur eskasia, itsasoaren maila igotzea… Ondorio horietako batzuk nabarmenak eta atzeraezinak dira dagoeneko, baina are gehiago larriagotu litezke etorkizunean, giza espeziearen iraupena bera kolokan jartzeraino. Egoera ez litzateke ona, era berean, gaur egungo klima politikek bere horretan iraungo balute, horrek 3,2 gradu berotzera garamatza eta.

Hala ere, alarma mezuarekin batera, itxaropen mezua dakarkigute IPCCren adituek, eta agertokirik okerrenak ekiditea oraindik ere posible dela diote. Horretarako, baina, emisioak azkar, sakonki eta berehala txikitu behar dira, hamarkada honetan bertan hasita. Etorkizun bizigarri bat bermatuko lukeen 1,5 graduko langa ez gainditzeko, 2030erako %48 murriztu beharko lirateke munduko CO2 isurketak, eta %84 2050erako. Jaitsiera hori gutxieneko justiziaz egiteko, are jaitsiera handiagoa egin beharko genuke gehien kutsatzen dugunok. Zenbakiei neurria hartzeko, 2020an, pandemiak ekarritako geldialdiarekin, %10 txikitu ziren Europako Batasuneko isurketak. Sei pandemiaren emisio jaitsiera kateatu beharko genuke, gutxienez, hurrengo zazpi urteetan (sei urteko %10eko jaitsiera metatuak %46,86ko jaitsiera dakar: 1–0,96=0,468559). Ez gabiltza horretan.

Ezin diogu itxaropenari itxaron

Klima aldaketaren kausak eta ondorioak aztertuta, IPCCk neurri sorta zabala ematen du larrialdi egoerari erantzuteko. Ondorio batzuk dagoeneko saihetsezinak direla jakinda, neurri batzuen helburua mundu beroago batera egokitzea da: gune artifizialak, ekosistemak eta hezeguneak leheneratzea, hiriguneak berdatzea, askotariko basogintza eta paisaiak, agroekologia… Praktika horiek guztiek uriolak izateko arriskua txikitu, bero boladen eragina leundu eta lekuan lekuko elikadura burujabetza handitzen dute. Kontrako aldean, gurera etorrita, apustu suizidak dira monolaborantzan oinarritutako basogintza, arraseko mozketak eta lurra artifizialtzen jarraitzen duten azpiegitura eta hirigintza planak. Gaurko etekinak eta biharko gosea.

Erregai fosilen ordezkotzat dauzkagun energia iturri eta teknologiek nekez eutsiko diote hazkunde ekonomikoari, globalizazioari, hipermugikortasunari… Horregatik, klima aldaketa, krisi ekologikoaren gainerako sintomak bezala, funtsean ez da arazo teknikoa.

Egokitze neurriekin batera, beste neurri batzuek kalteak arintzeko helburua dute; hau da, berotzea ahalik eta gehien mugatzea, kausetan eraginez. Txostenean aipatzen diren arintze neurrietan, hiru hitz nabarmenduko nituzke: finantzaketa (60 aldiz errepikatzen da), teknologia (34) eta efizientzia (17). Laburbilduz, finantzaketa publiko eta pribatuak berrikuntza teknologikoa sustatu behar duela, kasu batzuetan erregai fosilak ordezkatuko dituzten energia iturriak ugaritzeko eta beste batzuetan energia efizientzia handiagoz erabiltzeko.

Aldaketa teknologikoen ekarpena ukatu gabe ere, askotan ordezkapenaren fikzioan jausten garela iruditzen zait. Adibide bat ematearren, bidegorriak egiteak edo garraio publikoa handitzeak ez dute, besterik gabe, autoen joan-etorria txikitzen. Ordezkapen hori modu orokor eta sakonean gerta dadin, erabiltzaileek sentitu behar dute bizikletak edo trenak hobeto betetzen dituztela haien beharrak autoak baino; horretarako, beharrezkoa da autoaren erabilera mugatzea (adibidez, errepide eta aparkalekuak kenduz) eta, batez ere, lurraldea birlokalizatzea. Gauza bera gertatzen da erregai fosilekin. Errekuntza mugatzeko neurri zuzenak hartu ezean, erregai fosilen neurrira eraikitako gizarte hau eraldatu ezean, beste teknologia batzuk ugaritzeak ez du horien erabilera txikituko.

Erregai fosilen ordezkotzat dauzkagun energia iturri eta teknologiek nekez eutsiko diote hazkunde ekonomikoari, globalizazioari, hipermugikortasunari… Horregatik, klima aldaketa, krisi ekologikoaren gainerako sintomak bezala, funtsean ez da arazo teknikoa. Ez ditu auzitan jartzen erregai fosiletan oinarritutako teknologiak bakarrik, gizartearen ekoizpen eta kontsumo eredu osoa birpentsatzea eskatzen du.

Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?

Sarri askotan, esaten duguna bezain adierazkorra da isiltzen duguna. Batzuetan, isiltasunak oihu egiten du. Beñat Zalduak berriki idatzitako zutabean gogorarazi digun bezala, IPCCren sintesi txostena dokumentu mistoa da: «Ekoizpena zientzialariena da, baina onarpena, gobernuena. Prozesuan, beraz, zientziak bezainbeste pisu dauka diplomaziak». Itxura batean, horregatik filtratu zen zientzialarien zirriborro bana 2021eko ekainean eta abuztuan, gobernuek aukera gutxiago izan zezaten edukia itxuraldatzeko. Xelebrea da batzuek galbahea ez pasatzeko besteek filtratu beharra. Hala ere, orduan ezagutzera emandako hainbat adierazpen galdu egin dira NBEren korridore luzeetan. Filtrazioetan ezohiko irmotasunez mintzatzen ziren zientzialariak, eta lerroburu mamitsuak eragin zituzten. Ondorengoak izan ziren pasarte aipatuenetako batzuk:

Lurreko bizitza klima-aldaketa nabarmen batetik susper daiteke, espezie berrietarantz eboluzionatuz eta ekosistema berriak sortuz. Gizateria ez.

Energia eta material kontsumoaren hazkundea da berotegi efektuko gasak areagotzeko arrazoi nagusia. Hazkunde [ekonomiko]aren eta energia erabileraren arteko desakoplamendu txikiak –hein handi batean ekoizpenaren deslokalizazioak eragindakoak– ezin izan du konpentsatu ekonomiaren eta biztanleriaren hazkundearen eragina.

Zientzialari batzuek azpimarratzen dute aldaketa klimatikoa garapen industrialak eragiten duela, eta, zehazkiago, gizarte kapitalistaren garapen sozial eta ekonomikoaren izaerak; beraz, [gizarte kapitalista] azken finean eutsiezina dela uste dute.

Sintesi dokumentura itzulita, aitortzen duenez, «anbizio handiko arintze bideek aldaketa handiak dakartzate, batzuetan disruptiboak, gaur egungo egitura ekonomikoetan». Hala ere, paragrafo berean «isuri txikiko hazkunde jasangarria» babesten du, ahaztuta elkarrekin hazten direla ekonomia, energia kontsumoa eta isurketak. Planeta finitu honetan, hazkundea ezin da iraunkorra izan eta iraunkortasuna ezin da hazkundean oinarritu. Jarraian, egokitze eta arintze neurriak laburtzen dituen grafikoan, ez da berotzea mugatzeko neurri bakarra ere aipatzen gizartea, bizibideak eta ekonomia atalaren baitan. Ematen du emisioak behar beste murriztu daitezkeela gizarte ereduan, eguneroko bizimoduan eta egitura ekonomikoetan aldaketa disruptiborik egin gabe, egokitzapen tekniko hutsekin.

Kapitalismoaren pentsamendu magikoa kontsumitzaile askeetan eta baliabide mugagabeetan oinarritzen denez, eskariak gidatzen omen du ekonomiaren martxa. Aldi berean pentsatu beharko genituzke klima aldaketa eta erregai fosil merkeen amaiera; arazo beraren bi aurpegi dira, irtenbide bateratu baten zain.

Kontraesanetan murgilduta, Tabu izeneko jolasean irudikatzen ditut zientzialariak. Bide orri bat iradoki behar diete arduradun politikoei, baina belarrietan min eman dezaketen hitzak esan gabe. Zaila da zuzentasun politikoari eustea bidean argitasuna galdu gabe. Esaterako, IPCCren aurreko txostenetan, desazkundea 63 aldiz aipatzen da; sintesi dokumentuan, behin ere ez. Ideia bera helarazteko beste modu bat izan liteke, eraginkorragoa, agian, energia eta materialen kontsumoa txikitu beharra aipatzea. Hori ere gehiegizkoa omen. Horren ordez, eskaria kudeatu, eskaria txikitu edo eskariari lotutako arintze neurriak bezalakoak darabiltzate (jatorrizkoan, demand-side management, demand-side reductions eta demand-side mitigation options). Aldiz, ez da behin ere aipatzen baliabideen eskaintza. Izan ere, kapitalismoaren pentsamendu magikoa kontsumitzaile askeetan eta baliabide mugagabeetan oinarritzen denez, eskariak gidatzen omen du ekonomiaren martxa. Aldi berean pentsatu beharko genituzke klima aldaketa eta erregai fosil merkeen amaiera; arazo beraren bi aurpegi dira, irtenbide bateratu baten zain.

Klima-aldaketa sintoma da, gaixotasuna kapitalismoa

Desadostasunak desadostasun, interesgarria da dokumentuaren oreka zailaz jabetzea, bertan argi islatzen baitira krisi ekologikoak dakarzkigun kontraesan eta erronkak. Nola uztartu beharrezko gizarte eraldaketa erradikala eta gizarte egituren kontserbadurismoa, deskarbonizazioaren presa eta aldaketa kulturalen moteltasuna? Non jarri beharko genituzke ahaleginak, gaurko baldintza politikoen barruan ahal bezainbeste lortzen, ala ekologikoki eta sozialki behar duguna politikoki posible egiten? Nola txikitu dezakegu behar dugunaren eta egin dezakegunaren arteko distantzia? Nola eman krisi ekologikoaren berri bere larritasuna ezkutatu gabe eta, aldi berean, etsipenik eragin gabe? Galdera horientzako erantzun partzial eta prekarioak baino ez dauzkat.

Klima aldaketaren aurrean garaiz erreakzionatzeak, beste gizarte erronka batzuen aldean, badauzka gutxienez bi zailtasun gehigarri. Lehenik, ondorioak ez dira berehalakoak, kausetatik urrun gertatzen dira espazioan eta denboran. Horrek zaildu egiten du ekintzen ondorioez jabetzea, eta azaltzen du, neurri batean, urte luzez irtenbideak atzeratzen ibiltzea. Bigarrenik, klima aldaketari aurre egiteak mundu mailako koordinazioa eskatzen du; eskura dauzkagun erregai fosilen zati handi bat lurpean uztea, eta energia gutxiagorekin ondo bizitzeko moduak antolatzea.

Amaieratik hasita, berri txarrak gozatu ala ezkutatzeak, herritarrek asumitu ezingo dituzten beldurrez, gizakion egokitzapen gaitasuna gutxiesten du. Historiak erakusten digu gai garela, beharrezkoa denean, bizi baldintzen aldaketa sakon eta azkarretara egokitzeko. Egia da irtenbiderik ez ikusteak etsipenera eraman gaitzakeela, guztia galdutzat ematera. Baina egia da, era berean, are gehiago paralizatzen gaituela arazorik ez ikusteak, arazo guztiak adabaki teknologiko hutsekin konponduko direla pentsatzeak.

Klima aldaketaren (eta energia krisiaren, eta bioaniztasunaren galeraren…) larritasunaz jabetzea, bertan gozo gelditzeko arrazoia baino gehiago, ezinbesteko baldintza da behar dugun tamainako lema kolpea jotzeko. Agian, honezkero ezinezkoa da 1,5 graduko helburua erdiestea. Seguruenik, gehiegizko aldaketak behar ditugu patroi kulturaletan eta gizarte antolaketan, hain denbora laburrean indar nahikoarekin erreakzionatzeko. Segurtasun osoz, ezingo ditugu kalte batzuk ekidin. Edozelan ere, 2 gradutik 3 edo 4 gradurako aldeak txiki utz litzake historiako hondamendi guztiak. Agertokirik okerrenak ekiditea bada mobilizaziorako nahikoa arrazoi.

Hala ere, klima aldaketaren aurrean garaiz erreakzionatzeak, beste gizarte erronka batzuen aldean, badauzka gutxienez bi zailtasun gehigarri. Lehenik, ondorioak ez dira berehalakoak, kausetatik urrun gertatzen dira espazioan eta denboran. Horrek zaildu egiten du ekintzen ondorioez jabetzea, eta azaltzen du, neurri batean, urte luzez irtenbideak atzeratzen ibiltzea. Dena den, onerako zein txarrerako, kalteak ez daude hain urrun dagoeneko, gure bizitzak kolpatzen hasita daude. Eta ez dituzte leku urrun bateko hurrengo belaunaldi ezezagunek sufrituko; hemen eta orain bizirik gauden guztiok pairatuko ditugu, batez ere belaunaldi gazteenek. Denbora laburtu ahala, arazoak ukigarriagoak izango dira, berehala ekiteko arrazoiak ugarituko zaizkigu, inertzia kulturalak leunduko dira. Kolpe bakoitza krisiaren kudeaketa autoritario baterako bide izan daiteke, edo antolakuntzarako arrazoi, oinarrizko beharrak kolektiboki eta lekuan lekuko baliabideekin bermatzeko.

Bigarrenik, klima aldaketari aurre egiteak mundu mailako koordinazioa eskatzen du; eskura dauzkagun erregai fosilen zati handi bat lurpean uztea, eta energia gutxiagorekin ondo bizitzeko moduak antolatzea. Beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa nork bere ohiturak aldatzea. Bidean, baliabideen banaketarekin lotutako gatazkak sortuko dira herrialdeen zein klase sozialen artean, eta batzuek dagokiena baino gehiago kutsatzen jarraitu nahiko dute, beren kontsumoa negoziagarria ez delakoan. Emisioetan behar ditugun jaitsiera tasak ez dira bateragarriak kapitalak behar dituen hazkunde tasekin. Merkatuaren arauak ez dira bateragarriak erregai fosilak lurpean uztearekin. Industria fosilak ez du bere jarduna borondate onez utziko. Irauteko aukerak izango baditugu, joko arauak goitik behera aldatu beharko ditugu. Edo, are hobeto, behetik gora.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan