Katalunia: ekonomia eta politika

2017-11-08 Bloga

Katalunia independente baten ekonomiari buruzko hainbertze iritzi entzun ondoren, zaila da batzuek edo bertzeek errandakoa ez errepikatzea. Alde batetik, ezin ahaztu diruak, kapitalak, aberririk ez duela. Herri independenteak, estatu mota jakin bat dutenak, ez dira ekonomikoki buruaskiak, are gutxiago energia iturririk gabeko Europako Batasunean. Elkarmenpekotasun ekonomikoa, lehia sutsua eta espezializazioa dira gaur egungo mundializazio neoliberalaren ezaugarri zenbait. Zaila da jakitea nolako bilakaera ekonomikoa izan lezakeen Katalunia independente batek, baina zaila da ere Espainiaren barneko ekonomia katalanaren bideak aurrez esatea. Lan banaketa neoliberalean aunitz eragin ezberdinak, aurkakoak batzuk, jokoan direnez, epe ertainean eginen liratekeen inbertsioak ezin zehaztu.

Elkarte horretatik Erresuma Batuko irteeraren prozesua erakusten ari den ildoan, negoziaketak dira gakoa. Erraterako, pentsio publikoei dagokienean, Espainiako Seguridad Social-en sistemari orain arte haien kotizazioak ordaindu dizkioten langile zein enpresekiko estatu espainolak duen erantzukizuna ezin da aldebakartasunean erabaki. Aunitz langile espainiarrek haien pentsioak Frantzia edo Alemania edo Suitzako gobernuetatik jasotzen dituzten modu berberean jasoko lituzkete pentsiodun katalanek. Bertze aldetik, baina, erabaki politikoen eragin ekonomikoari dagokionean, arras nahasiagoa da egoera. Estatu espainolak Katalunian egindako inbertsioei, eta pilatutako zor publiko espainiarraren Kataluniako zatiari, dagokien zenbateko zehatz eta objektiboa lan tekniko baten bitartez kalkulatzea ikaragarri zaila da. Horrez gain, independentzia zigortzeko-edo, Katalunia independenteko produktuen, eta inbertsioen, aurkako boikotaren aukera ere aipatu dute, nahiz eta harreman ekonomikoen politizazioa enpresarientzat nahiko arrotza izan. Zentzu horretan, denetarik entzun dugu ere Kataluniako enpresa zirkulu eta enpresari jakin batzuengandik. Sabadell bankuaren presidentea, tartean. Azken horrek, prentsaren aurrean adierazpen nahasi eta hutsalak egin ostean, bankuaren egoitza soziala Kataluniatik kanpora aldatzera doazela iragarri zuen, eta Caixabank bankuak ere antzeko erabakia plazaratuko duela ziurtatu dute. Bi banku horien portaera dela eta, bitxia da horiek bezalako garrantzi handiko albisteak asteburuan, edo ortzirale arratsaldean, inguruko finantza merkatuak itxirik direnean, ez iragartzea. Beharbada gordailu ihesa aurreikusi zutena baino handiagoa izaten ari zelako ibili dira presaka.

Zuhurrago agertu zen Guindos Ekonomia ministroa, banku katalanak, banku espainiarrak diren heinean banku europarrak ere badirela gogorarazteko, Europako Banku Zentralaren babes osoa dutela esanez bide batez. Ezin da aurresan Kataluniatik alde egiteko erabaki horiek uholde baten lehenbiziko ttanttak diren edo ez, baina bi banku katalanek haien bulego eta lanpostuak Katalunian gordeko dituztela iragarri dute. Bezeroak lasaitzeko moduko albistea izanda ere, lekualdaketa horiek independentziaren aukerari sinesgarritasuna eman diotelakoan gaude. Izan ere, uneko gorroto eta pozez gain, egunoroko bizitzan gauza gutxi alda lezake independentzia politikoak. Abagune honetan, faltan sumatzen ari gara katastrofe bat, krisialdi bat, ‘aukera berrien garaia’ dela dioten adituak, coach xelebre horiek bereziki. Egia da, hasiera batean behintzat, Europako Batasunetik eta eurotik kanpo ibili beharko lukeela Katalunia independenteak; baina akordio monetario bat lor daiteke haren banku zentral berria Europako Moneta Sisteman sartzeko, eurotik at dauden Europako Batasuneko kideen monetekin bat eginez. Halaber, urrutiagoko lagunak, Errusia edo Txina erraterako, elkarlanerako prest ager daitezke, nahiz eta herri horiek aldebakarreko independentziarik ez onartu. Kapitalen ihesa gorabehera, pentsatzekoa da Katalunia bezalako herri batentzat finantza merkatuetako dirua egonen dela.

Hala ere, estatu espainiarrarekiko negoziaketen emaitza gakoa izanen delakoan gaude. Denbora kontua izateaz gain, brexit-aren erabakiarekin gertatzen ari dena ikusita, trantsizioan zehar bi herriek haien arteko harremanetan aplikatu beharko luketen corpus juridikoa ez da egun batetik bertzera zehazten. Erresuma Batuaren kasuan bezala, aurrez adostutako itun sozioekonomiko argirik gabe egindako hautuen ondorio ekonomikoak berak bilakatu dira arazoaren osagai, arazo politikoari diruaren hotsa erantsiz. Rajoyren gobernuak afera honetan izan duen jarrera eta hartu dituen erabakiak, istiluen kontrako indar polizialek bozketa batean parte hartu nahi zutenak jotzeko agindua tartean, ez dira inolaz ere lagungarriak, eta merkatuen mesfidantza eta urduritasuna indartzen ari dira.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan