miren artetxe

Kanpoko nahiz barruko gakoak

2014-05-14 Bloga

Euskaltasunaren norabidean eta euskalgintzaren lanean bertan Euskal Herrian indar politikoen arteko lehia eta eragina oso handia dela bistakoa da, baita bi familia abertzale handien arteko aspaldiko lehiak euskalgintzan eragin duela ere. Liburuan argi eta askotan esaten da hori, eta egoeraren eta gertatutakoen irakurketan pisu handia hartu du, gehiegizkoa akaso. Euskalgintzak ere, euskaltzaleek, badituzte beste klabe batzuk, klabe propioak, eta onartuz gero, Jonek aipatzen duen moduan, ziur asko indar politikoen arteko lehiazko panorama hori ez dela epe motzean asko aldatuko, are garrantzitsuagoa da klabe propio horiek bilatzea eta lantzea, horietatik etor baitaiteke euskaltasunaren eta euskalgintzaren indartzea. Esaten ari garen hau erretorika hutsa izan ez dadin, euskaltasunaren eta euskalgintzaren barruko balizko gako horietako batzuk aipatuko ditugu, nahas-mahas bada ere:

Euskaltzaleen motibazio pertsonalak eta emozioen kudeaketa, gizartearen korronte nagusiekiko loturak, militantziaren kontzeptua eta militantzia ereduak, gure psikologia soziala, helburu posible gisa zer hautematen dugun, helburu estrategikoa adostu gabe edukitzea, erdaldunekiko komunikazioa, ezagutza eta paradigma ekologikotik argudiatzeko gaitasuna, dedikazioa, ideologia linguistikoa, zuzenzaletasuna eta zuzenkeria, hizkuntza normalizazioaren ikuspegi normatiboa eta hizkuntza komunitatearen ideia, eztabaida teoriko askoren zehaztasunik eza… Zerrenda luza liteke, jakina. Horiek guztiek badute, gure ustez, euskalgintzaren jardunean eragina, ez nolanahikoa, eta ez dira kokatzen indar politikoen arteko lehia horren logika hutsean. Euskalgintza beregaina aldarrikatzen du Jonek, bat gatoz gu horrekin, baina beregainagoa izanen da, ustez, bere buruari gehiago begiratu eta alderdien lehia politikoaren –ez polistikaren– gorabeherei gutxiago begiratuz gero. Hori guztia, bide batez esanda, euskarak eta politikak zerikusirik ez dutelako ustean erori gabe.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan