Jakin

2023-10-18 Bloga

«Itxasoa beti gañezka-naian dabil. Baño beti gelditzen da bere esparruan, arkaitz zakarri zartakoa edo ondartz gaxoari muxu eman dioneko». Halaxe hasten da Yakin aldizkariaren lehen zenbakia, lehenengo artikuluari ‘Loyola’ko San Iñazio, Loyola’koa’ izenburua jarrita. Irakurle jatorrari «itz bi besterik ez, baña auetxek ondo esandakoak» egin nahi, eta aldizkariaren helburu, asmo edo nahia hauxe du: «elkarri lagunduz gure euskera jatorra jakintza-soineko janztea». «Soineko onek nolakoa bear dun, ordea, bi eztabaida dauzkagu: mordollozaleak eta garbi-zaleak». Mordollozaleak mordoa beharko direla garbi dago, eta garbi-zaleek gaur egun, seguraski, soinekoaz hitz egitea ez lukete ontzat joko. Hasiera hartatik pasa dira hirurogeita zazpi udazken, eta, hatxeak eta eñeak gorabehera, berdin-berdin eskribitu nezakeen.

Yakin-en lehen zenbakietan Kierkegaard eta Txirrita azaltzen dira parez pare, eta bien ala bien berri izateak zerbaitetarako balio zuelako konbentzimendu itsua.

Yakin-en 1960ko hamahirugarren zenbakian topatu dudanak ere balio dit:

Ustea erdi…?
Yakin’larien artean asmo bikain ta pozgarri bat jaio da: Filosofi-kondaira bat idaztea. Erabaki onek, ordea, ba-du alako zerbait…
Gazteok ba-daukagu oraindik Euskalerriagan itxaropenik, bai ta bai; baiña zertarako ta norentzat idatzi onelakorik? […]
Zertarako, ordea, onelako lanik? Zertarako? Utikan galdera oiek! Ikusia dago, ba: bizi gaitezen, nolabait bizi gaitezen!

Eta ez dago bestelako arrazoi edo segidarik; zertarako arrazoiak, nolabait bizitzeko nahikoa komeria izanda!

Hezkuntza zentroetan kultura egotea nahi baduzu, kulturarekiko kezka eta gogoeta ezinbestean egon beharko da. Forma ezberdinetan, noski, baina hezkuntzaren eremuak sektore gisa pentsatzeari utzi eta kultur agenteen eragin lekutzat hartzea ezinbestekoa iruditzen zait.

Bada ez, arrazoiak ere behar dira, bada. Ez arrazoi betiereko edo aldagaitzak, garai batean «amen»-ez eta gaur egun «ba nire ustez horrela da» esanda zigilatzen direnak. Ez, arrazoiak behar ditugu, besterik gabe, nolabait bizi gaitezen. Arrazoirik ezean, denok dugu esateko zerbait, pentsatzeko eskubidea, eta, tarteka, entzunak izatekoa. Azurmendi’tar Jose Arantzazu’koak «zerbait esangarri duen nornairi» irekitzen zion Yakin-en atea, eta gehitu: «ia prakadunen laguntzarekin sakristi usai pixkat bat garbitzen diogun».

Jakitea oso lotua egon da sakristiarekin, barruarekin, irakurtzearekin, bakarrik egotearekin. Baina, soinekoak usaina hartzeko, ez da aski sakristian ibiltzearekin; egon egin behar da, denbora pasa, atzo eta bihar, egon eta egon. Eta prakak ibiltzeko diseinatu zituzten, eta elkarren artean berdinak egin. Yakin-en lehen zenbakietan Kierkegaard eta Txirrita azaltzen dira parez pare, eta bien ala bien berri izateak zerbaitetarako balio zuelako konbentzimendu itsua. Orain ez hainbeste kulturak sozialki ‘gora’ egiteko bide eman ziezazukeen, kapitala zuen, eta gerora irabaziak ekarriko zizkizun prestigio komun bat. Gaur egun ez dut uste horrela pentsatzen dugunik, eta ez da belaunaldi kontua, garai kontua baizik –uste dut gaur egun garaien arteko desberdintasunez hitz egitea aproposagoa dela belaunaldien artekoez aritzea baino–. Ez, gaur egun ez dugu uste Garazi Arrula irakurtzeak eskolak emateko lagunduko digunik, edo bankuko eragiketak egiteko, edo tailerreko hamaiketakoetarako. Bai zera. Baina, era berean, badu oraindik orain bere kapitala Durangoko Azokarako bueltak, Argia-ko errefuxiatuen larruzko poltsak, inork irakurriko ez duen tesi batek, bertsolaria izateak. Bestela, ez nengoke ni hemen. Eta hori ere egia da. Euskal kulturak baduela kapital bat, baduela bereizteko nahi bat, batzuetan goraxeago iristekoa ere bai, eta halako egiak ere garaiz aitortzea komeni.

Irailak hezkuntzaren egutegira ikasturte berri bat dakar berarekin. Ikasle andanak hasiko du bere bizitzaren norabidea itxuraz erabakiko duen karrera profesionala. Adimen artifizialak ia badu bere gradua Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gradu bikoitzak ondroso azaltzen dituzte. Eta gure tertuliak emankor eta oparoak izan badaitezke ere, hezkuntza zentroetan kultura egotea nahi baduzu, kulturarekiko kezka eta gogoeta ezinbestean egon beharko da. Forma ezberdinetan, noski, baina hezkuntzaren eremuak sektore gisa pentsatzeari utzi eta kultur agenteen eragin lekutzat hartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Txuma Lasagabasterrek, Jakin-en 1985eko 37. zenbakian, euskal teatroaren azterketan, galdera tematia egiten zuen: ez al litzateke unibertsitatea halako erreflexio baterako tokirik egokiena?

Ez dakit unibertsitatea tokirik egokiena den, baina toki egokia badela konbentzituta nago, eta Laura Mintegik aldizkari honetan 1994an intelektualari eskatzen ziona eskatzen dut nik ere:

errealitatetik hurbil egonik, unean uneko gertaerak aztertzen eta baloratzen jakin dezala, beren lekuan kokatuz eta egoera orokorrean txertatuz. Izpiritu kritikoa eta positiboa adierazi behar luke, inkonformista boterearekiko, ulerkor ahulenarekiko, konprometiturik norbere ideiekin beri ere. Intelektualari gertaera sozialekiko sentsibilitatea eskatu behar zaio, eta gorabehera politikoekiko ezagutza ahalik eta zabalena.

Eta intelektualari eskatzen diot transmititu dezala, ezagutza hori zabaldu dezala, ‘dibulgatu’ ditxosozko hitza utzi eta eskain diezaiola besteari. Eta hor ere transmisioan zenbat gorabehera.

Aurreko batean leitu nuen, Bigarren Hezkuntzako ikasleei egindako ikerketa baten karira, ikasleen erdiek baino gehiagok ez dakitela zein lanbide duten euren guraso edo tutoretzapekoak. Kontua ez da ‘euskal kulturaren afera’; bizitzeko moduez, izateko moduez kezkatzen gara, amorratu eta sutu, sutu apasionatzeraino –ez dut oraino topatu apasionatu ordeztu dezakeen hitzik–. Ez dezagula ahaztu gure miseriak desiratzen ditugun kontuak direla.

Hori da, izan, artearen akabuko garaipena: munduak harekiko duen sinesberatasuna. Kulturak jendearengana eta proiektu politiko batera iritsi edo abiatu behar du nire ustez, jendearengana, eta ez artera.

2004ko kulturaren errepasoa pastoralen behatxulotik egitean, Allande Sokarrosek aldizkari honetan zioen ezagutzatik hazten dela begirunea, eta esateko modu ederra iruditzen zait zinez. Akaso, herri honetan, herri guztietan bezala, desberdinen arteko bizikidetza saihetsezina gehiegitan bihurtu nahi izan dugu elkarbizitza, eta, agian, egokiagoa da begiruneaz hitz egitea, elkarri begiratzeko moduez, eta elkarri begiratzen diogun uneez. Noiz ari gara begira besteari? Nora begiratzen dugu musika erderetan sortzea erabakitzen dugunean adibidez, edo nondik begiratzen diegu hurrengo hamarkadara heldu baino lehen kulturaren diziplina esanguratsu bihurtuko diren bideojokoei? Xabier Gantzarainek 2015ean idatzi zuen moduan, gatazka zer den jakin nahi baduzu, galdetu jendeari, irakurri literatura, entzun musika, ikusi pelikulak, joan erakusketetan galtzera.

Gizakia existitzen denetik, bere arazo nagusia identitatearen eta horren formen inguruko galderetan azaldu du. Anjel Lertxundik dotore esan moduan, denon historia kontatzeko nahikoa da esatea jaio ginen, bizitzen hasi besterik ez, eta ordutik hiltzen ari gara. Baina, bestetik, Muriel Rukeyser iparramerikar kulturgileak esan bezala, munduko txokoren batean poesiarik existituko ez balitz, asmatu egingo zuketen, gosea jasanezina izango baitzitzaien. Politikaren pare, kulturak askoren eta askoren parte hartzea behar du ez dadin gutxi batzuen jabetza boteretsu bihurtu, eta zekenki bere buruan soilik interesatua. Joan Mari Torrealdaik sarritan gogorarazi zigun kulturak errespetua eta independentzia behar zuela, ez zegoela politikatik at, baina bai alderdietatik aparte. Hauteskunde osteko udazkena dela antzematen da gurean.

Kolonizatu bat bere hizkuntzaz mintzatzea berez dela ekintza iraultzailea zioen Txillardegik Fanoni keinu eginda, baina ikasi dugu, ikasi, euskaldunak ere badituela, izan ditzakeela, kolonizatzaileen kerak, eta hizkuntzaren erabilerak ez gaituela arazten, berez.

Kulturak errealitateaz hitz egingo du, baina ez da munduaren kopia. Eta hala komeni! Bizi duzun mundu dontsu bakarrarekin nahikoa! Errealitatea ezdeusa da posiblearekin alderatuta. Eta gu mugatuak bezain posibilitatedun izateak gara. Fakirraren ahotsak zioen arteak aukeratuko lukeen amaiera ez duela beti bizitzan hautatzen, gero bizitzak arteak kontatzen diona sinesten duen arren. Hori da, izan, artearen akabuko garaipena: munduak harekiko duen sinesberatasuna. Kulturak jendearengana eta proiektu politiko batera iritsi edo abiatu behar du nire ustez, jendearengana, eta ez artera. Artea da gutxienekoa.

Maria Gonzalez Gorosarri ikerlariak 2010eko zenbaki batean dio euskaraz aritzen garenon komunikazioaren espazioa ez dela euskararena, komunikazioarena baizik. Bueltaka gelditu nintzaion esaldiari, jarraian esaten baitu euskarazko komunikazioaren sorburua kultur ondare euskalduna dela, eta helburua euskaldunok asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzea. Modu horretan hedabideek euskaratik sortutako erreferentzia sistema gizarteratuko dutela, eta euskalduntasunak, muga administratiboak gainditu. Oraindik ere bueltaka jarraitzen dut. Kolonizatu bat bere hizkuntzaz mintzatzea berez dela ekintza iraultzailea zioen Txillardegik Fanoni keinu eginda, baina ikasi dugu, ikasi, euskaldunak ere badituela, izan ditzakeela, kolonizatzaileen kerak, eta hizkuntzaren erabilerak ez gaituela arazten, berez.

Baina jendearengana heltzeak ez du erakartzea esan nahi. Koldo Izagirrek, 2015eko Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer? zenbaki monografikoan, euskararen eskubideez mintzatzerakoan, euskararen erakargarritasun falta zenbatetan azpimarratzen den aipatu zuen:

Euskarak erakarri egin behar duela esaten digutenak tendentzia sozialak estetika bidez aldatu nahi luketen inozoak, edo inozotzat hartzen gaituzten bizkorrak bezala ikusten ditut: surrealistak ez ziren horrenbesteraino ausartu!
Zein da, halakorik balu, gaztelaniaren estetika? Zein euskararena?
[…]
Egoera kolektibo bati, arazo sozial bati zor zaion irtenbidea arazo pertsonala bihurtzeko amarrua da erakargarritasuna.

Erdaren estetikak, esan gabe doa, boterearekin du zerikusia. Eta pixka bat hobeto ulertu dugu botereak nola gurutzatzen dituen generoa, umorea, maitasuna, utopia, kontsumoa. Eta problema zaharrek segitzen dute berritzen problema izateari utzi gabe. Nire lehen artikuluaren izenburuari buelta eta buelta aritu nintzen, eta, halako lehen munduko buruhausteen ohiko amaiera sinple gisa, halaxe jarri nion: nola gehitu suari sua. Ari garen honetaz aritzeko, gaurkoz, ez zait aproposagorik okurritzen. Ez da nirea. Nola bada. Itxasoa beti gainezka nahian, eta gu suari sua gehitzen.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan