miren artetxe

Izotz-ura kolkotik

2018-05-04 Bloga

Kulturan ez da dena letra. Kultura bat ezin da izan huts-hutsik letrazko. Zenbakiek ere badute zer esana; batez ere, letrek ez bezala, iheserako zirrikiturik uzten ez dutenean. Estatistikei eta grafikoei begira aritu gara, bada, urtearen aldi honetan, Elkar fundazioak eta Siadeco ikerketa elkarteak martxo erdialdean aurkeztu zuten inkestaren ondotik. Gordin erretratatu dute zein dugun gaur-gaurkoz panorama. Hauxe zifren hoztasuna: 200.000 pertsonengana ez da iristen euskarazko kultur lanen kontsumoa, eta, muin-muinean 40.000 lagunek osatzen dute nukleoa, euskaldunen %5ek.

Euskaldunen erdiak baino gehiagok ez du euskal kultura kontsumitzen. Ez da egon sorpresarik, baina zifrak izotz-ura kolkotik behera nola erori dira berdin-berdin. Berehala ikusi ditugu aurpegiak ehunekoak dauden lekuan. Pixka bat honetan dabilenak badaki hainbeste. Baina, bidenabar, iruditu zait euskarazko kultura kontsumitzen ez duen euskaldunak ez duela horren pertzepziorik hainbeste. Inkestak ere erakusten du euskaldunen artetik gehiengoak euskarazko kulturgintzaren aldeko jarrera duela, baina hortik praktikara amildegi bat irekitzen da, eta hor jokatzen da partida.

Ehun lagunetik 28 dira euskaldunak Euskal Herrian, gutxiengo bat. Bada, horien kultur bizitzetan ere ez da inondik hegemonikoa euskara. Badator zifra zaparrada, goitik behera:

  • %47,1 kontzertuak. Azken urtean euskarazko kontzerturen batera joandako euskaldunek hartzen dute grafikoetan puskarik handiena. Gertu dago kopurua ekuatoretik, baina ez da iristen; alegia, bi euskaldunetik bat baino gutxiago joaten da urtean euskarazko kontzertu bakar batera. Horien artean, 16-25 urte artekoak dira gehien joaten direnak, eta 35-44 urte artekoak ondoren.
  • %42 telebista. Euskaldunen erdiarengana iristetik nahiko gertu geratzen da euskarazko telebistaren kontsumoa ere. Eta, alta, euskaldunen erdiak izatetik gertuago daude euskarazko telebistarik kontsumitzen ez dutenak (%48).
  • %29,7 diskoak. Jauzi nahiko handiz dator hurrengo datua: hamar euskaldunetik ia-ia hiruk erosten dute euskarazko diskoren bat urtean. Euskaldunen gehiengoak (%59,7) ez du erosten diskorik gaur egun, eta hamarretik batek erosten ditu erdaretako lanak.
  • %22,9 liburuak. Zenbaki baxutan gaude irakurketara heltzerako. Laurden baten azpitik dago euskarazko liburuak ohituraz irakurtzen dituzten euskaldunen neurria. Kontrara, ohituraz erdarazko testuak irakurtzen dituzten euskaldunak erdiak baino gehiago dira (%53,5). Alor honetan, euskarazko libururik irakurtzen ez duen euskaldunen zifra altua da nabarmenena, %57,7.
  • %20,6 prentsa. Euskarazko paperezko hedabideen kontsumoa ez da iristen euskaldunen laurdenera. Prentsa kontsumitzen ez dutenen kopurua ere esanguratsua da (%19,3), baina prentsa irakurtzekotan, euskarazkoaren aldean, ia hiru bider gehiago dira erdarazko prentsa kontsumitzen duten euskaldunak (%58,8).

Zenbakien zaku horretatik azterketa mamitsua atera zuen Berria egunkariak aste bira. Tamainaren aurrean goiburupean, euskarazko papergintzaren tontor bat ageri zen azalean, ispilu baten aurrean. Ispilua arrakalatu arte galdetu diogu geure buruari zenbat garen, eta aldaketa garaia bada bizi dugun hau, honek behar du galdera aldatzeko garaia. Olatz Osa Elkarreko editoreak jo du ituan:

Prest gaude, nahi dugu euskal kultura periferiatik ateratzea, egungo prekaritatea iraultzea eta lehentasunezko jarduera bilakatzea? Benetan nahi dugu kulturan ardaztutako jendarte bat? Onartuko dugu ikuspegi kritikoa garatuko duen jendarte hezi eta ahaldundu bat?

Izotz-urak ernatzeko balio dezake, hori ere egia da. Eta egia da, halaber, ernatze kolektibo bat irudikatzea gaur nahasiegia dela. Abiapuntu bat. Hori iradoki dute soziologoek; euskaldun gehiago dagoelako egun, eta ñabardurak ñabardura eta arriskuak arrisku, irabazteko eremua zabaldu delako. Garikoitz Goikoetxea kazetariak honela jaso zituen Kike Amonarrizen hitzak:

Kontuan izanik euskaraz dakien jende asko guztiz ingurune erdaldunetan bizi dela eta ia harremanik ez duela euskararekin, kontuan izanik askok ez duela apenas irakurtzen, euskarazko kultur ekoizpenaren sustapena mugatua dela eta erdarazkoak askoz bozgorailu mediatiko handiagoak dituela, eta kontuan izanik euskaldun gehienei errazago zaiela erdaraz irakurtzea, kopuru hori lorpen handitzat joko nuke. Eta horrekin batera esango nuke euskarazko irakurleen kopurua handitzeko aukera handia dagoela.

Mikatzagoa da sortzaileen ahotatik datorren diskurtsoa, oro har. Ezer gutxi dut eransteko haien esanei, eta hona Amagoia Gurrutxaga kazetariak bildutako zenbait:

Garazi Arrula: «Gauza bat da negarrik ez egitea eta beste bat maila berean hartzea kultur hegemoniko baten eta hegemonikoa ez den beste baten indarrak. Gure benetako neurria onartu eta hiztun eta hartzaile kopuruak iraultzera jo behar dugu. Geldirik egoteak, gure egoeran, atzera egitea erran nahi du, eta gure egoerara egokitutako kultur politikak, hizkuntz politikak behar ditugu».

Ramon Saizarbitoria: «Gure ahuleziak erakusten baditugu, beldur gara ez ote diguten esango ea zertarako hainbeste esfortzu eta laguntza; gure ahulezia erakusten ez badugu, baina, ez dugu laguntzarik jasoko. […] Egia da duela 40 urte ez bezalako euskaldun kopurua dagoela Euskal Herrian; egia da ere, baina, duela 40 urte aurreikusitako egoerara ez garela iritsi»

Bernardo Atxaga: «Bistan da Euskal Herrian bigarren alfabetatze kanpaina behar dela. Eta horrek hasi behar luke, nor bagara, datorren urtean. […] Antzerkiak, irakurraldiak eta beste egin behar dira. Orain, XXI. mendera ekarri behar dira zuzenekoak».

Garbine Ubeda: «Euskarak diskriminatu egiten duela sinetsi dugu eta, beraz, euskara noranahikoa gutxi batzuen kontua dela. […] Euskal kultur produktuak eta euskaraz sustatzeari 10etik 8ko puntuazioa eman dio jendeak. Inkesta berean, euskal produktuak oro har zailak eta interesik gabekoak dira. Ez da dena galdua. […] Siadecoren azterketa norbanakoaren kontsumismotik dago planteatuta, eta ez da pasiboki irakurtzen edo entzuten dena kontuan hartzen. Eta hor dago gakoa, nire ustez. Etengabe ari baikara irakurtzen eta, zer esanik ez, entzuten. […] Nonahi dago musika jarrita. Gehienetan, ozen. Beti da erdaraz. Beti da estilo jakin batekoa. Eta horrek eskola sortzen du, paisaia antzaldatzen du, normala eta ohikoa zer den definitzen du, eta, ondorioz, zer den normaletik kanpokoa, salbuespena, politikoa. […] Etengabe bilaketan aritu behar du [euskaldunak]. Askotan, ez aurkitzeko. Euskaldunak ez du alfer izateko eskubiderik».

Euskal kulturgintzaren egituretan jazotzen ari den belaunaldi aldaketa eta horrek, ezinbestean, dakarren mugimendua gehitu zuen eztabaidara Nekane Goikoetxeak, Mondragon Unibertsitateko irakasleak:

60ko hamarkadan lehenik eta 80koan bigarrenik eraikitako egiturak lideratzen ari zen belaunaldia erretiratzen hasia edota erretiratua da. Gizartetik sortutako enpresetan, Jaurlaritzako sailetan, udal askotako bulegoetan, hedabideetan, ikastoletan, argitaletxeetan, euskal girotze barnetegietan, kultur elkarteetan ‘gure esku dago’ filosofia praktikatu duen jende-multzoa badoa. Honaino ekarri dute eguneroko artea, bistan denez dena ez dagoelako gure esku.

Hamarkada horietan eraikitako kultur mundua da guri iritsi zaiguna. Eta, antza, eraikitze horren osteko sendotze bide aldapatsua da gaur zapaltzen duguna.

Mirariak gugan daude

«Kontzertu hau bada mirari txiki bat». Azkenengo asteek ere utzi digute oso bestelako titularrik. BEC Bilbao Exhibition Centerren gaude, Berri Txarrak, Nafarroatik. Euskal kulturaren aje eta neke guztiak kolpetik desegin, eta hori berori festaren parte bilakatu zela zirudien. «Guk infra-tik begiratzen dugu mundua; azpitik. Horrelako gau berezi eta makroa, gorroto dut hitz hori, baina halako gau makroa antolatu ahal izatea bada mirari txiki bat», zioen Gorka Urbizuk.

Kontsumitzaile faltaren beste muturra da Berri Txarrak gurean. Azken diskoekin bi, hiru, lau gau jarraian bete dituzte Euskal Herriko aretoak. Oraingoan, gau denak batean konprimatu, eta han ginen 10.300 lagun. Belaunaldi bat baino gehiago, euskaldun asko dantzan, eta gure arteko bati barrutik atera zitzaion benetan kristona iruditzen zaiola euskal talde batek hainbeste jende batu ahal izatea. Gehienok ez genuen, nolabait esan, lorpen baten gorputzaldirik, eta gainera benetan kristona sentitze horrek ez dakit bene-benetan zer ezkutatzen duen. Zenbaki handien bila hasi ginen gure kultur memoria errenetan: Bertso Txapelketa Nagusiko finalak, Durangoko Azoka, eta hor planto. Gero, biharamunean, txio batean irakurri genuen Negu Gorriakekoek 30.000 lagun bildu zituztela azken hiru kontzertuetan. 2001. urtea zen, eta gurasoen zangoetara loturik genbiltzan gu. Baina zerbait gertatzen ari zen orduan ere.

Kontua ez da zenbatetan izango garen 10.000, noiz berriz 30.000. Kontua gehiago da erreal bezain irreal bizi ditugula une horiek; oasikoak, parentesi artekoak. Ados nago Urbizurekin bizipen horiek normalizazioaren alde egiten dutela dioenean. Ulertzen dut txiki eta periferikoa izatearen «berezko xarmaren» kontra egiten duenean; euskal akuarioan norbait izateaz aparte, itsasoan egon nahi izatea defendatzean; ilusioaren motorra ez herdoiltzekotan, kanpoko mundura atera beharra borrokatzean. Eta hori hala izanik ere, kontua batez ere da antipodetan dagoela BECeko argazkia euskal eszenaren egunerokotik. Demagun, Lauroba. Taldeak hamalau urteko ibilbidea agortutzat jo du, eta aho bizarrik gabe hitz egin du Iker Lauroba taldearen sortzaileak eta abeslariak azken denboretan bizi izandakoaz:

Bageneukan gogoa jarraitzeko, baina gero eta zailtasun gehiago genituen kontzertuak lotzeko. Azken diskoa atera genuenetik bi urte pasatu dira, eta, gure ustez, laster beste disko bat grabatzeko ordua iritsiko zen. Baina 2017an 4 kontzertu bakarrik eman genituen. Zer egin behar genuen: beste disko bat atera, urtean lau kontzertu emateko? Gainera, guk kontzertuetako diruarekin ordaindu izan ditugu beti gastuak: diskoa, bideoklipa, lokala… Disko berria geure poltsikotik ordainduta ere, zer aldatuko zen, hainbeste urteren ondoren?

Beltzak dira zenbakiak, eta, bistan da, hitzak ez dira nahiko zifrak lekualdatzeko. Urteko lehen hiru hilabeteetan 30 diskotik gora eman ditu euskal kulturak, eta, bitartean, mirari txikien zain bizi den kultura da gurea.

Mugak gugan daude kantatzen zuen Beti Muganek. Eta mugak gugan daude, baina baita mirariak ere. Luzea da kultur kontsumoaren soka, eta badakigu euskal kulturaren kontsumoa ez dela zenbakitan beltz dagoen bakarra, baina badakigu, halaber, urka-bilur bihurtzen zaigula guri soka.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan