Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

Itxarongelako elkarrizketak – Shu Otero

2025-06-18 Egunen gurpilean

Irudia: Shu Otero

 

Nola aldatu diren gauzak

Medikuaren itxarongela sozializaziorako espazio deserosoa da. Neutralitatea eta zibismoa exijitzen dituen horietakoa, sintoma eta minen artean nabigatu beharrekoa, gai gatazkatsuak, galdera inbaditzaileak edo gehiegizko partekatzea ekidinez auzokide zein ezezagunekin. Toki zibilizatua, alegia.

Errazena da, azkenaldian behintzat, elkarrizketa osasun-sistemaren egoerara berera bideratzen uztea, hizpide goibela baina kasik edonorekin adostasuna topatzea bermatzen duena, modu ezin naturalagoan gertatzen baita, bertan gauden bakoitzak itxarongela horretara iristeko izan ditugun zailtasunak hain presente ditugun momentu horretan.

Halako hizketa batean topatu nuen nire burua duela aste batzuk, ezagutzen ez nuen auzokide batekin bakarrik geratzean gure aurretik zain zeuden paziente guztiak deituak izan ondoren, zegokien hitzorduarekiko ia bi orduko atzerapenarekin. Musukoa jantzita etorritako bakarrak ginen, eta auzokideak aukera hori sintomekin justifikatzeko beharra sentitu zuen nire aurrean. Ez nago ziur zergatik, nik ere aukera bera egin bainuen; baina, edonola ere, hori izan zen aitzakia hizketan hasteko. Eta zein erraza musukoarekin hasi eta osasungintzaren instituzioen egoerarekin jarraitzea, ia bi orduz gure izena entzuteko zain egon ondoren: nola aldatu diren gauzak, zenbateraino okertu diren, lehen ez zen horrela izaten.

Auzokideak, bat-batean, espero ez nuen jauzi bat eman zuen arrazoiketan, erraztasun osoz, erosotasun osoz, ziurtasun osoz adieraziz, noski, osasun zerbitzuetara arreta bila datozen migratu horien guztien kopuruaren igoerak duela zerbitzuen gainbeheraren erru nagusia. Apur bat tuntunduta utzi ninduen bat-bateko norabide aldaketa horrek, erdi izoztua nabigatzen erraza izango zela espero nuen trukearen okertzearekin.

Egiatan, nire errua da hain ustekabean harrapatu izana; azken finean, bi pertsona zuri ginen gizartearen gaitzei buruz kexaka, eta ongi jakin beharko nuke jada horrelako egoeretan zein ohikoa den (geroz eta gehiago agian?) solaskideak konplizitate zuria, hiritar europar kidearen konplizitatea, espero izatea, erru eta gorroto guztia kanpotik datorren azal ilun edo ilunxeagoko batzuei botatzeko ordua iritsi dela erabakitzen duenean. Erantzun sinplea, begi bistakoa, jakina. Erraza, zibikoa. Nola aldatu diren gauzak, zenbateraino okertu diren, lehen ez zen horrela izaten.

Faxismoak hori du, zibilitatean eztiki itsasten diren erantzun errazak aurkezten trebea dela. Zibilitatea momentuoro faxismoari besoak zabaltzeko irrikitan dagoela lirudike.

Erantzunek zerikusia izan ohi dute errudun gizatxarrak (hau da, gizaki ‘ondo’ izaten ez dakitenak, eta seguruenik ikasi ezin dutenak) identifikatu eta desagerraraztearekin, paretik kentzearekin, ez bada zuzenean existentziatik, modu batean ala bestean.

Bitartean, Nakarrek dioen bezala, elquetiene dauka. Desberdinkeriaren arrakalek zabaltzen eta zabaltzen eta zabaltzen jarraitzen badute, daukanak daukana nola defendatu? Dagokiena baino gehiago hartzen ari diren batzuk badabiltzalako susmoa bideratzeko, tresna paregabea da gure zibilizazio dirdiratsu honek indarkeria ikaragarriz gizaki-tasun zuzen merezidunen klasifikazioen azpitik dabiltzan subklaseak produzitu izana. Badakizue, gu bezalakoak ez direnak. Auzokide ez direnak. Basatiak. Merezi-ez-dutenak.

Desberdinketa horiek ez dute azalpen gehiegiren beharrik; azken finean, arrakala ez al da zibilizazioaren beraren izaeraren eta oparotasunaren neurri? Hala justifikatzen du progresuaren Historia luzeak.

 

Mohenjo-Daroren garaitik

Edo agian ez da hain luzea. Ikuspuntu kontua. Gauza jakina da duela 80 amama neolitikoan bizi ginela. Beno, 81 edo 82 izango dira jada. ‘Filosofiko’ jarriko bagina, zalantzan jar genezake neolitikoan bizi zen hori ea ‘gu’ ginen edo beste zeozer, beste izakiren bat, zeinaren mundua guretzako arrotza den, ulertezina agian. Baina onar dezagun hori oraingoz.

Munduaren garai horietatik bidaiatzen ibili da Argia astekariko denboraren makina maiatz honetan, ‘Desberdinkeriaren jatorriaz’ hausnartzen:

Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa […]. Mohenjo-Daroko datuak adierazten du, komunitate horrek berdintasun maila altuari eutsi ziola Neolitiko iraultzaren ondoren ere, orain arte uste izan dugunaren kontra.

Nagore Irazustabarrena Urangak ikerketa horiek laburbiltzen ditu bere artikuluan, Gini proiektuaren markoan 1.000 aztarnategi inguru aztertu dituzten 11 ikerlanen ondorio batzuk helaraziz. Azterketaren erroa espaziala eta denborazkoa da: kokalekuetako etxebizitzen tamainen arteko alderaketan eta horiek denboran zehar izandako aldaketetan oinarritzen da, hiri zein auzo mailako konparaketetan.

Bi adituren ondorioak azpimarratzen ditu artikuluak. Chicagoko Field museoko antropologo Gary Feinmanek adierazten du aurkikuntzek zalantzan jartzen dutela gizartearen konplexutzeak halabeharrez desberdintasunaren handitzea dakarrelako ustea. Durhameko Unibertsitateko Dan Lawrence arkeologoak enfasi handiagoa jartzen du trantsizio neolitikoaren eta desberdinkeriaren hazkundearen arteko denbora-desfasean:

‘Atzerapen’ horri ez diote oraindik azalpen garbirik eman, baina Lawrencek tradizioaren garrantzia nabarmentzen du: «Ehiztari-biltzaileen komunitateen berdintasunezko arau kulturalek luzaroan eutsi zioten, eta litekeena da horri esker lehen nekazariek berdinketa-mekanismo sendoak izatea desberdinkeriari bidea oztopatzeko».

Nola aldatu diren gauzak, zenbateraino okertu diren, lehen ez zen horrela izaten.

 

Leviathanen hesteak

Atentzioa eman zidan artikuluak, Mohenjo-Darori buruz beste nonbait irakurtzen nenbilelako momentuan. Duela gutxi iritsi zen nire eskuetara (berez, nire pantailara, baina erromantikoagoa da esku artean imajinatzea) Fredy Perlman idazle anarkistaren 1983ko Against His-Story, Against Leviathan! (His-toriaren kontra, Leviathanen kontra!) liburua, zeinetan, ikuspegi poetiko-mitiko batetik, giza historiaren, edo, beste modu batera esanda, dominazioaren historiaren, narrazio eta esanahiak ber-interpretatu eta ber-imajinatzen zituen. Narrazio historiko-politiko-mitologiko horren subjektu dugu Leviathan, giza komunitatearen, biosferaren eta bizitzaren beraren kontsumitzaile den arerioaren izena eta forma, dominazioaren, desberdinkeriaren eta jabetzaren Jainko unibertsalista eta bakarra. Historia da haren istorioa.

Perlmanek mitoen esparrura darama Leviathanen eta Historiaren kontrako borroka. Historiografia, pentsamendu akademiko zein arrunta eta garaiaren razionalitatea bera mitoz josita egonda, berak beste mito batzuk proposatzen ditu horien kontra, zehaztasun ‘historiko’ gehiago ala gutxiagorekin kasuan kasu, baina beti pasio sutsuz.

Borroka mitiko horietako bat dugu Mohenjo-Daro hiriaren hustuketari azalpen bat emateko zailtasun eta gatazka. Historian (letra larriz) aitzindari hain garrantzitsua den Indus haraneko zibilizazioko bi hiri nagusietako bat izanik, garaiko hiririk ‘aurreratuena’ deritzotena, horren gainbehera azaltzeak garrantzi handia du halako giza antolakuntzen inguruan atera ahal ditugun esanahiak eraikitzeko orduan. Hamarkadetan zehar hainbat arkeologo, historialari, hizkuntzalari eta natur zientzialari aritu omen dira hiri miresgarri horren hustuketaren azalpen askotarikoak bilatzen. Orokorrean, erruduna basati talderen baten indarkeria izango dela, edo, bestela, natura bera. Basatiek eta naturak ekartzen dute beti zibilizazioaren gainbehera, jakina da.

Perlmanek guztiei egiten die barre:

Ihesaldi horren xehetasunak ezezagunak izango dira idazkera ezin izango delako deszifratu. Ihesaldi hori misterio bat izango da burmuin Zibilizatuak dituen jendearentzat, eta zergatiak bilatuko dituzte uholdeetan, lehorteetan, inbasioetan, baita ‘mugimendu tektonikoetan’ ere. Zibilizazioaren hesteetatik jendeak inoiz ez lukeela alde egingo konbentzituta dagoenak, ‘mugimendu tektonikoetara’ jo behar du azaltzeko zergatik alde egiten duen jendeak. Baina konbentzituta ez dagoenarentzat, orduan misterioa ez da zergatik egiten duen jendeak alde, baizik eta zergatik gelditzen diren han luzaro barruan.

Arrazoiketa bera aplikatzen dio, besteak beste, hititen inperioaren gainbeherari, «Mohenjo-Daroren patuaren oinordeko» deitzen diena. «Munstroa ebakuatua izan da».

‘Hilen mendiari’ buruzko bi ikuspegiak ontzat hartuko bagenitu, momentu batez, hipotetikoki, mitologikoki, imajina dezakegu antzinako hiri loriatsu bat, zeinetan desberdinkeria erlatiboki baxu hura ere (gero etorriko zenarekin alderatuta behintzat) gehiegizko eta jasanezin bihurtuko zen munstroaren hesteetako biztanleentzat, ehiztari-biltzaileen komunitateen berdintasunezko arau kulturalak hormen bestaldean indartsuago eta biziago jarraitzen zuten bitartean. Mitoei dagokienez, badira kaxkarragoak eta fundamentu gutxiagokoak.

Kontua da ehiztari-biltzaileen komunitateen berdintasunezko arau kulturalak ez daudela jada hormen bestaldean, horma eta asfalto eta pestizida eta errautsen eta abarren azpian ondo lurperatuta daude. Eta arnasten jarraitzen duten tokietan, izan urruneko lurretan ala zibilizazioaren erraietako txoko erdi ezkutuetan, biziraupenerako borroka odoltsuan daude. Leviathan garaikidea ez da hiri bat ezta batzuk ere, inperio bat ezta batzuk ere, ia-ia planetaren osotasunarekin bat egiten du munstroaren gorputzak. Hura hustutzeko moduko ihesaldi bat jasotzeko gai den lurralderik zein komunitaterik berriz inoiz existi daitekeen, hor dago galdera eta koska. Nakarrek dioen bezala, Ta bai, ihes egin, baina nora?

 

Aurrera eta atzera

Medikuaren itxarongela eztabaidarako espazio ezinezkoa da, eta ihesaldi aukerak ere urriak. Baina auzokideak erantzunaren zain jarraitzen du. Nire izozteak, behintzat, lortu du deserosotasuna piztea biongan, ez niregan bakarrik, ez da espero zuen erreakzioa. Hala ere, erantzuna ematea espero da, bizikidetzaren arauak ez daitezen guztiz hautsi. Ez haserrearazi munstroa.

Baina fundamentuz erantzun ahal izateko eman beharreko jauziak ez dira onargarriak elkarrizketa adeitsu zibikoetan, eskarmentuz dakit, arrazakeria eta xenofobia badiren bezala. Eman beharko genituzkeen jauziak itsaslabarretik behera salto egitearen baliokide dira halako trukeetan. Urrutiegi, eta zentzugabeko, ebakuatu beharreko munstrorik susmatzen ez duenarentzat. Beraz, ez ditut aipatuko zabaltzen eta zabaltzen eta zabaltzen diren desberdinkerien arrakalak, ez ehiztari-biltzaileen komunitateen berdintasunezko arau kulturalak, ez Mohenjo-Daroren hustuketaren inguruko mitoak, ez Leviathanen hesteak.

Ez dut aipatuko jende migratu gehienak komunitate sarraskituetako iheslariak direla, Leviathanen hesteetan toki apur bat jasangarriagoa bilatzen. Ez dut aipatuko gurea ere komunitate sarraskitua dela, sarraskigilea den aldi berean. Ez dut aipatuko ihesaldiak bultzatzen dituzten sarraskiei esker lortzen duela elquetienek daukana. Ez dut aipatuko osasun-zerbitzuak ez ezik gure osasuna eta osatzeko gaitasuna ere irensten ari dena Leviathan hori bera dela.

Halako mugaketa eta trabekin korapilatua, fundamentuzko ezer esateko baimenik ez dudala jakinda, elkarrizketatik ihes egiteko modu errazenari heltzen diot. Aurrerakoikeria generiko, bigun eta epela da erresistentzia gutxieneko irteera: pertsona migratuek osasungintzan egiten dituzten ekarpen nabariak gogorarazten dizkiot auzokide arrazista xenofoboari. Ihesbide patetikoa, auzokideak erraz integratzen baitu ekarpena bere munduaren antolakuntza mitikoan: noski, ez da ari lanera etortzen diren migratu txintxo eta produktiboei buruz, baizik eta besteei buruz, lanik egiten ez dutenak, eman gabe hartzen dutenak, merezi ez dutenak. Noski, osasun zerbitzuek merezi duen edonoren esku egon beharko lukete.

Aurrerakoikeriak hori du, faxismoak erraz irensten dituen erantzun errazak aurkezten trebea dela.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan