2020-11-23 Bloga
Puskak biltzen
Badoanak bere ondasun guztiak biltzen dituen antzera, bilduko ditut gaur hemen orain arte esandakoak. Urte bukaera zen hemen aurrenekoz idatzi nuenean, kultur aktualitateari so egiteko enkargupean, eta orduan galdetzen nuena galdetzen dut orain berriro: hazteko zein tarte uzten ari zaigu bizitzen ari garenak?
Nork esango zigun halakorik. Pandemia bat. Ohartu orduko etxekotu duguna. Kolpea ukigarri egin da, eta, hala ere, heldu, segi egin behar, elkar zaindu, grina, haserrea eta nekea ahalik eta ondoen kanalizatzen asmatu. Astrako kideek zabaldu duten moduan: ederrenari eutsi behar.
Ez nintzen oroitzen, eta ez dago ondo nik esatea, baina gustatu zait –gutxitan gertatzen zait, atzo idatzitakoa bihar egoki ikustea– behin hona ekarritako ideia: eten barik berez errez eta ernez doan basoa dela denbora. Jarraitzen dut pentsatzen halako zerbait behar duela izan, eta hor mugitu behar duela batek, horko orbel pila, argi izpi, lore eta enbor erorien artean. Orain bideari segi, orain jausi, orain galdu, orain zutik jarri, etengabe errez eta ernez gu ere.
Eta denboraz ari, betetzear da hamarkada Xabier Lete hil zela.
Poeta, letragilea, musikaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultur diputatua, pentsalaria, existentzialista, gaztea, Ez Dok Amairuko kidea, txalotua, berritzailea, materialista, abertzalea, soziala, kritikoa, gaixo larria, publikoa, aldarrikatua, etxekoa, ezkondua, zigortua, etsia, ahuldua, historikoa, filosofikoa, alarguna, zauritua, argitaratua eta argitaragabea, intimista, ateoa, agnostikoa zein ia-ia kristaua, klasikozalea, saritua, nostalgikoa, sakona, plagiatzailea, intelektuala, hasierakoa, erdikoa eta amaierakoa.
Iñigo Astizek definitu zuen hain xehe ‘Xabier Lete esplikatzea’ erreportajean, Alex Gurrutxagaren doktore tesia aletzerakoan.
Letek euskal letrei eta musikagintzari egindako ekarpena ikertu du Gurrutxagak, haren kantu eta poemak biografia txatalekin zein testuinguruaren bilakaera politikoarekin txirikordatuz, eta modu horretan lau hamarraldi hartzen dituen obra baten egilea erretratatuz, 1968tik 2008ra. Atera duen ondorio nagusietakoa zera da: beti izan zuela bere lan artistikoaren osotasunari buruzko ardura, konpromisoa, orbanak orban. 36ko gerraren etenaren ondotik, euskal kultura modernitatera eraman zuen mugimenduaren ordezkari nabarmena; Franco hil ondoren belaunaldi hark hartutako desengainuak sakon kolpatu zuena; Gipuzkoako Kultur diputatu sartu, gaixotu, eta plaza publikotik aldendu zena; harik eta azkenetan fede erlijioso batera biltzeko saio bat egin arte, itxaropena hor zainduz. Egunsentiaren esku izoztuak horren lekuko.
Orbanak orban, izen handi eta eztabaidaezinetakoa da Leterena. Edo hala dirudi orain, ez baita hain aho batez maitatua izan beti. Eta, hala ere, errespetatua, errekonozitua. Gurrutxagaren esanetan, ordea, ez aski ikertua. Dioenez, Leteren ibilbidea ez zen bakarrik Leterena izan. Garaiko beste hainbat sortzailek eman zituzten antzeko urratsak, Joxanton Artze bera adibide:
Ulertu behar da belaunaldi hartako sortzaileen mundu ikuskerak zer-nolako kolpea hartu zuen. Nola gelditzen diren euskarririk gabe, ikono izatetik erorita eta filosofikoki ere helduleku askorik gabe. Eta kointzidentzia bat baino gehiago dago belaunaldi horretako kideek 90eko hamarkadan sortzen dituzten ildo estetikoen artean. Nahi diote erantzun lehenago bizi izandako krisi eta kolpe horri.
Urtemugak ugalduko ditu orain argitalpenak, omenaldiak, pandemiak uzten dituen zirrikituetan bederen, eta ekarriko du aukerarik Lete izan zena hobeto ezagutu eta irakurketa berrietan sakontzeko. Gurrutxagak liburura ere eraman du ikertutakoa, eta deigarria da Ainhoa Urienek lehen liburua haren obrari segika eman izana: Poesia, zaurietan ukendu. Xabier Leteren arrastoan. Lourdes Iriondo hil zela bost gehiago izango dira, hamabost urte abenduaren 27an. Ez naiz sartuko alderaketan, baina susmo nahiko nabaria da nola jan duen lehenaren itzalak haren izena.
Artzeren heriotzan dinosauroen zilborrez aritu izana oroitu dut orain, eta orduan idatzitakoen artean aurkitu dut: Urrezko garaietan ezagutu ez, eta beti urrezko, beti garenaren oinarrian ulertu ditugu. Eta, hala ere, beti dinosauro. Oroitzen naiz bitarte honetan joaten ikusitako beste hainbatez ere: Marijane Minaberri, Iñigo Muguruza, Jon Lopategi, Jose Luis Zumeta, Inaxi Etxabe, Joan Mari Torrealdai eta oinarria egin duten izen isil gehiago.
Harria eta beruna
Sustoa hartu nuen aurrekoan Anjel Alkain Joan Mari Torrealdairen rola jokatzen ikustean. ETB1en zen, Eitb Kultura programak Sisiforen paperak antzezlanaz egindako aurrerapen piezan. Saio horrekin maiz samar gertatu ohi denez, kasualitatez harrapatu, eta hala izan nuen antzezlanaren berri. Euskaldunon Egunkaria-ren auzian girotutako obra da, eta kazetaritzaren jardunari egindako omenaldia, orobat. Sara Cozar laguntzaile izan duen Fernando Bernues zuzendariak Harkaitz Canori egin zion testua idazteko enkargua. Aktore taldean, berriz, Alkain, Joseba Apaolaza, Iñigo Azpitarte, Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Asier Hormaza, Olaia Gil, Asier Hernandez, Iñaki Rikarte, Alexandru Stanciu, Dorleta Urretabizkaia eta Aizpea Goenaga.
Sisiforen mitoa: harria mendian gora bultzatzen zuen hura, gailurrera heldutakoan jainkoek beherantz jaurtitzeko, berriz hutsetik hastera behartuz. Euskaldunaren maldizioa irudikatzen duelakoan eraman dute antzezlanaren izenburura. Canok azaldu zuen telebistan:
Iruditzen zait, gure kasuan, euskaldungoaren betiko maldizioa dela Sisiforena. Behin eta berriro gauza bat lortzen dugunean, oinarri bat eginda dagoela dirudienean, hizkuntzari dagokionez edo kulturari dagokionez, badirudi arrazoi ezberdinengatik bertan behera etortzen dela, eta berriro belaunaldi bakoitzak hasi behar duela zerotik.
Oihartzun egin didate hitzok hemen esaten joandakoak biltzeko nahi honetan. Sentitu baitut, eta ez behin, eztabaidak itzuli egiten direla, harri bat urrutira jaurti eta bere tokira itzultzen den jostailu goma nola, hurrengo harria jarriko duena heldu, berriz noranahi jaurti, eta hasierako lekura bueltatzeko. Baina ez dut nik esaten: Joxe Azurmendi bati ere maiz entzun izan diogun kontua da, nola bueltatzen diren autogorrotoaren diskurtsoak, handi eta txikien mestizajearen ingurukoak, izate nahi hutsa behin eta berriro justifikatzen aritu beharraren berun hori hankara kateatuta.
Twitterren errepikatu zen aurrekoan. Ane Garciak Rara avis artikuluan idatzi zuen:
Utzi egin behar diogu euskaraz sortutako kultura mirari ukigaitz gisa tratatzeari […]. Eta beste gako bat: geure buruari galdetu beharko digu ea rara avis izateari uzteko prest gauden.
Juan Luis Zabalak tonu etsiz arrapostu:
Ados nago erabat, baina kezkagarria eta tristea, iruditzen zait, oraindik horrela ibili behar izatea, duela 30 urte edo gehiago gaindituak egon behar luketen putzuzuloetan plisti-plasta, eta horrelako artikuluak oraindik beharrezkoak izatea. Eta bai, beharrezkoak dira, tamalez.
Belaunaldi berekotzat dut Garcia –belaunikaldi esaten zuten Itukoek–, eta ez zait hain arrotza halako galderen zama. Mahai gainean zabal ditut orain Siadecok eta Elkarrek egindako merkatu inkesta sonatuan ateratako zenbait zenbaki: laburrean, nola euskaldunen erdiek ez duten hartu-emanik euskal kulturarekin (euskaldunak euskal herritarren %28 direla dio inkestak). Horri begira, badirudi harria gainera datorrela, eta, jendea egin eta egin aritu arren, badakigu koxka zein den, aurrekoek egindako eraikitze lan sendoaren osteko bide aldapatsua.
Garaiaren taupa
Eta zer euskal kulturarekin urteko harreman ia bakarra Durangoko Azokan duten horiekin aurten? Faltan hartuko dute? Digitalki egingo da aurtengoa, eta komunitatearen igurtzia, topaleku izaera eta aurrez aurrekoak duen mugimendu guztia galtzea ekarriko du horrek, barne zein kanpo mugimendua. Urtean zehar ingurumarian dabilenarentzat agian ez da izango galera handia, ez maila pertsonalean, baina hor urteko jardunaren zati handi bat jokatzen dutenek ezingo dute berdina esan.
TaupaDA! lema hartuko du ezohiko edizioak, eta zaila da bihotz sendo osasuntsu bat taupaka irudikatzea gauzak dauden bezala egonda. Ikusgarritasuna horren garesti duen kultura batentzat ez da inongo huskeria halako espazio bat galtzea. Oraingoz urtebetez bada ere. Baina aipatu da aurtengoak agian balio beharko ligukeela deszentralizaziorako bideak jorratzeko, urte zein lurralde guztira luzatuko diren bideak. Miren Narbaiza, Olatz Osa eta Garbiñe Ubedak Amagoia Gurrutxaga kazetariarekin izandako solasaldian atera da ostera gaia. Hurrenez hurren azpimarra bana:
Azokari eutsi egin behar zaio, geure buruari eusteko. […] Musikari gisa, esan behar dut ekitaldi hori behar dudala, urte guztian ez dudalako saltzen Durangon beste. Baina, agian, hauxe da tenorea tokian tokiko gauzak antolatzea pentsatzen hasteko.
Euskal kulturgintza beti egon da bideragarritasunaren atalase horretan justu-justuan, eta nahikoa du kultur kontsumoan beheranzko joera bat egotea edo diru laguntzetan izozte bat, atalase horretatik erori eta proiektuak jausteko. Euskal kulturgintza beti egon izan da zaintza intentsibo batean; euskaltzale eta kulturazale askok zaindu dute, borondatez, musu truk eta baldintza oso kaskarretan. Pandemia honekin, beharbada, kolapsora iritsita gaude. Horrek ezinbestean behar du iraulketa eta berrikuste bat, errotik.
Guk behar duguna zera da, bakarren batzuek ulertzea Euskaraldian-eta indarra egiten den bezala, Kulturaldi bat ere behar dugula. Batez ere, euskaraz sortzen denarekin. Sinistu egin behar dugu hemen sortzen den kulturak egiten gaituela herri, eta hori bizi behar dugula, eta ez kanporako, bertarako baizik, lehenik eta behin. Ezin da kanpoko prestigioan indarra jarri, etxean bertan alboratuta.
Aste batzuk lehenago, Durangoko Plateruena Kafe Antzokia itxi dute, eta beldurra eragin du etor litekeenaren aurrekari bat izango ote den. Bertso txapelketak ere erori dira: Bizkaikoa lehenik, Xilaba gero, eta txapelketa orokorrak ere zaila izango du eusten. Xilabaren kasuan, aipatzekoa da antolatzaileek ohartarazitakoa: hura dela, bertan behera geratu diren libertimendu eta guztiz modu herrikoian antolatutako beste hitzordu bakan batzuekin batera, euskaldungoak Bidasoaz harago duen bilgune bakarretakoa.
Esan dut lehenago ere: jendea egin eta egin ari da, hamaika forma artistikoetatik, lekua egin guran, une honi erantzun guran. Eta hor atzeman daiteke, inon atzematekotan, garaiaren taupa konplexu eta biziena.
Nik bildu dut dena, zirriborratuz joandakoak, kanonaz, genero arrakalaz, geratzen zaigun lurraz, epikarik gabeko egun txikien aroaz, eta garaia ulertzeko ahaleginean jasotako paperak eta ideiak, batari eta besteari maileguan hartuak denak. Hala harilkatzen omen da pentsamendua. Luze jarrai dezala.