Hari eta herri

Ingurune digitala

2017-03-10 Bloga

Metaforak. Bertsolaritzaren herrian, iaioak gara metaforak sortzen. Baina guztiok ez gara bertsolari, guztiok ez gara poeta. Eta horrela, metaforak sortuz, sortuz eta sortuz, gure aukerak sortzen ditugu, baina baita gure mugak ere. Zer esanik ez, metafora horiek gureak ez direnean, hots, gure hizkuntzan, gure kosmobisioaren bidez, gure identitate eta kulturaren bidez, eta beste batzuenak errepikatu edo, are txarrago, haiena den ikuspegia gureganatzen dugunean. Poetek, abeslariek sortutako metafora horiek akademiatik erabiltzean, batzuetan, ordura arte ikusteko eta pentsatzeko gauza ez ginen munduak marraztu ditugu eta, bestetan, boutade hutsak izan dira.

Hona beste metafora bat: «Hari eta herri». Internet –Informazio eta Komunikaziorako Teknologiak (IKT), edo, oker esanda, ‘teknologia berriak’, edo, berriki Maite Goñik aipatu bezala, zuzen esanda, ‘ingurune digitala’– liluraz jaso dugu. Bi bala musika taldeak kantatzen duen moduan, bi bandotako herria da gurea, eta, kasu honetan ere, teknofoboak eta teknofiloak argi lerratu dira. Eztabaida globalak gure egoera lokalera ekarri dira ere: globalizazio garaian Euskal Herria desagertu edo agertuko ote den galdetu izan da. «Bi aukera baizik ez dira: A ala B». Bakarra, gaizki planteatutako galdera. Zero, ditugun alternatibak.

IKTek hainbat aldaketa ekonomiko, politiko, sozial, juridiko edota kultural eragin dituzte, hainbeste ezen IKTak aztertu gabe nekez uler baitaiteke egungo gizarte bat eta nekez eraiki ahal izango baitugu herri bat. Horregatik, Danimarkak ‘enbaxadore digital’ kargua sortu berri du, herri bereko Atzerriko ministroak esan bezala, «Microsoft, Apple edo Googlek herri batzuek bezainbeste eragiten baitiote Danimarkari».

Baina aldaketa hain sakonak eragin dituzten arren, beste aldaketa bat besterik ez da: inprenta edo telebista bezalako aldaketa garrantzitsu bat, baina, azken finean, aldaketa bat. Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuak, ingurune digitalaren aurreko garaian, euskal herriak-hiriak-gizarteak-kulturak-identitateak-hizkuntzak-herritarrak izandako aldaketa sakonak azaldu eta mahai gainean jarri zituen era bikain batean. Adibidez, Internet agertu baino lehen, etorkin langile espainolen immigrazio garaian, mundura irekitzearen duda bazegoen: Gabriel Arestiren kasuan, ‘maketoek’ kutsatu beharrean ‘maketoekin’ eta ‘maketoez’ inguratuta ikasi zuen euskara: «Euskera Bilboko portuan ikasi dut, urdaiazpiko frijitua jaten nuenean».

Internetek eragindako aldaketak, beraz, aurreko aldaketa eta historia jakin batekin gurutzatzen dira. Hori izendatzeko metafora moduan hodeia erabili izan da (izan dut, nik ere): gizarteen gainean dagoen zerbait, materiala ez izateagatik hartu ezin dena. IKTak, ordea, uki daitezke, aztarna ekologiko bat sortzen dute; ez daude gure gainean, gu inguratzen gaituzte, gure baitan ditugu, gure gorputzak zeharkatu dituzte. Zer dira bestela belarrietan jartzen ditugun tramankuluak telefonoa eskuekin ez eusteko? Gorputzean ‘inkorporatu’ ditugun teknologiak dira, hain zuzen ere. Gabriel Arestiren argazki bat daukat parean. Berak ere teknologia inkorporatuta zeukan, hori gabe ezin zuen ikusi, hortik ikusten baitzuen mundua: bere betaurrekoen bidez. IKTek eragindako aldaketak, beraz, aurreko aldaketa eta historia jakin batekin gurutzatzen dira. Denbora daramagu ziborgak izaten.

Herri honetan, ondorioz, hari bat dago: gure historiaren etapa ezberdinak lotzen dituena. Ingurune digitalaren sarean, ondorioz, hari bat dago: pertsona, makina eta gizarte-harreman (esan nahi baita, botere-harreman) guztiak lotzen dituena. Harri eta herri-k, bere gaiari kasu eginez, erresistentzia aldarrikatzen du; gure garaiari kasu eginez, aukerak eta mehatxuak eta berriro ere aukerak ikusiz, eraikuntza aldarrikatu behar dut «Hari eta herri» metaforarekin.

«Oso merke saltzen dira euskaldunaren ustiak»

Twitterren gabiltzanok ondo dakigu esaldi honek zer esan nahi duen: on line-ko sare sozial horretan, Aita Santuari Bibliak zer predikatzen duen edota J.K. Rowling idazleari Harry Potter nobeletako pertsonaien motibazioak azaltzen dizkionik ere bada. Analisto asko eta analista gutxi daude gurean. Eta bai, hori ere genero kontua da.

IKTen inguruan hitzaldiak jaso, egunkari eta aldizkarietako artikuluak irakurri, irratiko tertuliak entzun edota telebistako programak ikusi ditugu. Gai horien inguruko ikerketak, ordea, apenas ezagutzen ditugu, gure herrian ez daudelako. Egoera ikertu gabe erabakiak hartzen ditugu, entzun gabe hitz egiten dugu eta irakurri gabe idazten dugu. Horrela, oinarri gabeko diskurtsoen bidez, gure ikuspegi mugatu eta partzialetik errealitatea performatzen dugu, ezagutzen dugun apurra errealitate bakarra balitz bezala inposatuz.

Horixe bera gertatu zaigu ‘teknologia berriak’ hitza behin eta berriz errepikatzean. Berria? Maialen Lujanbiok abestu bezala, «Hura asmakizuna homo habilisena», gaur egun hain ohikoa izanda jakintzat ematen den teknologia. Sua berria zen bere garaian, sortu diren teknologia guztiak bezala; horregatik, ‘berria’ atzizkia erabiltzeak ez du teknologia horren inguruko informazio gehigarririk ematen, ez du berori definitzen. Noiz arte esango dugu ordenagailua teknologia berria dela?

Perspektiba historikoa izan dezagun. Ez dezagun pentsa gizateriaren gorenean gaudenik, ezta Amerika deskubritu dugunik, eta are gutxiago gazteok ‘natibo digitalak’ garenik. Natiboak lur horretan zeuden pertsonak dira, kasu honetan, pertsona helduak: ordenagailu eta telefono mugikorren tamainak txikitzen ikusi dituztenak, edo foroetatik txatetara eta handik on line-ko sare sozialetara igaro direnak.

Amerika bezala, Internet askatasunaren eta anonimotasunaren espazio gisa irudikatu dugu, nahiz eta gaur egun estatuek herritarrak epaitzen dituzten haien iritzia Twitterren emateagatik: Andeka Juradok duela aste gutxi eta Alfredo Remírezek aste gutxi barru haien iritzi politikoa emateagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean egin edo egingo duten moduan.

Eta dagoeneko, Gabriel Arestiren garaiko

 

Ni naiz
naizena,
eztiot inori aipatuko
nire izena

 

jarrerarekin jarraitzen dugun arren, enpresa pribatu zein estatuek ondo baino hobeto dakite nortzuk garen eta zer nahi dugun.

Horregatik, batetik, hausnarketa sakona egin beharra dugu gizarte zein herri moduan: nola liteke Eusko Jaurlaritzak milioiak eta milioiak Microsoft bezalako enpresa bati ematea publikoa den erakunde baten softwarea garatzeko, egun software librea eta doakoa dagoenean? Izango da, Danimarkak bezala, gai horien inguruan erabakiko duen sailik ez duelako. Eta izango da, gizarte moduan, gure harremanak WhatsApp bezalako enpresa pribatuen baitan izatera ohitu garelako. Edota izango da ere akademiatik enpresa pribatu horien inguruko doktore tesiak egiten ditugulako, FaceGUK kasu.

Bestetik, estatuek Interneten ere duten eragin zuzena azpimarratu beharra dago. Euskal identitatearen eraikuntzaren kasuan

 

Ni ez naiz naizena, bai, naizena, ez
eznaizena.
Ni naiz nirez,
nire borondatez,
naizenaren borondatez eta birtutez,
nire pentsamentuen eta sentimentuen indarrez

 

zeharo aldatu da ere. ‘Haiek’ (atzerriko estatuek, batez ere espainolak eta frantsesak, eta hein handi batean eragin kulturalagatik Ipar Ameriketako Estatu Batuek) ‘gure’ identitatea eraikitzen dute: mugak jartzen dizkigute euskara ez erabiltzeko, euskal herritar gisa ez erregistratzeko edota bi digitudun bukaerak ez izateko (.es edo .fr, kasu). Hori dela eta, gizartetik eta kulturatik irekitzen diren aukerak azpimarratu eta bultzatu behar dira: .eus domeinua sortzea edota plataforma ezberdinak euskaratzea bezalakoak.

Euskara. Interneteko sarean galdu eta nahastuko dela esaten zen, eta oraindik ere bada esaten duenik. Baina euskara, Gabriel Arestik azaldu bezala, aspaldi nahastu zen Bilboko portuko sarean galdu gabe:

 

Tira eta tira,
orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskaraz
ta han erderaz.

 

Berriro ere, ingurune digitala ulertzeko moduan dago gakoa. Internet gezurren espazio gisa ikusi da, irudiak apaintzeko eta identitate faltsuak eraikitzeko espazioa; etxetik irten baino lehen geure buruak apainduko ez bagenitu bezala eta aurrez aurreko harremanetan, koadrilan, gezurrik esango ez bagenu bezala, Arestik

 

Gizonen ahotik ez;
handik eztut egiarik bilatzen

 

idatzi izan ez balu bezala.

Koadrila: hona gure sare soziala. Facebook agertu baino lehen, euskal gizartean bagenuen sare sozial bat; baina gureak ez diren metaforak erabiltzean, hots, gure hizkuntzan, gure kosmobisioaren bidez, gure identitate eta kulturaren bidez, eta beste batzuenak errepikatu edo, are txarrago, haiena den ikuspegia gureganatzen dugunean, gure historia, gizartea eta gizarte-harremanak ukatzen ditugu. Horregatik, on line-ko sare sozialez hitz egin beharra dago, aurrez aurreko sare sozialetatik bereizteko.

Baina Internet orain arte zegoen errealitatearekin lotzeak badu muga bat. «Hari eta herri» metaforaren aplikazioak badu muga bat: lurraldetasuna. Internet ez da leku bat, espazio bat da. Internet izendatzeko «8. lurraldea» metafora literario ederra eta egokia den arren, ez da metafora soziologiko zuzena: Internetek ez duelako lur-alde bat mugatzen; distantzia geografikoak eta muga administratiboak (ez eragin administratiboak) gaindituz, zazpi lurraldeetako eta diasporak osatzen duen zortzigarren lurraldeko euskal herritarrok biltzeko aukera dugulako.

«Beti paratuko naiz gizonaren alde»

Gizona -> Gizakia -> Pertsona -> Subjektua -> Herritarra.

Gabriel Arestik egin bezala, beti bere aldean, beti bere alde.

 

Nire lekua dago
herriaren aldean.

 

Eta, horregatik, ingurune digitalaz hitz egitea askatasunaz, demokraziaz, justizia sozialaz, burujabetzaz hitz egitea dela azpimarratu behar dut.

Facebooken adierazpen askatasuna mugatzen da; herritarrok gure pribatutasuna doan ematen diegu on line-ko sare sozialetako enpresei, haiek sal dezaten; enpresa pribatu nagusien etekinak goraka doaz on line bidezko salerosketengatik; lege berriak sortzen dira Youtubeko zenbait bideo ‘biral’ ez bilakatzeko edo gehiegi ez hedatzeko; genero diskriminazioa areagotzen da memoen ‘memeekin’; baliabide ekonomiko gutxi dituztenak baztertuagoak daude ‘teknologia berria’ erosi ezin dutelako…

Eta gu? Guk irratietan Interneteko espazio ‘birtualean’ (sic) gertatzen dena erreala ote den galdetzen jarraitzen dugu; unibertsitatean IKTak azkarregi aldatzen direnez, ezin direla ikertu diogu. Eta bien bitartean, guk geure burua pentsatu eta definitzen ez dugun bitartean, enpresa pribatuek gu pentsatzen gaituzte eta atzerriko estatuek geure burua definitzen digute.

Hori dela eta, Harri eta herri maisulanaren bidez «Euskera klaro batean» azaltzen saiatu naiz, batetik, orokorrean, ingurune digitalak gizarte batean duen garrantzia; eta, bestetik, zehazki, «Hari eta herri» metaforaren bidez, euskal historia eta herriarekin dituen loturak eta gizartean dituen ondorioak zein irekitzen dituen aukerak eta mehatxuak eta aukerak.

Lan ederra dugu aurretik, gai horiek akademikoki ikertu eta horien inguruan politikoki erabakiak hartzeko, Gabriel Arestiren «Ifar Agirre. Haize Agirre. Hegoi Agirre. Munduko haize guztien agirrean, agirian. Euskal Herria mundu agirre da» poesia mailu izan dadin.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan