2025-05-05 Egunen gurpilean

Xisterak
Duela urte bat pasatxo, margolan bat izan nuen hizpide. Margoak Gu zuen izena eta Elias Salaberria zen egilea. Bulkada batek eraginda bezala begiratzen diet margolanei nik; arte kontutan formaziorik gabekoa naiz… Baina, batzuetan, pintura bat norberaren arretaz jabetzen da, harrapatu egiten zaitu. Orain dela gutxi, berriro gertatu zait. Margolanak gaztelaniazko izenburua zeukan: Los intelectuales de mi aldea, eta 1912 eta 1913 artean margotu zuen Ramon Zubiaurrek. Egia esan, ez dut gogoratzen nola iritsi nintzen horra, baina badakit zerk eman zidan arreta: izenburuak berak. Azken aldi honetan XX. mende hasierako egunkariak irakurtzen ari naiz, eta etengabe ateratzen da aldeano hitza, eta intelectual ere, maiz; baina inoiz ez biak batera. Zenbaitek antonimotzat hartzen zituela esango nuke.
Oso azaleko ikerketa egin nuen. Margoan bost gizon agertzen dira. Hiru lehen planoan, liburu handi batzuekin eta kopa-kapelak buruan. Beste biak bizkarrez daude, baina bietako bat pixka bat jiratuta dago, ikusleari begira. Haiek ere kopa-kapelak daramatzate. Bizkarra ematen digutenek elkarrizketa bizi eta bero batean murgilduak dirudite, eskuen mugimenduagatik. Ikusleari begira dauden beste hirurak ere hizketan ari direla dirudi. Batek begiratu egiten digu, eta liburuko leku bat seinalatzen digu; beste bat entzuten ari da; eta hirugarrenak ere, hatz erakuslea altxatuta, beraiekin hitz egiten du, guri inolako arretarik jarri gabe.
Beno, bada, margo horri buruz irakurritakoaren arabera, margo komiko bat da. Gaur egun horrela irakurtzen da, eta garai hartan ere komikoa edo karikaturatzat ulertu zen, antza. Eta ez dakit zergatik, niretzat goibela baita, eta larria.
Galdera horretatik abiatuta, nire ikerketa txikiarekin jarraitu nuen. Adibidez, gaur egun, Bilboko Arte Ederren Museoaren webgunean, honako hau diote:
Baserritar giroko jantziak dituzte, besteak beste artilezko galtzerdiak eta larruzko abarkak, baina, modu inkongruentean, xisterak dituzte jantzita txapela tradizionalak jantzi beharrean, eta pertsonaia jantziak eta zalantzazko sinesgarritasun intelektuala dutenak balira bezala jokatzen dute, baliozko iritziak trukatzen ariko balira bezala. Ezkerreko bazterrean dagoen gizonezkoa, ikusleari trufaka begiratzen diona, liburu handi bat kontsultatzen ari da, bere baieztapenak indartzeko bermea bilatuko balu bezala; lanaren erdian dagoena, berriz, bere agintea inposatzeko keinuak egiten ari da, beso azpian daraman liburura jo beharrik gabe.
Orduan, beraien aburuz, txapel horiek inkongruenteak dira? Eta trufaka begiratzen dute? Zergatik? Ez daukat batere garbi. Esaterako, Zubiaurreren beste margo batzuetara joz gero, badago bat urte batzuk lehenago margotu zuena, Autoridades de mi aldea izena duena, eta hor ere agertzen dira kopa-kapelak. Zehazki, lau gizon daude, bi txapela jantzita, eta beste biak xistera. Mahai baten inguruan daude, berriro liburu bat eskuan du batek. Museotik plataformaren webgunean honela deskribatzen dute:
Antzerki-pose moduko bat da: bi gizon, xisterarekin mahaian eserita, aurrera begira, atzealdean lantza bati eusten dion gizon bat, eta, alde batean, oilasko bat erretilu batean altxatzen duen neska gazte bat. Gauza bera esan daiteke hondoko planoez. Antzokietan erabiltzen diren oihal apaingarriak dirudite: jai egun bat antzezten dute: txistulariak, erromeria bat, eliza, baserriak, mendiak eta hodeiak.
Oraingoan, ez dakit zergatik, xistera horiek ez dira barregarriak. Izan ere, ematen du alkatea edo agintariak identifikatzeko jantziak direla. Beste proba bat: 1940an, Ramon Zubiaurreren anaia Valentinek Autoridades vascas izeneko margo bat egin zuen. Honela da margoaren deskribapena:
Lanak mahai baten inguruan eserita dauden lau pertsona zahar erakusten ditu; alkandora zuriz eta traje beltzez jantzita daude, geruza marroi lodiz estalita eta kopa-kapela beltzez jantzita. Zaharren bilerak herriaren aginte politikoa ordezkatzen du. Irudi nagusia alkatea izan daiteke, eta arretaz entzuten du bere ezkerrean beste pertsonaia batek egiten duen irakurketa ozen. Eskuinean, jarrera ezberdinetan dauden beste bi irudi, adi entzuten ari dira.
Kopa-kapelak, liburuak, mahaiak…, elementu berdinak, baina barregarri dagoenik ez.
Orduan, zergatik da Los intelectuales de mi aldea barregarria? Intelectual eta aldeano esaldi berean daudelako? Ramon Zubiaurrek, frankismo garaian, izenburu berbera zeukan beste koadro bat margotu zuen. Museotik plataformaren webguneko deskribapena oso soila da:
Eszena kostunbrista. 5 irudi maskulino mahai baten inguruan eserita; 3 aurrez aurre eta 2 bizkarrez, 4 txapelarekin; batek pipan erretzen du, eta beste batek ardo basoari eusten dio eskuinean; liburuak, frutak eta ardo basoak mahai gainean mahai-zapi zuriarekin; bigarren terminoan, zuhaitzak; eta hondoa, mendi eta baserrietako paisaia.
Orain, ez xisterarik, ez barrerik. Baina berriro bost gizon, mahaia, janaria eta liburuak.
Zer da barregarria izatea?
Margo horiek begiratzen ari nintzen, eta, kasualitatez, Museotik plataformaren webgunean beste ‘Zubiaurre’ batekin, beno, egia esan, ‘Zubiaur’ batekin egin nuen topo: Roman Zubiaurrekin, alegia, Martintxu Perugorria ezizenez. 1950eko koadro bat da, baserritar jantziaz dagoen gizon txiki bat agertzen da. Hori ere behatzekin zerbait seinalatzen ari da. Deskripzioan, besteak beste, honako hau esaten da:
Martintxu Perugorria, gramatika espainiarrarekin arazoak zituen euskal baserritarra, zenbait urte geroago haren imitatzaile Txomin del Regatok ospetsu bihurtuko zuenaren estilokoa. Roman de Zubiaur Euskal Herriko hainbat antzokitan aritu izan zen Madrilgo Maravillas antzokian debuta egin aurretik; debuta 1924ko martxoaren 4an izan zen, eta arrakasta handia lortu zuen publikoari eta kritikari dagokienez.
Gure euskal jazz kantari partikularrak arrakasta izan omen zuen Madrilen euskaldunak zein ergelak ziren erakutsiz. Zortzi abizenen pelikularen oinarriak hor daude, antza.
Txantxa arrazista horiek umorezko diskurtsoak monopolizatu zituzten euskal herriko plaza publikoetan, urte askotan. James C. Scottek Domination and the Arts of Resistance (Los dominados y el arte de la resistencia, Txalaparta, 2003) liburuan ondo kontatzen zuen bezala, diskurtso publikoak hegemoniatik egiten diren diskurtsoak dira. Leku publikoetan egiten dira, agerian daude, mundu guztiak ezagutzen ditu, hala goikoek nola behekoek. Gero, besteak daude, diskurtso ezkutuak, horiek dira talde subalternoek beraien artean erabiltzen dituztenak. Diskurtso horiek, ordea, goikoek, agintean daudenek, ez dituzte ezagutzen.
Diskurtso ezkutu hori egiteko, dudarik gabe, oso praktikoa da hegemoniak ezagutzen ez duen hizkuntza erabiltzea. Eta pentsatzen dut hori ere egin ohi dela Euskal Herrian ere, ferietan, etxe barruetan, bertsolarien artean… Agian, garai hartako euskaldunen arteko umorearen erakusleiho bat izan nahi zuen, adibidez, Euskaldun erdalzalea-ren zutabeak, Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkarietan agertu zenak. Beharbada Martintxu Perugorria eta abarren erantzuna izan nahi zuen? Ez dut zutabearen azterketarik egin, baina interesgarria litzateke.
Ibaizabal aldizkaria Ebaristo Bustintzak zuzendu zuen, dena euskaraz. Euskarazko prentsak ez zeukan erraz, eta bi urte bakarrik iraun zuen. Urte batzuk geroago, Bustintza EAJren diziplinara gerturatu zen, eta alderdiaren egunkari ofizialean euskarazko sailaren ardura hartu zuen. Kirikiño ezizena hartuta, diskurtsoetan tonua eta etsaitasun-maila igo zituen. Baina, egunkari horretan, gehiena gaztelaniaz idatzita zegoen, eta ez zegoen ‘euskaldun erdalzaleari’ barre egiteko lekurik; egunkaria bera bazen, neurri batean, ‘euskaldun erdalzaleek’ egindakoa…
Orain, itzul gaitezen koadrora: zer zen, bada, hain barregarria? Diskurtso publikoa zen, euskaldunen kontura barre egiten zuena? Edo agian bada ezkutuko zer edo zer, ikuspegi subalternoa izan ezean ulertzen zaila? Agian intelektual hitzean dago gakoa?
Zer da intelektual bat izatea?
Euskaltzaindiko OEH hiztegira joaten bazarete, ikusiko duzue hitz hori XX. mendearen bigarren erditik aurrera soilik ageri dela; baina ez da egia. Beraz, orain konturatzen ari naiz ez legokeela gaizki aztertzea hitz horri Euskal Herrian zein erabilera ematen zitzaion XX. mendearen hasieran. Adibidez, 1913an –Los intelectuales de mi aldea koadroaren garai berean, alegia–, Euzkadi egunkaria agertu zen urtean, Bustintzak lehenengo hilabetean jada hitz egiten du intelektualari buruz; hain zuzen, ohartxo batean esaten du:
Inteletualak [sic] eztabez irakurriko euzkerazko idazkai onek: deskuidoz iñork irakurriko ba’leuz esango leuke: «Gauza barrijak yakarrezak onek». Nik esango neuskijo: Emen eztogu idazten zu lakoentzat, zu baño apalagoentzat, zu baño jakin-zaliagoentzat. Guztija dakijenentzat emen eztogu ezer idazten.
Urte berean, irailean, gaiari berriro heltzen dio. Oraingoan, zutabe oso bat eskaintzen dio hitzari:
Emen, Bilbao’n bixi dira alkarri begira tentel aldra bat, erderaz intelectuales ixena eurentzat artu ta darabillenak.
Gazbako onek uste dabe adimen edo talento andija daukela, ta gu beste enparau gustijok astakirtenak garala.
Eurak asko dakijela, ija dana, ta guk ezer bere ez.
[…]
Erti edo bellas artes-etan eurak zerbait bai-dirala, ta emen eztakigula ezer, asto andi batzuk garala; emen ezin leitekela bizi ertijetan zalia danik.
[…]
Baña guk igarri egiten dogu ertijetan eztirala ezer; igarten ezta gaitz, benetako ertitarra (artista) eztalako ixango onek diran bazen eretxi arrua; arrokerija darijola dabillan erritarra edo jakintsuba… ut!
[…]
Mutilak, barriketa gitxiago ta ekarri ta irakutsi gauza ona ertijetan; eta ordubantxe ikusiko da atsegin yakun ala ez benetako erti ona.
Atzo bertan, idazten ari naizen artikuluari buruz aritu nintzen hizketan Ibairekin. Sukaldean, afaria prestatzen dugun bitartean, betiko zeremonia txikia daukagu, sukaldeko ateak itxi eta ‘sasi-intelektualen’ gauzatxoez hitz egiten dugu, ahal dugun moduan, gure neurrian –oso ideia argitsua daukazun une horretantxe etortzen da ume bat eta galdetzen du, «zer dago afaltzeko?» edo «badakizu zer gertatu zaidan gaur?», eta zuk, «momentu bat, momentu bat»… ea lortzen duzun hari hori ez galtzea…–. «Zuk ez zenuen asunto honetaz zerbait idatzi?».
Bai, paragrafo bat; baina, azkenean, ez nuen argitaratu. Oteizak 1977an-edo esandako kontu batzuk direla-eta… Eta hementxe daukat Oteizak esan zuena: «Gaur egungo euskal herritarra euskal herritar kaka bat da, dekadentea, eta intelektual euskalduna, are okerragoa. Argi gero!… Esate baterako, zeinek gorde zuen nire aitaren familian euskara? Anaia tontoek, guztiak baserrian. Nire aita irten egin zen, eta euskara galdu zuen». Eta deigarria eta aproposa da intelektual euskaldunaren figura aintzakotzat hartu duenetako bat Oteiza izan dela, parteaz eta kontraparteaz pentsatzera behartzen gaituelako. Partea ‘intelektual euskalduna’ bada, zein ote kontrapartea? Oriotarra euskal herritarroi eta euskaldunoi oharmena fintzen erakutsi digun artista izan da: desokupaturiko espazioaren baitako hutsunearen balioaz jabetzen erakutsi digu. Imajinatzekoa da, beraz, barrenak nahasten zizkion eta ongi asko ezagutzen zuen egiazko zerbait adierazi nahian zebilela: alegia, argi ibiltzeko, gero, Euskal Herriko –eta, zehazki, urmugaz iparralderako– intelektual erdaldunarekin: elitismo probintzianoaren gaitza darama bere baitan, eta okupaziora egokitu beharraren edota nahiaren ordainaren marka, lepagainean.
Epilogoa
Euskaldunak, askotan, pentsamendurako batere baliorik ez duen kultura ez-intelektual eta analfabeto bateko partaide gisa hartu izan direla iruditzen zait. Batzuetan marko hori erosi egin da, eta euskaldunen artean antiintelektualismo mota bat ere aldarrikatu izan da, Kirikiñok bere artikuluetan adierazten duen bezala. Katalunian uste dut ezberdina dela kontua, eta agian horregatik hemengo jarrera horrek harritu egiten nau, eta uste dut kritikagarria dela. Beharbada autodefentsa modu bat da, eta ulergarria izan liteke antiintelektualismo hori; baina XXI. mendean sartuak gara, eta hobe jarrera hori gainditzen hastea.
Adibidez, esango nuke pentsalari afroamerikarren zati handi batek uste duela kultura minorizatuetatik intelektualtasunaren terminoak birdefinitzeko apustua egin behar dela. Angela Davisek blues kantariei buruzko artikuluetan galdetzen du: kantari horiek beren abestietan egindako hausnarketak baliagarriak izan ziren beren herrientzat? Aitzindariak? Horrela bada, ezin al dugu horietaz hitz egin afroamerikar herriaren intelektual gisa? Unibertsitatetik pasatu behar duzue horrela deitzeko? Nork erabakitzen du hori?
Euskaldunen kasuan, esaterako, Bustintza bera idazle bezala da batez ere ezaguna. Haren hizkuntzaren erabilera askotan ikertu izan da, haren ipuinak… Baina zergatik ez dugu pentsalari izendatzen? Zergatik ez dugu ikertzen Kirikiñok euskal pentsamenduari egindako ekarpena, haren testu gehien-gehienek euskaldun egoerari buruz hausnartzen badute? Eta Bizenta Mogel Esoporen alegia itzultzaile izan zen soilik? Ziur? Eta Tene Muxika edo Jose Ariztimuño? Berezko genealogia intelektual bat osatzen ez badugu, kultura hegemonikoek ezartzen dituzten irizpideetatik harago joanez, nire ustez, geure burua gutxitzen dugu.
Hau da, esan dezakegu, esan ahal izan behar dugu, gure herri honetan intelektual onak izan ditugula, eta ez dela txantxa bat.