2019-07-05 Bloga
Zalantzan izan naiz gaia atera edo ez atera, luze doalako, luzeegi, tema. Baina, bada egia nik ere sentitu dudala zirrara, halako kezka, ezerosotasuna, Donostiako Parte Zaharrean Patria grabatzen aritu direneko irudiak ikustean. Eta zergatik ez saiatu azaltzen.
Aurrez diot, ez dut esango jada esan ez denik. Azken artikuluan ere heldu nion gaiari –badut, onartzen dut, obsesio puntu txiki bat fenomenoarekin–, baina soilik ausartu nintzen esaten telesailak lana ekarri diela zenbait euskal aktoreri, hain urri duten hori, eta alde horretatik poztekoa dela, poz mindua izanik ere. Baina horra arte. Tentazioa egon baitaiteke esaten hasteko nola litekeen halako ekoizpen batean parte hartzea, gertuko batek zioen modura, «eurak parte diren kultur sistemaz direnak eta ez direnak zabaldu eta goitik behera kakazten duen produktu bat» denean. Ahopean, telesailean lan egiteari uko egin dioten aktore batzuen izenak ere atera dira, baina hutsalegia litzateke horiek goraipatzea eta besteak zuzenean epaitu gabe baina, azkenean, epaitzen amaitzea.
Obsesio puntu bat dudala onartzeko, aurretik onartu beharko nuke ez dudala Fernando Arambururen eleberria irakurri. Eta konturatu naiz, tema luze doanaren testigu, 2017ko apirila zela Sautrela saioan Mari Jose Olaziregi eta Iban Zaldua batu zirenean; literaturaren eta gatazkaren arteko harremanaz aritzeko, baina, funtsean, Patria harrotzen hasia zen ideia bati heltzeko premiaz, ideia hura gezurtatzeko: euskal letrek ez dutela gatazka landu izan, ez dela aski askatasun izan horretarako. Zalduak ondo zioen bezala, euskal literatura ezagutzen duen edonork ez du zalantzan jartzen hemen auzia landu denik:
Mito hori existitzekotan, existitzen da gaztelaniazko literaturaren alorrean, euskaraz irakurtzen ez duen jendearen alorrean, eta pena da, alde horretatik, Aramburuk berak edo Tusquets-ek ikuspuntu hori, inpresio faltsu hori zabaltzea.
Olaziregik, bestetik, zera esaten zuen:
Patria-ren arrakastak eta batez ere medioetan eta sareetan izan duen oihartzunak erakusten du gaur literatura aztertzeko ezinbestekoa dela literatura hori sortu, jaso eta banatzen den kontestua ikustea.
Eta segitzen zuen:
Nik ere nobela irakurri dut, ez zait gustatu, oso nobela manikeoa delako, planteamendua dagoelako zuriak eta beltzak. Nobelan esaten da, tira, gaiztakeria txikietatik hasten dela txikitan, eta, gero, terrorista bat sortzen dela euskal kontestuan. Esplizituki esaten da euskaraz idazteak badituela bere abantailak, eta ez dagoela askatasunik.
Ibilbide motza du eztabaidak bide horretatik. Aitzitik, beste galdera batek geldiarazi nau: fikzioan, dena da zilegi? Librea behar du arteak, ados; baina haren ondorioez, eragin politikoez –zentzurik zabalenean– noraino sar daiteke kritika?
HBOk, imajinatzen dut, inork baino baliabide hobeak izango ditu Patria milaka pantailatan hedatzeko. Europa zein Amerika zabalean erakutsiko dute, eta jendetzarengana helduko da, Aitor Gabilondo ekoizpenaren gidoilari eta zuzendariak esan bezala. Eta, berriz diot, ez dut nobela irakurri, baina entzundakoak entzunda, beldur naiz ze irudi emango den euskaldunoz etxe horietan guztietan. Irudi deabrutu bat, Urtzi Urkizuri hitza hartuta, telesaila nobelari fidela bazaio. Inpresioa baitut, azkar eta zabar esanda, batzuen begietara oso karikaturizableak garela, eta, muturrera joanda, guk, azkenean, onartu egiten dugula, otzan samar. Sentsazio horiei arrazoiak bilatzen ez zait hain erraza, eta, gainera, zilegi izan daitekeela ere pentsatu izan dut, baina horrek ez du arintzen ardura.
Dena zilegi ote den, beraz. Gogora etorri zait behin Argentinan gertatutakoa: unibertsitatean geunden, Analisia eta kritika deitzen zen ikasgaian, ahal zuen denetan artearen eta politikaren arteko loturez hizketan amaitzen zuen hartan. Juan José Campanellaren El secreto de sus ojos genuen hizpide. Diktadura argentinarraren filmografian titulu kanonikoetako bat. Hala esan zuten behintzat orduan –akordatzen naiz diktadura ateratzen zenean, nola egiten zen isiltasuna gelan. Sentsibilitate handia sumatzen zen hura bizi ez zuten ikaskideen artean; etxeetan, lagun artean, militantzia espazioetan gaia nolabait landua zutela suma zitekeen–. Nik orduan ez nuen filma ezagutzen, baina han zeuden gehienentzako pelikula ukiezin horietako bat zela bistakoa zen. Irakasleak hori baliatu egin zuen zalantza zabaltzeko: zilegi al da diktadura moduko gai batean, zigorra norbanako batek bere esku ezarri zuela erakusten duen film bat egitea, hori gertatu ez zenean? Zer esan nahi du kontakizun hori Argentinako zinemaren historian pelikularik ikusiena bihurtzen denean?
Hor hasten ziren ordura arte ezkontzen zirenak hain ongi ez ezkontzen. Nondik kontatzen den, hori zen barneratu behar genuen lehen gakoa. Hortik aurrera, artea eta politika elkartzen dituen mataza etengabe hasten zen puzten; bibliografia oso bat zain, eta Walter Benjaminen izena letra larriz.
Bitartean, hemen, fikzioaren ekoizpenean herren goaz aurrera. Telebista albo batera utzita, Soinujolearen semea heldu da aretoetara oraintsu. Bernardo Atxagaren nobela Fernando Bernuesek egokitu du zinemarako. Eta heldu berri da Muga deitzen da pausoa ere, Maider Oleagaren filma, Elbira Zipitriaren figura berreskuratu duena.
Euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatu nahi dituen laborategi berri batek ere ekin dio jardunari: 2deok. Donostiako Tabakaleran hartu du lur, eta inbertsio potoloa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sektorearekin elkartuta hartu du forma proiektuak, eta esango nuke berme bat ematen duela horrek. Ikus-entzunezkoak azkar doaz hartuz mundua, eta nekeza da hor leku bat egiten asmatzea. Esperimentazioa jarri dute lehentasun, eta asmo horrek ere ematen du konfiantzarik –besterik litzateke euskal telebistak ere gehixeago probatuko balu–.
Moriartikoak Handia-ren promozio lanetan zebiltzanean, egunkaritik moztu nituen Aitor Arregiren ondorengo berbak aldiro datozkit gogora, eta hemen utziko ditut gaur:
Kultura garestia da, baina are garestiagoa da inkultura. Herri baten historia daukagu kontatzeko: guk egiten ez badugu, beste batzuek egingo dute. Edo ez. Gizarte batek beti ibili behar du antenak irekita, bere historia kontatzeko eta bizi duen garaian egon daitezkeen istorioak kontatzeko, horrek egingo zaituelako, besteak beste, herri edo gizarte.
Legea ez da nahikoa
Maiatzaren hasieran heldu zen beste albiste hau: «Euskal Kultura Ondarearen Legeak ondare immateriala babestuko du». Alegia: komunitatean onartutako praktikak, esamoldeak, ezagutzak eta bestelako jakintzak, baita espazioak ere, kultura ondaretzat hartuko ditu lege berriak, euskal kulturatzat har daitezkeen askotariko arloak barnebilduz; hala nola ahozko tradizioa, ikuskizun arteak, ohitura sozialak, erritualak, eskulangintza…
Nafarroak aurretik egina zuen, eta orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoa batu dira. Aipatzekoa da, poztekoa, proposamenak Eusko Legebiltzarrean lortu duen babesa; alderdi guztiak agertu baitira alde, PPren abstentzioarekin. Baina Ismael Manterolak, beste behin, albistearen azpiak astindu zituen ‘Ondarea: teoriatik praktikara’ artikuluan: berri ona dela –baita ondarearen ideia, kontzeptu historikotik harago, ondare industrialera zabaldu duelako ere–, baina ondareari estu lotutako beste errealitate bat badela gure kaleetan, jabego handien espekulazioarena. Ikusi nahi duenak ez du gehiegi nekatu behar burua horretaz jabetzeko, Donostia bezalako hiri batera joan besterik ez du. Artikuluak gogorarazten du, ondarearen legea onartu zen aste berean, hainbat elkartek ondarea espekulazioaren kontra defendatzeko manifestaziora egin zutela hirian, eta ondarearen parte den Arte Ederrak eraikina gutxika suntsitzeko asmoaz ere ohartarazi duela, berriro, Ancora elkarteak. Kupula eraitsi zuten, eta orain barruko aldea bota nahi duten beldur dira. Bistan da Manterolak dioena: «Legea ez da nahikoa eskubideak eta ondarea babesteko».
Eta, legeaz hasita, su motelean egosten hasia den beste kontu bat ere atera da argitara azken asteotan, oraindik ezer askorik aurreratu ezin badaiteke ere, esperantzaz jaso duguna: Lanartea, Euskararen Langile Autonomoen Intersindikala. Euskaraz ari diren idazle, bertsolari, marrazkilari, aktore eta bestelako langileak bilduko dituen sindikatu bat sortzea da asmoa, prekaritateari mugak jarri eta langile modura dagozkien eskubideak defendatzeko, aitortza profesionala bermatzeko. Hiru helburu zehaztu ditu: euskararen langile autonomoentzat estatus juridiko duin bat adostea, estatu mailako nola autonomietako legediaren barruan; hitza baliatuko duten sektore ekonomikoetan euskararen erabilera exijitzea; eta sektoreen arteko elkartasuna lantzea, bakoitzak bizi dituen gatazkei indar gehiagorekin aurre egiteko.
Aldiro agertu eta desagertzen den puntu bat ere atera du berriz mahai gainera Lanarteak: Euskal Kulturaren Legearen beharra, euskaraz ari diren profesional autonomoen abaro izango dena, eta kulturarentzat beste zentraltasun bat borrokatuko duena.
Baina guk musika
Uda ate joka akordatu orduko, eta beti heltzen da ordu onean; argitasuna, egun luzeak, den bo ra. Sasoiko klasiko bat harekin: festibalak. Iragan berri da lehenetakoa izan ohi den Usopop. Aurten hamar urte bete ditu Sarako jaialdiak, eta, hamarkada betetzeaz batera, agortutzat jo du orain artekoa. Antolatzaileek azaldu dute hasieratik zutela argi pausa bat egingo zutela, sobera erre aurretik. Hori du zerbait irabazi asmorik gabe –diru asmorik gabe– egiteak, norbere energia eta denbora direnean motorra. Txikia izan da hasieratik eta txiki eutsi dio azkenera arte. Argia-k Pantxika Gaicotchea Urricariet eta Joanes Garcia Basurko antolatzaileei iaz egindako elkarrizketan, bere soilean, titularrak esaten du dena: «Festibal asko diruaren logikan dabiltza, baina guk musika maite dugu». Musika maite, rocka baina folka eta popa ere, eta maite bertakoa, bazterrak, harremanak, hizkuntza, ikusten ez dena.
Hego zein Ipar Euskal Herriko jendeak bat egiteko abagunea izan da, zeina, gauzak dauden bezala, gozagarri den. Edonola ere, Hegoaldekoak izan dira maiz bertaratutako gehienak, Usopopen bederen, eta aurpegi luzerik ere ikusi zen horregatik. Antzera gertatu ohi da EHZn ere, Euskal Herriko jaialdietan beteranoenean. Duela bi urte eguraldi kaskarragatik bertan behera geratu, eta iaz Baionan zehar jaialdi nomada antolatu ostean, hiru eguneko festibala izan da aurten berriz, Irisarrin. Nagusiki, euskal taldeekin osatu dute egitaraua, eta, musika eskaintzaz gain, indartuta dator eztabaidarako gunea.
Oso bestelako zimenduekin, BBK Live jaialdiaren kartelak ere hasi dira ugaritzen kalean. Biharamunean, haren segida hartuta, Berri Txarrak ariko da Kobetamendin, hamaika gonbidatu lagun. Zorioneko daude bestela ere: haientzat izan da aurtengo Adarra saria, mende laurdeneko jardunari, urratutako bideei eta izandako lorpenei egin zaien aitortza.
Labainago aritzen da hitza festibalen formetan. Iragan da Literaturiaren aldi berri bat, Zarautzen. Eta hemen jadanik aipatu izan dugun Eako Poesia Egunak ere albiste dira aurten. Xumea, berezia, bakarra izan da Eakoa. Baina ziklo bat agortu da hor ere. Joanak eta itzuliak; ez dago bestela bizitzerik.